euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Judas Arrieta, Beijing: "Artistak benetako Txina erabat desberdina dela ohartzen dira lehen egunetik"

2011/02/22

Lorea Alfaro artista euskaldunak bere erresidentzian eginiko bi lan (argazkiak Lorea Alfaro)
Lorea Alfaro artista euskaldunak bere erresidentzian eginiko bi lan (argazkiak Lorea Alfaro)
Beijing-en bi hilabeteko egonaldi artistikoak sustatzen dituen 'Goazen Txinara 2011!' programaren bultzatzaile nagusia da Judas Arrieta artista hondarribiarra. 2005eko otsailean heldu zen bera lehen aldiz Txinako hiriburura, hamar egunetarako printzipioz, eta bertan jarraitzen du oraindik ere, hiriak liluratuta. "Segituan konturatu nintzen hemen zeozer berezia gertatzen ari dela", dio. Ziztu bizian aldatzen ari den gizarte honetan milaka urteko historiaren ondarea, iraultza kultural bat eta kapitalismo basatia nahasten dira. Arte sorkuntzarako ingurune bikaina. Arrietak bi euskal sortzaileri esperientzia hau bizitzeko gonbitea egiten dio.

PUBLIZITATEA

Beijing, Txina. Goazen Txinara 201! programak bi euskal sortzaileri Txinako hiriburuan egonaldi artistiko bat egiteko aukera emango dio, aurtengo abuztu eta irailean, eman ere. Judas Arrieta hondarribiarrak sustatzen du ekimena, beste artista batzuek ere berak herrialde honetara iritsi zenean bizi izan zuen esperientzia bizitzeko aukera izan dezaten. "2005eko otsailean ailegatu nintzen, baina ez turismo bidaian, lan bidaian baizik. Internet bidez artista eta erresidentzia batzuekin kontaktua egin nuen eta nire lana ikusi eta gero elkar ikustea proposatu zidaten. Garai hartan koadro bat saltzea lortu nuen eta horrekin Txinara etorri nintzen", diosku Arrietak. "Ez nekien zer aurkituko nuen Txinan.. baina ailegatzerakoan segituan konturatu nintzen hemen zeozer gertatzen ari zela, ez bakarrik arte kontuetan".

Bejing-en euskal artistarik aurkitzen ez zuela eta, Arrietak egonaldi programa bat sustatzea erabaki zuen, Manga Art bere estudioaren eta Eusko Jaurlaritzaren sostenguarekin. Beste sortzaile batzuk berak Txinak bizitako esperientzia artistiko hori bizitzeko aukera izan zezaten, azken finean. "Aurtengoa hirugarren edizioa da eta deialdia artista guztiei irekia da. Egia esan artistek aurkezten dituzten proiektuak interesatzen zaizkigu lehengo eta behin! Proiektuei ematen diegu garrantzia", azaltzen du.

Hamaika artista

Iazko edizioan Juan Aizpitarte, Isabel Herguera eta Aitor Lanjarin izan ziren Txinan. 2009koan Taxio Ardanaz, Lorea Alfaro, Carlos Irijalba eta Jasone Miranda. "Eta 2008-2010 bitartean beste artista batzuk pasa dira Manga Art Studiotik, beste programa batzuekin: Fundación Rodríguez, Laurita Siles, Edurne Gonzalez Ibañez, Miriam Isasi, Unai Requejo... Eta euskaldunak ez direnak ere: Juan Burgos, Carlos T. Mori, Riiko Sakkinen...", aipatzen du Arrietak.

Goazen Txinara Judas Arrieta

[Euskal artistek iazko abuztuan Beijing-en egin zuten erakusketa baten kartela]

Goazen Txinara Judas Arrieta 2

[Euskal eta txinatar artistak elkarlanean; ezkerretik hasita bigarrena, Judas Arrieta da (argazkia J.Arrieta)]

Artistok proiektu mota desberdin ugari gauzatu dituzte: argazkiak, eskultura eta instalazioak, margoak, interbentzio artístikoak... Egonaldiaren fruituak estudioak Beijing-en antolatzen duen talde erakusketan ikusten dira urtero, eta txinatar artistekin izandako hartu-emanek ere artisten ikuspuntua eta sare profesionala aberasten dute. "Interesgarriena artistek bizi duten esperientzia izaten da: komunikazio medioen bidez ezagutzen dugun Txina eta benetako Txina ezberdinak direla ohartzen dira lehenengo egunetik!", baieztatzen du Judasek.

-'Goazen Txinara 2011!' erresidentzia programari buruzko informazioa, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia