euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako 'Iparreko Ibarra' Euskal Etxearen piknika eta oroitzapen sentitua goiz joandako Rene Caballerori

2017/12/06

Kaliforniako Roseville-Rocklingo dantzariak
Kaliforniako Roseville-Rocklingo dantzariak

Kalifornia da Estatu Batuetan euskal etxe gehien eta euskal gizatalde handiena duen estatua. Urtero, maiatzean hasita eta urrira arte, euskal etxe eta komunitate horietako bakoitzak bere piknik edo euskal festa egiten du. 2017ko uda joana den momentu honetan, aurtengo azken txanpa honen kronika bidali digu Kaliforniatik Martin Etxamendi ezterenzubiarrak, berak ezin hobekiago menperatzen duen baxenabarrera garbi eta jantzian. Baionako Herrria astekariarekin partekatzen dugun testua.

PUBLIZITATEA

Martin Etxamendi. Kalifornian ere larrazkena heldu eta neguari so ezarri gira. Gure iruzki beroa, ainitz aldiz beroegia, ari zauku eztitzen eta larrazken xoragarri bat etorri zauku, naturalezak bere aldamenak ederki erakusten ditu. Lertsunak eta basa-antzarak heldu zaizkigu iparreko mendietan hotzak hasten dituelarik urte guziz etortzen diren bezala, hemengo luzerna landa zabaletan negu goxo baten iragaiteko esperantzarekin.

Horrekin batean, gure euskal piknikak ere bururatu zauzkigu. Primaderan, maiatzean hasirik, izan da euskal piknik andana bat eskuin eta ezker, gaitzeko euskaldun saldoak elgarretaratzen zituztela. Nik uste denentzat oporren denbora izan dela, bekan ikusten diren adixkideekin denbora goxo zonbaiten iragaiteko, gure izpirituari ere hats hartze bat emanez.

Azken piknika urriaren erditan Rosevillekoa izan da. Ez halako piknik handia bainan bai arras goxoa.

Rosevilleko Piknika

Goizetik musika xapelketa bat izan da bikote andana pollitarekin. Eguerditan bazkaritxo bat eta arratsaldean piknika euskaraz kantatu meza batekin hasi dugu. Mezan ere jendalde pollita bildu da eta denek gogotik kantatu dituzte mezako kantuak euskara garbian. Meza ondoan dantzari taldeak agertu zauzkigu, zonbait arras gaztetxoak, eta erran gabe doa gero gazte andana loriagarri bat ikusi dugula beren aurpegi alegeretan, beren kulturaren ohorea dantzan erakutsi daukutena.

Zer gauza ederra! Zinez gauza ederra! Bigarren edo hirugarren belaunaldi amerikar euskaldunak holako lehiarekin jendeen aitzinean agertzen direlarik, beren baitan senditzen duten nortasun azkar hura beren begietan erakusten dutelarik! Erraiten balute bezala: “Yes, we are basque!” (Bai, Euskaldunak gira!).

Iparreko Ibarra

Rosevilleko Euskal Etxea deitzen da “Iparreko Ibarra” eta hor bada gauza bat merezi duena aipaldi berezia. Euskal Etxe hori hemen sortu euskal emigranteen seme ta alabek muntatua dute. Denboran, San Frantziskon eta hango inguruetan euskaldun ainitzek lana harrapatu zuten eta beren afera bidean ezarri, han berean familiatu, gaitzeko Euskal Etxeak eraikitzen zituztela. Euskal kulturaren sua piztu zuten.

Geroxago heien haurrak eskola onetan ibilirik beren ofizioetarat heldu direlarik eta lanean hasi, ainitzak han berean lagunkatu dira eta familia berri batzuren altxatzen hasi, eta ere orduan ohartu dira San Frantzisko jendez leporaino betea zagola, eta etxeen edo edozoin bizitegiren prezioak azkarki goratzen ari zirela, ez zelakotz gehiago lekurik hango bazterretan.

Orduan familia gazteak batzu bertzen ondotik handik norapait ateratu nahiz hasi ziren lekuz aldatzen eta nola Sacramentotik ekialdera xarmanteko hiri berri batzu ari baitziren eraikitzen, Roseville eta Rocklin, eta jende ainitz herri horietarat heldu eta hor bazen lan ainitz gazteria berri batek gaurko moldean behar dituen gisako lanak harrapatzeko, euskaldun gazte andana pollita ere harat etorri da bizi berri baten moldatzeko.

Beraz, hau da nik erran nahi dutana, herri berri horietarat etorri diren euskaldunak ez dira emigranteak, dira denak emigranteen seme-alabak, amerikar-euskaldunak, eta horiek dute Iparreko Ibarra moldatu orai dela 12 edo 13 urte, aitametarik ezagutu kulturari arras atxikiak direlakotz. Hortako iduritzen zaut ohorezko aipamen bat hartze dutela.

René Caballero gogoan

Gorago aipatu dugun bezala, piknika arras pollita zen aurten ere, bainan arrastirian halako zerbait seriostasun bat bezala senditu da jendeen artean. Jean Flecher-en musika taldea hasi delarik, Rosevilleko bereko atabalari musikaria, René Caballero, etzen hor, lehenago izaiten zuen aurpegi arrallantarekin, deneri irri eginarazteko prest.

René gizon gaztea (aita Ezterenzubikoa zuen), 46 urtekoa, hiru aste lehenago lagundua baiginduen bere azken egoitzara, barkatzen ez duen eritasun tzar batek hartaraturik. René bere egun guzietako bizian arras familiako gizona zen, bere emazteari eta haurreri biziki atxikia. Familiaz biziki fier zen.

Lagunartean, aldiz, gaitzeko arrallanta zen, batean klikan, bertzean dantzaldietako musika taldean, untsa ezagutua zen euskal besta lekuetan. Badu zonbait irri eginarazirik! Nola berriki Flecher-en musikari eta kantari taldeak diska berri bat plazaratu duen, René han zen bere atabalarekin, bederen betirako joan aitzin izan du zoriona berak aspalditik egin nahi zuen diska haren ikusteko eta entzuteko. Plazer hori bederen ukan du.

Ehorzketak biziki kartsuki iragan dira, gaitzeko lagunaldea etortzen zitzaiola azken agurraren emaitera. Meza bururatzean, klikako lagunek, eliza airatzen zutela, ohore eta errespetu eskaini diote. Oroitzapen on bat utzi dauku deneri. Ez adiorik René! Familiak, Rose Marie bere emazteak, Amaia alabak eta Antoni semeak onar ditzatela gure doluminak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia