euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Juan Iturrioz Arróspide" erakusketa gunea zabalduko dute Tibi Txotxongilo Museoan, Chacoko Euskal Etxea partaide

2017/07/30

Iturrioz aita-semeak,Resistenciako euren etxean (argazkia EuskalKultura.com)
Iturrioz aita-semeak,Resistenciako euren etxean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Inaugurazio ekitaldia gaur igandea uztailaren 30a egingo dute Resistencia hiriko Tibi Txotxongilo Museoan, Chaco probintzia argentinarrean. 'Juan Iturrioz Arróspide' erakusketa guneak, Chacoko Euskal Etxeko fundatzaileetakoa izan zen izen bereko artista omenduko du. Irungo (Gipuzkoa) euskaldunen ondorengoa, arkitektura ikasi eta sortzaile eta txotxongilo egile eta sustatzaile da Juan Iturrioz Arrospide. Leku berean ezarriko da Kotoiaren Lurra Euskal Etxearen liburutegia.

Resistencia, Argentina. Tibi Txotxongilo Museoak, Resistenciako Kotoiaren Lurra Euskal Etxea lankide, 'Juan Iturrioz Arróspide' deituko duen erakusketa gunea inauguratuko du gaur Chacoko hiriburuko Vedia 547 helbidean. Hasiera batean, guneak, Euskal Etxearen fundatzaileetakoa izan zenaren eta bere familiaren objektu eta bildumak bilduko ditu, Euskal Herriko zenbait eskualdetako aleak, euskal txotxongilo bilduma, pinturak, kartelak, eta abar.

Bertan kokatuko da baita ere Euskal Etxeko liburutegia, eta erakusketak, hitzaldia eta kultur ekitaldiak egingo dira.

Inaugurazio ekitaldia 19:00etan hasiko da gaur igandea, uztailaren 30ean, San Inazio bezperan beraz, eta ekitaldian bertan efemeride hori ere aipatukoda, jesuiten ordena sortu zuen santu euskalduna gogora ekarriz.

Juan Iturrioz Arrospide 1883an Irunen (Gipuzkoa) jaiotako Saturnino Iturrioz-en semea da, ama Kamenkan, Volgako alemanen kolonia batean jaiotako Amalia Bayer Froschauer zuela. Bost seme-alaben artean hirugarrena, Juan 1929ko martxoaren 27an jaio zen Rolon-en. Buenos Airesen bizi eta Almagroko San Carlos Eskolan ikasi zuen, marrazkigintza eta pinturan trebatuz. Arkitekto egin zen eta Nelida betariz Sosiorekin ezkondu eta bi seme izan zituen, Ignacio eta Martin.

1968an Resistenciara etorri zen Banco Hipotecario Nacionalean lan egiteko eta Arkitektura Fakultatean irakasle izateko. Artea munduan murgildu eta besteak beste Raul Soldi eta Luis Martigmonirekin lan egin zuen. Bere bizitzan zehar erakusketak egin izan ditu, Resistencian bertan eta Buenos Airesen, Barilochen, La Pampan, Santa Fen eta Argentinako beste hainbat lekuetan, baita Brasilgo Porto Alegren eta Parisen ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia