euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxek Lehendakari Agirre Center aurkeztu zuen San Frantziskon; igandean New Yorken egingo du

2012/06/22

Ibarretxe lehendakari ohia, BCC-en egin zuen aurkezpenean (argazkia SFBCC)
Ibarretxe lehendakari ohia, BCC-en egin zuen aurkezpenean (argazkia SFBCC)

PUBLIZITATEA

Juan Jose Ibarretxe lehendakaria San Frantziskoko Basque Cultural Center-en izan zen asteartean eta Lehendakari Agirre Center (LAC) egitasmoaren berri eman zuen. Nazioarteko unibertsitate eta politika ikerketa zentro entzutetsuek sustatzen dute proiektu hau, tartean New Yorkeko Columbia Unibertsitatea eta George Mason Unibertsitatea. bertan iragarri zenez. Zentroaren helburua da Euskal Herriak zenbait arloetan erdietsi dituen lorpenak ezagutzera ematea eta horiek lortzeko erabilitako estrategiak nazioarteko komunitatearekin partekatzea. Etzi igandea Ibarretxe New Yorken izango da eta hiriko Eusko Etxean aurkeztuko du LAC.

San Frantzisko, AEB. San Frantziskoko Basque Cultural Center elkartean aurkeztu zen joan den asteartean Lehendakari Agirre Center egitasmoa. Juan Jose Ibarretxe lehendakari da LAC think tank edo ideien zentro honen presidentea eta berak egin zuen aurkezpena San Frantziskoko euskal komunitatearen aurrean. 

Zentroak nazioarteko unibertsitate ezagunen babesa du, tartean AEBetako Columbia eta George Mason unibertsitateena. Columbia unibertsitateak harreman historikoa du zentroari izena emante dion euskal politikari Jose Antonio Agirrerekin. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zen Agirre 1936ko guda hasi zenean eta bere erbestealdian New Yorken bizi eta urte batzuk eman zituen, AEBen eta Nazio Batuetan aitzinean euskaldunen eskubideak aldarrikatzen. Tarte horretan Columbian irakasle izan zen eta zentroak bere ondarea jaso eta zabaldu nahi du ekimen berri honekin.

Ibarretxek BCC-en egin zuen aurkezpenak Kaliforniako euskal komunitateko kideak bildu zituen, hala nola Valerie Arrechea, NABOko eta Basque Cultural Center-eko presidentea; Christian Iribarren, San Francisco Basque Club-eko presidentea; Phillipe Acheritogaray, San Francisco Basque Center-eko presidente ohi eta San Francisco Basque Club-eko diruzaina, eta bi euskal etxeetako eta San Frantziskoaldeko euskal komunitateko kideak, horien artean Aitor Iñarra euskara irakaslea eta bere ikasleetako zenbait.

Ibarretxe LAC BCC

[Phillippe Acheritogaray, Xabier Berrueta eta Christian Iribarren Juan Jose Ibarretxerekin: lau euskaldun, hiru Kalifornian jaioan eta bat Euskadin (argazkia SFBCC)]

Ibarretxe LAC SFBCC

[Ibarretxe San Mamés familiako kideekin (argazkia JSM)]

Euskaldunen lorpenak

Tamara Muruetagoienak, Columbia Unibertsitateko Center for Environment, Economy & Society-eko Project Manager-ak aurkeztu zuen Ibarretxe. Lehendakari ohiak LAC-ren nondik norakoak azaldu zituen eta jarraian, aurkezpen grafiko batean, Euskadik hainbat arlotan egin dituen aurrerapausuak azaldu zituen. Datu bidez erakutsi zuen zenbaitetan (bizi-maila, barne produktu gordina, lan-tasa...) Europako lehen postuetan dagoela Euskal Herria. Berak azaldu zuenez, LAC-aren helburua izango da maila horiek eskuratzeko erabili diren estrategiak munduko beste herriekin partekatzea.

Aurkezpenaren ostean bertaratu zirenekin solastu zen Ibarretxe, haien galderei erantzun zien eta zenbait iradokizun ere jaso zituen. Igandean lehendakari ohia New Yorkeko Eusko Etxean izango da, LAC aurkezteko, eguerdiko ordu batetatik aurrera.

-Xehetasunak LACi buruz, hemen
-San Francisco Basque Cultural Centeren webgunea
-Eusko Etxea of New Yorken webgunea



Komentarioak

  • LAC sottu du Ibarretxek

    Biziki ideia ona iduritzen zaut Euskal Herriaren lorpenak munduan zabaltzea! Beste herriek baliatzen ahalko dute esperientzia hori eta espero dut alderantziz beren esperientziak herri bezala ezagut araziko dizkigutela!! Aupa Ibarretxe!! beti aurrera!! Ramuntxo

    Ramuntxo Kanblong, 2012/06/22 19:15

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia