euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kandido Saseta gudarien komandantearen gorpua jaioterrira, Hondarribira, itzuli zuten 71 urte beranduago

2008/04/28

Kandido Saseta gudariari omenaldia Hondarribian
Kandido Saseta gudariari omenaldia Hondarribian
Egun hunkigarria izan zen joan den larunbata ehundaka hondarribitar, gudari ohi eta Kandido Sasetaren senitartekoentzat. Horien artean oso bereziki osabaren oroimena omentzera Mexikotik etorri berriak ziren bi hilobentzako. Kandido Saseta 1937an hil zen Asturiaseko frontean, Euzko Gudarostearen buruan borrokatzen ari zela frankotiradore batek tiro egin zionean. Bere gorpuak 71 urte eman zituen toki ezezagun batean lurperatuta, baina herenegun, Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenarekin batera, azkenik etxera ekarri ahal izan zuten.
Kandido Saseta gudarien komandantearen oroimenak omenaldia jaso zuen joan den larunbatean Hondarribian, bere jaioterrian. Ehundaka hondarribitar bildu ziren bertara, eta baita alderdi politiko desberdinetako ordezkariak eta gudari ohiak ere. Biziki hunkituta agertu ziren Sasetaren senitartekoak, horien artean Unai eta Yon de Luisa hilobak, familia erbestean hartu zuen Mexikotik heldu berriak.

Omenaldiaren ardatz gudariaren gorpuzkinak gordetzen zituen kaxa izan zen. Joan den martxoan aurkitu zuen gorpua Aranzadi elkarteko ikerlari talde batek Asturiaseko Areces herriko bide bazter batean lurperatuta beste gudari batzuekin batera. Orain, 71 urte beranduago, Sasetaren gorpua Hondarribira bueltatu ahal izan zuten eta Udaletxean harrera egin zioten omenaldia eskaintzeko. Hizlarien artean Yon de Luisak Sasetaren oroimenak Euskal Herriaren historiarentzat duen garrantzia ekarri zuen gogora, bere gizalege eta bake, askatasun eta demokraziaren aldeko borrokagatik.

Omenaldia Gernikaren ere

Kandido Saseta militarra zen lanbidez eta 1936an nazionalen kolpearen ondoren Gasteizko kuartela utzi eta errepublikarren aldean borrokan hasi zen. Euzko Gudarostearen buru izendatu zuten eta 1937ko otsailean Asturias aldera bidali zuten, Oviedo nazionalengandik askatzeko aginduarekin. Areces herrian erresistentzia gogorra topatu zuten euskal gudarosteek eta Saseta frankotiradore baten tiroak bota zuen, bere gizonen buruan borrokatzen ari zela. Gorputza ezin izan zuten berreskuratu eta nazionalek bide bazter batean lurperatu zuten, beste gudariekin batera. Gorpuzkinek 71 urte pasa zituzten ahaztuta, baina ez ordea Sasetaren oroimenak, familiak eta Sasetaren Aldeko Taldeak eta Ahaztuak 1936-1977 bazalako elkarteek bizirik mantendu dute eta.

Larunbatean, Sasetaren gomuta Gernikaren bonbardaketaren 71. urteurrenean ere izan zen, herri bizkaitarreko udaletxeak Gernika Bake Saria eman baitzion. Gernikan ere jende ugari bildu zen eguerdiko omenaldira, horien artean Sasetaren familia, gudari ohiak eta hildako gudarien senitartekoak, Estepen Urkiaga 'Lauaxeta' poetaren familia (1937an tropa frankistek fusilatu zuten Lauaxeta) eta alderdi desberdinetako politikariak, besteak beste Marian Beitialarrangoitia, Jone Goirizelaia, Kepa Bereziartua, José Luis Elkoro, Juan Mari Atutxa eta Joseba Azkarraga.


Lotura interesgarriak

Sasetaren soslaia, Eduardo Renobales historialariak idatzia
www.gara.net

Ahaztuak 1936-1977 elkartearen bloga
http://ahaztuak1936-1977.blogspot.com

Gernikako bonbadaketari buruzo tarte multimedia
www.eitb24.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia