euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaliforniako Bakersfield-en, bertako euskaldunek euren 'Euskal Besta'ren 39. edizioa ospatu dute asteburuan

2011/06/01

Bakersfieldeko 2011ko Euskal Bestaren afixa
Bakersfieldeko 2011ko Euskal Bestaren afixa
Bakersfield-eko euskal besta, herrian egoitza duen 'Kern County Basque Club'ek antolatuta, bere 39. ediziora heldu da joan den asteburuan. Inguru kaliforniar honetako euskaldunak Bakersfield-eko euskal etxean bildu dira eta bere berdeguneak, pilotalekua eta bestelako aretoak bete dituzte, urtero bezala pilotak leku berezia izan duelarik, Euskal Herritik propio ekarritako pilotariekin, NABO pilota finalekin, Mus txapelketarekin eta jai giroko hamaika dantza eta musika ekitaldiekin. Horren guztiaren aurrekari izan da ostiralean CSUBen (California State University, Bakersfield) egin den Euskal Simposiuma, Boisetik eta Renotik etorritako hizlariekin.

PUBLIZITATEA

Bakersfield, Kalifornia, AEB. California State University, Bakersfield eta Kern County Basque Club lankide gauzatu zen joan den ostiralean Bakerfield-en, CSUBren kanpusean, herri kaliforniar honetako aurtengo Euskal Simposiuma. Idaho eta Nevadatik etorritako bi irakasle izan dira hizlari gonbidatu: Boisetik helduta BSUko (Boise State University) Euskal Ikasketen jarduneko zuzendari den David Lachiondo idahotarra, euskaldunak eta 1936ko Espainiako gerla gai harturik; eta Renotik helduta, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentrotik --bertan urtebeterako baitago EHUtik joana William Douglass izena daraman irakasle edo ikertzaile beka betetzen-- Oskar Alvarez Gila historialaria, kasu honetan euskaldunak eta hedabideak gaiari buruz jarduteko.

Zabalkundea helburu inguru akademikoan eginiko aurrekari honen ondotik, euskal 'markak' Unibertsitatetik Euskal Etxerainoko jauzia eman zuen larunbatean, lekukoa 'Euskal Besta'ri pasaturik. Larunbatean, goizeko zortzietatik hasita, NABOko Pilota Txapelketako finalei ekin zitzaien EEko kantxan, pilota modalitate desberdinetan. Aurtengo txapeldunak David Indart eta Gabriel Dalia ziren.

Bestalde eta pilotatik atera gabe, zale dezente erakarri zituzten Euskal Herritik propio etorritako lau pilotariek jokatutako partidek. Lau pilotariak ziren Xabier Urberuaga (Bizkaiko Aulestikoa), Patxi Larramendi (Nafarroako Eulatekoa), Asier Berasaluze IX (Bizkaiko Berrizkoa), eta Ibai Bengoetxea VII (Leitzako nafarra). Larunbateko partidak zuzenean eskaini ziren internetez. Igande arratsaldean banatu zitzaizkien txapelak eta dominak irabazleei.

Dantza eta musika alorrean, bertako dantzariak eta klika aritu ziren; dantzatzeko musika, berriz, Euskal Herritik etorritako beste talde batek ipini zuen, Luhartz durangarrek hain zuzen, Estatu Batuetako berbenetan jotzen eskarmentu polita daukan taldea, aspalditik baitabiltza uda aldean jotzen Kalifornia, Nevada eta Idahon gehienbat: Renon, Las vegasen, Boisen, Winemmuccan, San Frantziskon, Bakersfield-en, Elkon...

-39. euskal besta honetako berri: hemen
-Luhartz taldearen webgunea: hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia