euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan Mari Beltran musikariak Uruguai eta Argentinan bira hasiko du larunbatean Montevideon

2008/09/01

Juan Mari Beltran euskal musikaria
Juan Mari Beltran euskal musikaria
Juan Mari Beltranek, Euskal Herriko musika ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetako batek, Uruguaien eta Argentinan lau emanaldiko birari ekingo dio asteburu honetan, larunbatean Montevideon emango duen kontzertuarekin. Bira hau Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen bira kulturalak egiteko dirulaguntzarekin antolatua izan da eta emanaldietan Beltranek ‘Orhiko Xoria’ eta ‘Arditurri’ diskoak aurkeztuko ditu Hego Amerikako agertokietan. Beltranekin batera taulagainean ariko diren musikariak Aitor Beltran, Ander Barrenetxea, Andoitz Antzizar, Jasone Camara, Miriam Atxaerandio, Iñigo Campos eta Ixiar Uria izango dira. Emanaldiak Montevideon, Chivilcoy-en, Arrecifesen eta Buenos Airesen egingo dituzte.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Iaz Estatu Batuetan eta Kanadan bira egiten ari zenean, Juan Mari Beltranek aurreratu zion Euskalkultura.com-i Argentinara joateko gogoa bazuela, izan ere, bere diskoek bertako euskaldunen artean interes nabarmena piztu zuten eta hainbat euskal etxeetan kontzertuak emateko gonbitea jaso zuen. Orain, urtebete ondoren, Beltranek bere asmoa bete ahal izango du larunbat honetan hasita Uruguaien eta Argentinan egingo duen birari esker.

Lehen emanaldia larunbat honetan bertan izango da, Montevideon (Uruguai), 8:30etatik aurrera Metro Antzokian (San José kalea 1211). Bigarren kontzertua igandean izango da, Chivilcoyko Euskal Etxean, arratsaldeko zazpietan. Asteartean, irailaren 9an, euskal musikaria Arrecifesen izango da, gaueko 9:30etan Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean kontzertua emateko. Azkenik, datorren ostegunean, irailaren 11ann, emanaldia Buenos Airesen egingo du Beltranek,  Euskaltzaleak erakundeak eta Buenos Aireseko Kultur Ministerioak babestuta, San Telmoko ‘Plaza Defensa’ Kultur Etxean (Defensa kalea 535), gaueko zortzietatik aurrera.

Kontzertuetan, mota askotako euskal soinu-tresnak -- gehienak ezezagunak lurralde hauetan -- erabiliko ditu taldeak, besteak beste, txanbela, xirula, ttun-ttuna, alboka, panderoa, danbolina, burruna, dultzaina, danborra eta txalaparta. Tresna hauek jotzeaz arduratuko diren musikariak, Juan Mari Beltran bera (txalaparta, alboka, flauta, txistua, ttun-ttuna eta arrrabita); Aitor Beltran (djembé, kanabera eta harmonika); Ander Barrenetxea (txalaparta, panderoa, danborra, burruna); Andoitz Antzizar (trikitixa, gitarra akustikoa eta ahotsa); Jasone Camara (akordeoia); eta Miriam Atxaerandio (biolina eta ahotsa) ditugu. Hauekin batera, Iñigo Camposek (soinu-teknikaria) eta Ixiar Uriak (Syntorama enpresaren ordezkaria) ere osatzen dute Hego Amerikan aurkeztuko den taldea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia