euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Judas Arrieta hondarribitarrak Txinan sorturiko animazioa eramango du Lleidako Animac'08 Nazioarteko Jaialdira

2008/02/18

Judas Arrieta artista bere lan baten aurrean
Judas Arrieta artista bere lan baten aurrean
Hilaren 25ean hasiko da Lleidan Animac'08 Nazioarteko Animazio Jaialdia eta mundu osoko artistek hitzordua hartuko dute bertan. Partehartzaileen artean euskal talde zabala izango da aurten: Judas Arrieta Txinan eginiko egonaldi luzatik dator 'Cabaret Manga' ikuskizunarekin, Izibene Oñederrak 'Hezurbeltzak' laburmetraia aurkeztuko du eta Xabier Erkizia musikariak Arrietaren performance-an parte hartuko du eta 'Hezurbeltzak'-eko musika ere konposatu du.

PUBLIZITATEA

Kataluniako Animazio Zinemaren Nazioarteko Animac Jaialdiaren hamabigarren edizioa hilaren 25ean hasiko da Lleidan eta martxoaren 2a bitartean luzatuko da. Isabel Herguera donostiarrak zuzentzen duen jaialdiak euskal presentzia nabaria izango du aurten eta munduko 100 artisten proposamenen artean euskal artisten zenbait izango dira ikusgai. Euskal ordezkaritza Judas Arrieta, Xabier Erkizia musikariak eta Izibene Oñederra zuzendariak osatuko dute.

Txinatik zuzenean helduko da Judas Arrieta hondarribitarraren proposamena. Bertan bizi da azken hilabeteotan euskalduna, eta azken erakusketen artean, Shanghaiko Euskal Etxean izan dira ikusgai bere lanak. Ekialdeko kultura eta manga komikiak Arrietaren munduko parte dira, txikitandik Mazinger Z marrazki bizidunek liluratu egin zutenetik. Lilura hori egun margoak, marrazkia, performance-ak eta beste estiloak uztartzen dituen ibilbidean erakusten du.

Judas Arrietaren manga unibertsoa

Arrietak hiru proposamen desberdin aurkeztuko ditu Lleidan. Lehendabizikoa 'Judas Z' izango da, bost metrotako garaiera duen panpin puzgarria, 'gargantua' zaharren eran. Bigarrena zuzenean egingo duen mural bat izango da, 10x2 metrotako zabalera izango duena. Bertan Arrietak Animac jaialdiaren ikuspegi propioa irudikatuko du.

Bukatzeko Arrietak 'Cabaret Manga' izeneko ikuskizuna aurkeztuko du, Xabier Erkizia musikariaren laguntzarekin. 'Cabaret' honetan bideaok, musika, karaokea, performance-a... nahastuko dituzte, manga unibertsoa ardatz hartuta eta ikuslegoaren konplizitatearekin. Egileen asmoa 'ikusleei haurrak zirenean eta telebista aurrean marrazki bizidunak ikusten ogitartekoa jaten zutenean bizi poza berriz ere sentiaraztea' da, artistak berak azaldu duenez.

Artista euskaldun gehiago

Xabier Erkizia musikaria Animaceko beteranoetako bat da, laugarren aldiz parte hartuko du-eta aurten. Erkiziak instalazioak, kontzertuak eta bestelako ekimenak egin ohi ditu, beti ere musika eta soinuaren arteko mugan ikertuz. Aurten Arrietarekin batera aurkezten duen 'Cabaret Manga'-z gain, Izibene Oñederrak jaialdian erakutsiko duen 'Hezurbeltzak' laburmetraiaren soinu bandan ere parte hartu du. Laburmetraia hau Kimuak 2007 katalogoko parte izan da eta Clermont Ferrand 2008 (Frantzia) jaialdian aurkeztu berria da. Animac-en bizi ahal izango den beste euskal zaporedun esperientzia Cucinema ekimena izango da. Cucinema italian garatutako zine eta gastronomia laborategi bat da eta antolatzen duen kolektiboan Erromako Euskal Etxeko Alex Mendizabal kideak parte hartzen du, besteak beste.


Lotura interesgarriak

Animac'08
www.animac.info

Judas Arrietaren lanak Shanghaiko Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 15ean

Suoni Comuni musika jaialdia, Erroman
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko ekainaren 1ean

Associazione Culturale Euskara, Erroma
www.euskara.it


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia