euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan de Garay Fundazioak eta FEVAk kudeatutako standak bermatuko du euskal partaidetza 37. Liburu Azokan

2011/04/14

2010eko Liburu Azokako euskal standa (argazkia EuskalKultura.com)
2010eko Liburu Azokako euskal standa (argazkia EuskalKultura.com)
Datorren astean zabalduko ditu ateak. 'Liburu munduari hiri irekia' da aurtengo Buenos Aireseko Liburu Azokaren leloa. Hego Ameriketako liburu arloko kultur ekitaldi nagusiaren 37. edizioa apirilaren 20tik maiatzaren 9ra luzatuko da eta azken hogeita hiru urteotan bezala, euskaldunek beren tokia izango dute milaka idazle, argitaletxe, artista eta literaturzaleak biltzen dituen ekimen honetan. Juan de Garay Fundazioak eta FEVAk antolatuko duten standa pabilioi okrean egongo da aurten, 3056 zenbakian. Lau liburu aurkeztuko ditu Fundazioak, apirilaren 27an, Adolfo Bioy Casares Aretoan.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Inork galdu nahi ez duen liburu arloko hitzordu bat daukate apirilero Argentinako irakurleek. Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azoka hispaniar hizkuntzako literaturaren eta liburugintza eta materialgintzaren erreferente handienetako bat da eta aurten ere, azken hogeita hamazazpi aurreko edizioetan legez, ateak irekiko dizkio komunitate osoari hainbat testu, hitzaldi, ikastaro eta ikuskizun eskaintzeko.

Apirilaren 20an inauguratuko da erakusketa eta maiatzaren 9ra arte, Euskal Herriari buruzko testu, bideo, argazki eta mota askotako oroigarriak eskuratu ahal izango dira euskal standera hurbiltzen direnek. Horrez gain, Juan de Garay Fundazioak argitaratutako honako liburuen aurkezpenak ere eskainiko dira: Carlos Irisarriren “Euskara ikastaro laburra”, Teresa Pastor-en “Teresitaren ipuinak”, “Udako Euskal Unibertsitateko 2011ko azken lanak” eta Luis Luquez-en “Eusko horiek, euskaldun hauek” (liburuak gaztelaniaz dira, hemen euskaratuta eman baditugu ere). Aurkezpena apirilaren 27an, arratsaldeko 7etan eta Adolfo Bioy Casares Aretoan burutuko da.  

Euskal etxe guztiei luzatu die parte hartzeko proposamena FEVA Federazioak. “Euskal Herriaren presentzia azokan sendotzeko euskal etxeen laguntza behar dugu, erakundeen argitalpenak ekartzea eta standa bisitatzea, batez ere gazteen aldetik. Guztion parte-hartzea beharrezkoa da, egiten dugun lana gizarteari erakusteko”, adierazi du FEVAk, plazaratu duen gonbitean.

Lotura interesgarriak

FEVA
www.fevaonline.org.ar

Juan de Garay Fundazioa
www.juandegaray.org.ar

37. Buenos Aireseko Liburu Azoka
www.el-libro.org.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia