euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan Rekarte hil da Euskadin: Venezuelan jaioa, euskaltzale engaiatua eta euskal musika ondarearen biltzaile nekaezina izan zen

2019/05/08

Juan Rekarte Uranga gaur asteazken goizaldean hil da Euskadin.
Juan Rekarte Uranga gaur asteazken goizaldean hil da Euskadin.

PUBLIZITATEA

Aia, Gipuzkoa. "Gaur goizaldean gertatu den bere heriotzak ezustean harrapatu gaitu asko", aipatu digu EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarrik Juan Rekartez galdetu diogunean. "Ez nekien duela sei bat aste minbizia topatu ziotenik, oso ingurukoen artean gorde zuten". "Adiskide ona zen, goitik beherako euskaltzalea eta gure kulturarekin engaiatutako pertsona. Txingurri lana egin du euskal musika ondarea biltzen eta grabatzen. Askotan topatu izan dugu elkar, esaterako Durangoko Azokan edo Sarako Idazkeen Biltzarrean, Pat emaztearekin urtero eusten baitzieten honelako hitzorduei, stand-aren atzean, militanteki, handia eta eska daitekeenatik haratago zihoan engaiamendu eta konpromisoa izan baita gure kulturarekin izan duten harremana, euskal musika ondare klasikoa ikertu, identifikatu eta publikoaren eta adituen eskuetan grabazio moduan ipintzen azkeneko hiru hamarkadetan bere zigilu Ausart Records - Klasikart-en bidez". "Aro digitalak eta disketxeen krisialdiak erdi-erdian harrapatu zuen eta lan are itzelagoa egin zuen egoera berrira egokitzen eta euskaldunoi geure musika ondarearen zati garrantzitsu hau euskarri berrietan helarazten, bokazioa, konpromisoa eta maitasuna bere jardunaren ezaugarri izan baitira", adierazi digu.

"Euskal Herriarekin eta geure kulturarekin zeukan konpromiso hori, Diasporan jaio eta bizi izandako bere ibilbide pertsonaletik bizi zuen. Bere emazte Pat-ek aipatzen zigun Juanek ezin izan zuela apirilaren 27an parte hartu Amaya Zenarutzabeitia buru duen Simon Bolivar elkarteak urtero antolatzen duen euskal-venezuelar bilkuran, aurten Bolibarren bertan, eta sentitu zuela, lagunen bidez arrakastatsua izan zela esan bazioten ere".

"Asko harritu egin ziren azkeneko Bazko astelehenean Sarako Azokan ikusi ez zutenean, Pat-ekin ohi bezala stand-aren atzean", segitzen du Etxarrik, emendatuz "nire kasuan aurrez-aurre, Euskal Diasporaren Eguna zela-eta Donostiako Unanue Hotelean egin genuen bilera-ospakizunean ikusi" zuela. "Gogoz hartu zuen parte, geure diasporaren geografiako beste hainbat euskaldunekin solasean, eta aspaldi ikusi gabeko euskal-venezuelar familia batzuk agurtzen. Ez nuen orduan batere pentsatzen azken aldia izango zenik..."

Gogoan bego, Juan Rekarte, eta eskerrik asko handi bat!

Besarkada handi bat Pat-i, Iona eta Manex-i.

-Hona Jose Felix Azurmendik Juan Rekartez idatzitako oroitzapen artikulua



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia