euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Tapiaren kontzertuak hasiera emango dio gaur Bartzelonako Korrika katalanari, hilaren 24an bukatzeko

2007/03/14

Bartzelonako Euskal Etxeak Korrika 15 dela eta antolatu dituen ekitaldien kartela
Bartzelonako Euskal Etxeak Korrika 15 dela eta antolatu dituen ekitaldien kartela

PUBLIZITATEA

Beste behin ere Bartzelonako Euskal Etxeak ekitaldi programa mardula osatu du Korrika, AEKk antolatzen duen euskararen aldeko lasterketaren edizio berri bati harrera egiteko. Ospakizuna gaur bertan hasiko da, Joseba Tapia trikitilariak emango duen kontzertuarekin. Ondotik, eta datozen bi asteetan zehar, kontzertuak, lehiaketak eta euskararen egoeraren inguruko mintzaldiak egingo dituzte, hilaren 24an 'Korrikaren Eguna'rekin bukatzeko. Bertan Korricursa --Korrikaren bertsio euskal-kataluniarra--, herri bazkaria eta Ene Bada taldearen kontzertua izango dira dastagai, besteak beste.
Gaur arratsaldean bertan hasiko dira Bartzelonako euskaldunak Korrikaren 15 edizioa biziarazten, Euskal Etxeak antolatu dituen ospakizunekin. Ediziotik ediziora gero eta gehiago dira AEKk euskararen alde antolatzen duen lasterketa honekin bat egiten duten munduko euskal etxeak, bakoitzak bere modura eta bere ahalen arabera ekitaldi desberdinak antolatzen dituela. Bartzelonako Euskal Etxeak urteak daramatza jardun honetan eta bere Korrikaren bertsio propioa egitera heldu da: Korricursa izena duen fusio euskal-kataluniarra. Aurten, beste behin, Euskal Etxeak programa zabala prestatu du Korrika dela eta, gaur hasi eta hilaren 24 arte luzatuko dena.

Joseba Tapia trikitilari ezaguna izango da jaiari hasieran emago diona, Drassaneseko Hizkuntz Eskola Ofizialean gaur emango duen kontzertuarekin. Tapiak bere azken albuma aurkeztuko du bertan, 'RealPolitik' izenburuduna. Ostiralean, musika protagonista izango da berriz Anje Duhaldek eta Miquel Pujadók Euskal Etxean emango duten kontzertu akustikoarekin. Ekitaldiek martxoaren 20an, asteartea, jarraituko dute, 'Hizkuntzaren alde: erakundeen ekimena eta gizarte aldarrikapena' izenburua duen mahai inguruarekin. Ekitaldi hau Euskal Etxean egingo da eta bertan CAL, EHE, CPNL eta Behatokia elkarteko ordezkariak bilduko dira, Monica Sabata gidari lanetan.

Mintzaldiak, lehiaketak eta Ene Badaren kontzertua

Martxoaren 22an, osteguna, euskal kulturaren inguruko lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango dute Bartzelonako euskara ikasleek (mila ikasle inguru daude hirian, Euskal Etxea, Unibertsitate Autonomo, Bartzelonako Unibertsitate eta Hizkuntz Eskola artean). Ostiralean 'Euskalkien egungo egoera' izenburua daraman mintzaldia emango du Koldo Zuazok Euskal Etxean, arratsaldeko 19:30tan.

Martxoaren 24an, larunbata, heldu da Bartzelonako Korrikaren egun nagusia. Jaia goizean goiz hasiko da Gracia auzoko Rius i Taulet plazan, Korrika Txikia eta gosari batekin. Ondoren Korricursa aterako da, Graciatik hasi eta Sants auzoraino ibilbidea eginez. Sants plazan ekitaldi ofiziala egingo da, Kataluniako castellers eta bastonetsek girotuta. Segidan herri bazkariari ekingo diote partehartzaileek, indarberritu eta auzoko kaleetan zehar ibiliko den 'trikipoteoari' jarraitu ahal izateko. Azkenik, Ene Bada taldearen kontzertu batekin amaiera ezinhobea emango zaio Bartzelonako Korrika 15 honi.


Lotura interesgarriak

Programa osoa Euskal Etxearen blogean
http://blog.euskaletxeak.org

Bartzelonako Euskal Etxearen webgunea
www.euskaletxeak.org

Korrika 15 hastear
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 28an

Anari, Ken Zazpi eta Iker Goenaga Bartzelonako EH Sona!-n
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 18an

Euskal ekitaldi ugari La Mercé jaian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko irailaren 19an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia