euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kepa Junkerak Hego Amerika bisitatuko du, bertako musikariekin jotzeko eta hitzaldiak eta klaseak eskaintzeko helburuarekin

2016/04/28

Kepa Junkerak azaroan bisitatuko du Argentina
Kepa Junkerak azaroan bisitatuko du Argentina

PUBLIZITATEA

Azaroan argentinaratuko da trikitilari bilbotarra, Sorginak taldeko bi abeslari eta perkusionista lagun, eta barrualdeko hirietara bidaiatzeko asmoarekin. Bira antolatze aldera, Kepa Junkeraren produkzio-etxeak musikariaren kontzertu bat egin dezaketen euskal etxeei Euskadiren Argentinako-Mercosur Ordezkaritzarekin kontaktatzea eskatzen diete.

Buenos Aires, Argentina. Euskal musikaren ez ezik, Euskal kulturaren erreferente nagusietako bat den Kepa Junkera berriro ere aurkeztuko da Argentinako eszenatokietan, aurten Sorginak taldeko bi abeslari eta perkusionista lagun (ikusi bideoa hemen). Bidaian zehar, hainbat kontzertu eskainiko ditu musikari euskaldunak eta kontzertuez gain, tokian tokiko musikariekin elkartuko da, eta hitzaldiak eta masterclass-ak eskainiko ditu.

Bira azaroan izango da eta jadanik data bat –Cordobakoa, azaroaren 24an– baieztatuta daukan ibilbidea osatzeko, euskal etxe guztiei zabaltzen zaie gonbitea Argentinako barrualdeko hirietan kontzertuak antolatu ahal izateko. Horretarako, euskal etxeek baldintza batzuk bete behar dituzte, tartean herrietako musikari eta sustatzaileekin harremanak izatea eta hemen zehazten diren behar teknikoak bermatzea. Kontzertuak antolatzeko nahi eta ahal duten euskal etxeek Euskadiren Argentinako-Mercosur Ordezkaritzarekin jarri behar dira kontaktuan bere bitartez Kepa Junkeraren produkzio-etxea harremanetan jartzeko.

Kepa Junkerari dagokionez, gogora dezagun 35 urte baino gehiago daramatzala musikari bilbotarrak trikitixaren soinua lantzen eta zabaltzen. Kritikoen arabera, Trikitixaren historia txiki bat bere azken diskoa, “lan serio eta zorrotza da baina aldi berean atsegina eta apala. Euskal akordeoi diatonikoari buruzko historia bat idazten du, eta bertan azalaratzen dira tresna honekin aitzindari izan diren eta euskal musikan aztarna sakona utzi duten hainbat emakume eta gizon”.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia