euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal zineman murgildu ziren La Plata eta Buenos Airesko zinemazaleak Juan Miguel Gutierrezen eskutik

2010/05/21

Juan Miguel Gutierrez ikastaroan parte hartu zuten lagun batzuekin
Juan Miguel Gutierrez ikastaroan parte hartu zuten lagun batzuekin

PUBLIZITATEA

Ondo asko dugu Argentinan euskal abertzaletasuna berri. Euskal Herritik etortzen diren irakasle, idazle, musikari, dantzari eta hango lagunek oro har, ekintzen zein hitzen bidez irakasten eta erakusten digute euren aberriarekiko maitasuna. Baina sentimendu hori pantaila batean nola irudikatu aipatzen bada, ezer gutxi dakigu. Eta hori izan da La Plata eta Buenos Aires hirietan Juan Miguel Gutierrez zinemagile euskaldunak emandako ikastaro eta hitzaldien ardatza. 'Euskal Zinema, tradizioa eta modernitatea' izeneko mintzaldian, Gutierrezek ez zuen euskal zinemaz soilik hitz egin; Euskal Herriko nortasuna, baloreak eta errealitatea film batean nola garatu ere azaldu zuen adituak.

La Plata, Argentina. La Platako Unibertsitateko Euskal Gogoetarako Katedra Libreak eta Eusko Ikaskuntza erakundeak euren indarrak batu zituzten Juan Miguel Gutierrez zinegilearen ikastaro bat antolatzeko bertako UNLP unibertsitatean. Hogei orduko kurtsoak maiatzaren 10etik 14ra arte iraun zuen eta bi motatako publikoa bildu zuen. “Alde batetik, bazegoen unibertsitateko jendea eta hauek deus gutxi zekiten euskal zinemari buruz; beste aldetik, La Platako Euzko Etxeko kideak ere bildu ziren ikastarora eta hauek bai, ezagutzen zituzten film bat baino gehiago, Tasio edo Vacas, batzuk aipatzearren. La Platako euskal etxean badute zine ziklo bat eta hilean behin botatzen dute pelikula bat. Hori dela eta, euskal etxeko jendearen artean ezaguna da gure lana”, azaldu zion Gutierrezek EuskalKultura.com-i.

Juan Miguel Gutierrez Argentinan 1

[Juan Miguel Gutierrez La Platako Unibertsitatean]

Ikastaroa bukatzeko, Euskal Herrian oraindik estreinatu ez den Gutierrezen "Musika plaza" dokumentala bota zen, ikastaroaren azken klasea aurrestreinaldi bihurtuz.

Helduentzako kurtsoaz gain, euskal etxean bertan ekintza bat egin zuen Gutierrezek oraingo umeei begira. Aldi honetan etxeko txikienek Supertramps film luzea ikusi ahal izan zuten. “Ikastarora nahiz euskal etxera joan ziren lagunak pozik zeuden oso Gutierrezek proposatutako gaiekin --komentatu zuten La Platako Unibertsitateko Euskal Gogoetarako Katedra Libreko arduradunek--, azalpenak oso argiak izan ziren eta elkarreragin aberasgarria suertatu zen”.

Juan Miguel Gutierrez Argentinan 2

[La Platako Euzko Etxean, Gutierrezek "Supertramps" pelikula proiektatu zen]

Argentinako bisita testuinguru, eta Eusko Ikaskuntza erakundeak antolaturik ere, Juan Miguel Gutierrezek Buenos Airesko Universidad Catolica-n eta Laurak Bat euskal etxean beste bi hitzaldi eman zituen. Bietan euskal zinemaren historia hartu zuen gai.

Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko kideek ere izan zuten Gutierrez entzuteko aukera. Alabaina, euskaltegian emandako hitzaldiaren muina erabat bestelakoa izan zen. Eskarmentu handia dauka Juan Miguel Gutierrezek euskara irakasteko ikus-entzunezko materiala sortzen. Izan ere HABE institutuan lan egiten du eta euskara munduan ezagunak baino ezagunagoak diren besteak beste Bai Horixe, Mimoa eta Argazkilaria  bideoen sortzailea da. Hori dela eta, euskara ikasle eta irakasleei kontatu zien nola jaio eta egin ziren baliabide horiek.

Juan Miguel Gutierrez Argentinan 3

[Euskaltzaleak-en, Gutierrez HABEn egiten duen lanari buruz mintzatu zen]

“Normalean ez didate eskatzen lan hauei buruz hitz egiteko, horregatik oso gustura onartu nuen gonbitea” esan zuen Gutierrezek mintzaldia bukatuta. “Egia esateko, etorri aurretik ez nuen Diasporarekin kontaktu handirik, eta uste dut Diasporako jendeak Euskal Herriarekiko duen sentimendua irudi erromantiko batean dagoela oinarrituta. Alabaina iruditzen zait beste era batean pentsatzen duen jendea ere badela”, adierazi zuen zinegileak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia