euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Sarrionandia poeta euskalduna Manizales-ko Nazioarteko Antzerki Jaialdian partaide, Kolonbian

2009/09/15

'Hnuy Illa' obraren irudia
'Hnuy Illa' obraren irudia
Hala da, Joseba Sarrionandia, 1985etik erbestean ezkutuan bizi den euskal poeta, non dagoen zehatz-mehatz galdera-ikur izaten segitzen duen euskal sortzailea Kolonbian egon da, Manizales-ko Nazioarteko Antzerki Jaialdiko XXXI. edizioan. Ez zen fisikoki bertaratu, baina bai bestela, euskaraz, gaztelaniaz eta portugesez zuzendutako bere poema zorrotz eta aztoratzaileen bidez. Poesia baita, izan ere, 'Hnuy Illa' obra honen ardatza, esan nahi baita Kukai-Tanttaka dantza eta antzerki konpainia gipuzkoarrak saio bakarrean eskainirik --jaialdia inauguratzeko hain zuzen-- joan den asteko astelehenean, irailak 7, hiri kolonbiar honetako Los Fundadores antzokian ikusteko parada izan genuen taularatze lan txundigarri honen ardatza [Antioquiako Euskal Ikasketa Etxeko kide den Jose Migel Ramirezen kronika, propio EuskalKultura.com-entzat idatzia].

PUBLIZITATEA

Jose Miguel Ramírez/Manizales, Kolonbia. Andeetako hiri aldapatsu eta aldi berean abegikor hau ezaguna egiten dute kafeak baina baita ere dauzkan unibertsitate eta antzokiek, urtero ehundaka ikusle eta zaletuen bilgune bilakatzen baita antzerkia, musika eta zinearen inguruan; aurten bertan 18 herrialdeetako talde gonbidatuak etorri dira Antzerki Jaialdira, tartean korearrak, suitzarrak, argentinarrak, turkiarrak, errusiarrak...

Bere burua Latinoamerikako bost jaialdi garrantzitsuenen artean kokatzen duen hitzordu honetako zuzendari den Matilde Cuartas-ek argitzen du sekula ez zutela orain artean izan aurtengo edizioan bezainbat herrialde partaide eta "hau ona dela kulturarentzat Kolonbian eta baita ere hiri honetako erakuslehio turistiko gisa". "Aretoko ikuskizunez gain, doako kale ikuskizun ugari badugu, tartean Kolonbia bertako talde asko, epaimahai batek zorrotz hautatuta eta, beraz, herrialdeko onenak direnaren bermeaz", gehituz.

Testuinguru honetan, Kukai-Tanttaka egiazko euskal kultur enbaxada gisa aurkezten da, bere koreografiak ohiko folk dantzak oinarri harturik eginak baitira, aniztasunari eta ikusgarritasunari muzin egin gabe; gainera euskara, ez da bere obretan entzuten den hizkuntza bakarra, baina bai gehien entzuten dena... Izan ere, entzuleak biziki eskertu zuten antzoki sarreran obraren testu osoa erdaratua banatu izana. Bidez batez, esan dezagun konpainia korearra, ikusleen artean zegoena, ez zuela batere kezkatu hizkuntzaren arazoak eta zutituta eta hamar minututik gora aritu zela euskal dantzariei txaloka.

2007 kolonbia kukai manizales

[Kukai-Tanttaka lagun batzuekin, 2007an Manizales-ko Antzerki Jaialdian etorri zirenean]

Txalo horiek ez ziren hemen hartutako lehenak izan, aurretik ere 2007an ibili baitzen Kolonbian antzerki konpainia euskalduna. Manizalesen izan zen orduan ere, bere bigarren obrarekin, 'Otehitzari biraka', erbestean zegoela Kolonbian ere bizi izan zen Jorge Oteiza euskal zizelkari handia izan zenaren bizitzaz. Hiru emanaldi eskaini zituen, txartelak agortuz.

Kukai Errenteriako talde bat da, zazpi dantzari trebek osatua. 2002an atera zen nazioartera Tanttaka konpainiako Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues zuzendari, idazle eta ekoizle bikoteak bultzatu eta bideratuta '1937, gogoaren bidezidorretatik' obrarekin. Kukai-Tanttaka bi taldeen bategiteak lortzen duen arrakastaren giltza, ikuskizunak euskal dantza tradizionala oinarri hartuz sortzeari egotzi behar zaio baina beste diziplinekiko lankidetzak eta elkarreragiketak bilduz eta beste dantza motak eta arte ulertzeko moldeak baztertu gabe. Kukaik euskal dantza tradizionala hartzen du abiapuntu ikuskizun garaikideak sortzeko.

Joseba Sarrionandiaren izen bereko liburuan oinarritua, 'Hnuy Illa' taldearen hirugarren nazioarteko lana da, Iñaki Salvadorrek musikatua eta Mireia Gabilondo zuzendari. Taularatze ikusgarri batez, ikusleak eszenografia eta efektu ia surrealistez liluratuak gara, teknologia bitarteko erabiliz Sarrionandiak misterioz urtetan zehar Euskal Herrira bidalitako poemak girotzeko. Poemon irakurle dardara sortzen duten ahots esanguratsuak, hala nola Mireia jokolari eta zuzendariarena, Mikel Laboa kantariarena (euskaraz), Maria Berasarte fadistarena (portugesez) edota Sarrionandia berarena.

Azkenean, gure erreportajetxo hay burutzeko, Jon Maya koreografista buru duen dantzari karismadun hauekin denbora pixkat partekatzeko aukera izan genuen, eta obraz zein bere nazioarteko itzuliaz datu eta ideia batzuk trukatzeko. Abuztuaren 25ean Sestaon ekin zitzaion oraingo itzuliari, bigarren funtzioa Manizalesen egiteko, bertatik Ekuadorreko hiru hiritara pasatuko delarik, ondoren segitzeko Biarritz, Donibane Garazi, Berlin, Tamaulipas (Mexiko), Ataun eta Leon-en, abenduaren 5ean Bilbon bukatzeko.

Zoritxarrez, Mireia zuzendaria ez zegoen hemen, Europan baita bere senar Fernandorekin film berri bat euskaraz errodatzen. Agian aurretik Joxean Sagastizabalen izen bereko liburuan oinarritutako 'Kutsidazu Bidea, Ixabel' (2006) komediarekin lortu zuten arrakasta itzela errepikatuko dute. Film berriaz ez da oraindik izenburua jakinarazi, baina dantzarietako batek, Enekok, gerlari buruzkoa dela esan zigun.

Kolonbian bizi diren euskaldunentzat, edo euskal kulturaren lagun edo miresle diren kolonbiarrentzat, Manizales-ko Jaialdia Euskadirentzako lehio paregabea bilakatu da bere azkeneko lau edizioetan, batetik Kukai (2007-2009) eta Tanttaka (2006, 2007 eta 2009) etorri baitira, baina baita ere Vaivén, Markeliñe, Iñaki Salvador (2007), Trapu Zaharra eta Organik (2008) eta Atcha Natto (2009), ikuskizun mota desberdinez.

Azpimarratu behar da beti dagoela jaialdian herrialde gonbidatu bat, eta 2007an herrialde hori Euskal Herria izan zela, berrogei pertsonatik gorako ordezkaritza etorri zela, tartean baita sukaldari bat ere eta Kultura departamentuko bost pertsona. Agian izango dugu datorren edizio batean antzeko fortunarik, edo gutxienez euskal kulturaren erakusgarri diren talentudun horietako bat edo bi errezibitzeko ohorea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia