euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joxe Ramon Iruretagoiena, Izeta II.a, harrijasotzailea: «Damurik gabe eta helburuak beteta hartu dut erretiroa»

2017/11/06

Joxe Ramon Iruretagoiena, Izeta II.a (arg. Ainara Arratibel-Berria)
Joxe Ramon Iruretagoiena, Izeta II.a (arg. Ainara Arratibel-Berria)

PUBLIZITATEA

32 urteren ondoren, erretiroa hartu berria du Joxe Ramon Iruretagoiena, Ieta II.ak. 150 txapeletik gora irabazi ditu, eta 40 marka baino gehiago ezarri. Azkena, orain hamar egun. «Pozik eta hunkituta» dago egin dioten agurrarekin. Diasporan ere, Estatu Batuetako euskal jaietan harriak jaso eta erakustaldiak egiten ikusia dugun Izeta Bigarrenari elkarrizketa egin dio Berrian Ainara Arratibel Gascon-ek.

Ainara Arratibel Gascon. Aitonaren lekukoa hartu zuen Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak harri-jasotzaile moduan (Aia, Gipuzkoa, 1967). Hark ez zuen debutik egin. Baina bilobak hitzeman zion berak egingo zuela. Baita lortu ere. Orain, semeari eta Jakes bilobari utziko die berak lekukoa.

Zer sentipen geratu zaizu larunbateko agurraren ondoren? 

Oso pozik eta hunkituta nago. Espero ez nituen sorpresa asko izan nituen. Gainera, uste baino errazago lortu nuen marka. Ezin dut gehiago eskatu. Oraindik, dena den, ez zait iruditzen erretiroa hartu dudanik. Egunak beharko ditut barneratzeko.

Marka uste baino errazago lortu zenuen. Espero zenuen? 

Ez. Erronka zaila zen. Bi harrirekin marka bat lortzea ez da erraza. Are gutxiago harri batekin jasoaldiak esku bakarrarekin eginda. Gainera, hasi, ondo hasi nintzen, baina bederatzigarren eta hamabigarren minutuen artean betealdi moduko bat izan nuen. Jendearen animoak entzuten nituen, eta urduri samar nengoen. Zorionez, buelta eman nion egoerari, eta hemezortzi minutuan lortu nuen marka, espero baino bi minutu gutxiagoan.

Hemendik aurrera, zer?

Beste kirol batzuk egiten jarraituko dut. Txirrindularitza asko gustatzen zait, baita idiekin mendian ibiltzea ere. Gainera, eskolarekin harri-jasotze munduarekin lotuta segituko dut.

Zer balorazio egin duzu 32 urte hauetaz? Arantzarik geratu al zaizu?

Denetik izan du. Baina balorazio ona egiten dut. Ez dut egindako ezeren damurik. Helburuak bete ditut, eta gogobeteta hartu dut erretiroa.

Harriak dena eman dizula esan izan duzu. Ordea, ez al dizu ezer kendu?

Ezetz esango nuke. Marketatik eta txapelketetatik harago, leku eta jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Harri-jasotzeari esker, egun polit asko pasatu ditut.

Osasuna ez al dizu kendu? Hainbeste urtean halako kiloak jasotzen ibilita, gorputzak tratu handia jasoko du.

Sasoiko nago, eta ez dut uste osasuna kendu didanik. Nire kirol ibilbidean bi lesio larri izan ditut, baina ez dira izan harria jasotzeagatik. Lehenbizikoa duela hemezortzi urte izan zen. Kamioitik erori nintzen, eta belauneko kartilagoa apurtu nuen. Bestea duela bizpahiru urte izan zen. Harria kargatzeko atoiarekin min hartu nuen besoan. Uste nuen ez nintzela itzuliko. Lesioetatik, dena den, gauza asko ikas daitezke. Azken lesio horri esker, adibidez, harria esku batekin altxatzen hasi nintzen, eta gustura aritu naiz horrekin.

Sasoian zaudela esan duzu. Hala bada, zergatik hartu duzu orain erretiroa? 

Jarraitzeko moduan nengoen. Lehiatzeko eta entrenatzeko gogoz nengoen. Alde horretatik ez dut sekula nagikeriarik izan. Baina ezin da jakin urtetik urtera zenbat jaitsiko zaizun sasoia. 50 urterekin, argi dago gainbehera hori gertuago zegoela. Harri txikiak jasotzen ibili diren harri-jasotzaile gehienek 40 urteren bueltan hartu dute erretiroa. Nik, ordea, hor jarraitu dut, ondo nengoelako. Baina kirolari batek jakin behar du erretiroa hartzen, kirolak horretara behartu aurretik. Kirolari on baten seinale ere bada hori, nire ustez. Mentalki indartsua izan behar duzu horretarako. Nik ez niokeen barkatuko neure buruari arrastaka ibiltzea, eta aurkariak ni baino gehiago izatea. Hori sentitu baino lehen, nahiago nuen utzi.

Jakes biloba oso triste dago zure erabakiarekin. Etxekoek jarraitzera animatu zaituzte? 

Ondo ezagutzen naute, eta badakite ezingo nukeela eraman bigarren postutik atzera geratzea. Errespetatu egin dute nire erabakia. Txikia triste dago, sufritzen ari da. Baina hitzeman diot berak 100 kilo jasotzen dituenean, ni 100 kiloko harria jasotzeko gai banaiz, marka ahalegina egingo dugula berak, semeak eta nik. Ilusio handia egin zion, eta niretzat motibazio bat da. Entrenatzen jarraituko dut horretarako. Jakes egun nirekin dago Zarauzko harri-jasotze eskolan, eta primeran moldatzen da. 9 urterekin, teknika handia dauka. Alor horretan, ikasi beharreko guztia ikasi du. Handia egitea falta zaio. Ondo bidean, hemendik 8-10 bat urtera gai izango da 100 kiloko harria jasotzeko. Ea zoriak laguntzen didan sasoian egoteko. 

Harri-jasotzaile moduan nabarmendu zara. Dena den, herri kiroletan, segalari gisa hasi zinen.

Gure etxean segarako zaletasuna egon izan da beti. Aita urte askoan egon zen segalarien segak konpontzen. Segalari onenak beti etortzen ziren hona segak konpontzera. Aitak beti esaten zidan ea probatu nahi nuen. 1988. urtean, gazteen txapelketa batean parte hartu nuen, eta bigarren geratu nintzen. Ondoren, irabazleari apustua egin, eta irabazi egin nion. Asko gustatzen zitzaidan. Baina oso hilabete gutxitan lehia zaitezke, eta, gainera, entrenatzeko arazo asko nituen. Inguruko baserritarrei lursailak eskatu behar nizkien. Beraz, harriekin probatzea erabaki nuen.

Zure lehen entrenatzaileak, ordea, esan zizun ez zenuela balio harriak jasotzeko. Ez zebilen oso zuzen...

Kolpe gogorra izan zen hori. Nik sentitzen nuen balio nuela, harriak jasotzeko gai nintzela. Gainera, ez zidan azaldu zergatik. Ez zen zintzoa izan nirekin. Gerora topatu nuen, eta esan zidan: «Goi mailako harri-jasotzailea zara». Argi erantzun nion: «Ez zuri esker». Hark ez nuela balio esan eta gero, denbora batez geldirik egon nintzen. Baina berriro ekin nion. 1992an nire lehen txapelketan parte hartu nuen, Urnietan. Oso txapelketa polita izan zen. Landarbide, Telleria eta hirurok lehiatu ginen. Bigarren geratu nintzen. Hortik aurrera, txapelketak irabazten hasi nintzen.

Anaia, semea, biloba, zu zeu... Familian harria jasotzeko tradizio handia dago. Nor izan da zuen artean onena?

Ez nuke esango bat nabarmendu denik. Semea eta biok gehiago ibili gara harri txikiekin. Baina anaiak lan ikaragarria egin du handiekin. 90 kilo pisatuta, 240 kiloko harri bat jaso zuen. Meritu handia du horrek.

Harri txikietan ibili izan zara beti. Handiek ez zaituzte erakarri?

Ez. Nik beti pisatu izan dut 90 kiloren bueltan, eta ez daukat gorputza halako harriak jasotzeko. 150 kilotik gorako harriak dira, eta, horiek jasotzeko, gutxienez 120 kilo pisatu behar da. Baina penarik ez dut horregatik. Nik gehiago gozatzen dut altxaldi asko egiten, kilo asko jasotzen baino. Iraupeneko harri-jasotzailea izan naiz beti.

Urte hauetan zubi lana egin duzu hainbat harri-jasotzaile belaunaldiren artean: Zelai, Goenatxo, Aimar Irigoien, Hodei semea... Nola moldatu zara belaunaldi horien artean?

Harri-jasotze munduan ez dago nik adina belaunaldi aldaketa bizi izan dituen harri-jasotzailerik. Guztiekin gozatu dut, eta eroso sentitu naiz. Batetik bestera ez dago alde handirik. Denak izan dira aurkari gogorrak eta maila handikoak. Lehengo belaunaldietatik oraingoetarako aldea, ziurrenik, izango da lehengoek beren kabuz ikasten zutela. Ni neu autodidakta izan naiz. Inork ez zidan niri harriak jasotzen irakatsi. Jardun eta jardun aritu nintzen, ikasi arte. Harri bakarra neukan: kubikoa. Etxean ez genuen dirurik harri gehiago egiteko. Harekin ikasitakoa besteetarako baliatu nuen. Gaur egun, eskolei esker, teknikak irakatsi egiten zaizkie, eta alde horretatik hobeto prestatuta daude.

40 marka dituzu. Norbaitek horiek gaindituko dituela uste duzu?

Bai. Esan bezala, harri-jasotzaile gazteak oso ondo prestatuta daude, bai teknikoki, baita fisikoki ere. Beraz, aukera izango dute. Horrek ez nau beldurtzen, gauza normala da.

Igeldoko harria izan da zure txapelketarik kutunena?

Hemeretzi urtetan parte hartu nuen txapelketa horretan, eta bederatzitan irabazi nuen. Oso giro berezia sortzen da han, eta ospe handia du. Pena da azken urteetan giro hori zertxobait hoztu egin dela. Harri-jasotzaileoi ez digute utzi nahi genuen bezala jantzita lehiatzen, eta askok uko egin diote parte hartzeari. Pena da. Ea etorkizunari begira hori aldatzen den.

Oso kritiko izan zara, ordea, Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketekin. Zergatik?

Bai, baina jendeak ulertuko du. Gogoan dut Gipuzkoako Txapelketa batean semeak, anaiak eta hirurok eman genuela izena, eta nik esan nuela: «Nola joango gara etxetik hiru?». Ondoren, parte hartu nuen azken Euskal Herriko Txapelketan, anaiak, Ostolazak eta nik hartu genuen parte. Txapelketa ozta-ozta egin zen, eta ordutik aurrera erabaki nuen nik ez nuela gehiago parte hartuko. Torneoetan eta marka ahaleginetan jarri nituen indarrak.

Egun ez al dago erakustaldi gutxiago?

Ez nuke esango gutxiago daudenik. Egin dena da zabaldu. Gaur egun, erakustaldiak ez ditugu egiten soilik goi mailan gabiltzanok. Adibidez, herrietako festa askotan, auzotarren arteko herri-kirol desafioak antolatzen dira: sega, giza probak, aizkora, harri jasotzea... Herri kirolak inoizko unerik onenean daudela esango nuke, behetik jendea datorrelako. Bizirik daude. Txapelketekin bakarrik, ez lukete etorkizunik. Herri mailako desafio horiek sustatu egin behar dira. Gure aldetik ere lan egin behar dugu herri kirolak gaztetxoei erakusteko.

Hori da zuk Zarautzen duzun harri-jasotzaile eskolaren helburua?

Bai. Nik ez ezik, Ostolazak, Telleriak eta Zelaik ere badituzte eskolak. Nire eskolan hamalau ikasle daude, adin guztietakoak. Batzuk profesionaletara iristear daude, eta beste batzuk hasi berriak dira: adibidez, Jakes nire biloba. Bertan, harria-jasotzeko teknikak erakusten dizkiegu. Izan ere, indarra baino gehiago, teknika behar da harri-jasotzaile ona izateko. Harri bakoitzak bere teknika dauka, eta, harri-jasotzaile on bat izateko, denak menderatu behar dira.

Inbertsio handia egin behar izan duzu eskola sortzeko?

Zorionez, Zarauzko kirol elkarteak eta udalak lokala utzi didate, eta nik harriak ekarri ditut. 30 bat ditugu. Batzuk semeari txikitan egindakoak dira, eta beste lauzpabost, propio eskolarako egindakoak.

Ume horietan zuk bere garaian izandako ilusioa ikusten duzu?

Zalantzarik gabe. Eskolara etorri eta txalekoa jartzen duten hamar umeetatik bederatzi geratu egiten dira. Gustatu egiten zaie. Harriak harrapatu egiten zaituen zerbait dauka. Eskoletako patioetan harriak jarriko balituzte, ziur ume asko harrapatuko lituzkeela harri-jasotzeak. Nik erakustaldiak egin izan ditut, eta amaieran Jakesen harri txikiak atera izan ditut. Ume asko etorri izan dira probatzera, eta ikustekoa zen haien poz aurpegia. Eskoletan lan handiagoa egin beharko litzateke. Hortik hasi beharko litzateke.

Zure kirol ibilbidean zer garrantzi izan dute apustuek?

Lau apustu garrantzitsu egin ditut. Azkena 2008an izan zen, Aimar Irigoienen kontra. Harri-jasotzean ez dago horrenbesteko ohiturarik apustuetarako. Txapelketa eta torneo asko daude, eta denbora gutxi dago apustuak prestatzeko. 4-5 hilabete behar dituzu. Horren ondorioz, uko egin behar diezu txapelketei, eta askok hori ez dute nahi. Gainera, presio handiagoa sortzen dute. Nik haien falta sumatu izan dut; nahi baino gutxiago egin ditut. Hasi nintzenean, Zelai zen nire aurkari handiena. Baina ez zen apustuzalea. Goenatxorekin egindakoan 13 kiloko abantaila eman behar izan nion. Azken aldiz apustu bat egitea proposatu nuenean, kontrario bakarra nuen: Irigoien, ni baino 20 urte gazteagoa, eta 20 kilo gehiagorekin. Normala irabaztea. Duela 50 urte jaio izan banintz, ziur hamabost bat eginda izango nituela. 

Zergatik ez da egon harri-jasotzean apustuetarako ohitura?

Beldur pixka bat dagoelako eta giroa ere hotzagoa delako. Aizkoran ez da halakorik gertatzen. Apustuek mesede egiten diete herri kirolei. Jendea mugitzen dute, edozein txapelketak baino gehiago. 

Egungo harri-jasotzaileen artean Irigoien nabarmentzen da. Badu aurkaririk?

Badatoz gazte on batzuk ere: Lopetegi. Harri batzuekin Aimarri aurre egin diezaiokeela uste dut. Baina Aimar harri mota guztiekin moldatzen da ondo: forma eta pisu guztietakoekin.Oso zaila da hari irabaztea.

(Berrian 2017-10-31an argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia