euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendiague pastorala Arrokiagan galdu zutenek azken aukera bat izango dute irailaren 8an Hazparnen ikusteko

2012/08/09

José Mendigue pastoralaren mustraka (argazkia Nicolas Mollo-Kazeta.info)
José Mendigue pastoralaren mustraka (argazkia Nicolas Mollo-Kazeta.info)
Diasporako bizitza euskaltzalean goi-mailako ekile eta eragile izan zen Jose Mendiague-ri buruzko pastorala, uztailaren 29an eta abuztuaren 5ean Arrokiaga herriak Zuberoan emandakoan galdu bazenuen, zorteko kontsidera zaitezke Jainkoek azken aukera bat eskainiko baitizute irailaren 8an Hazparnen, Hazparneko herriak bertako biztanle eta herritar izan zuen seme kuttuna ohoratzeko antolatu dituen omenaldi ekintzen baitan. Arrokiagako jokolariak, hazpandarren eskariz, salbuespena egin eta pastoralaren emanaldi berezia taularatuko dute Manexerrian, ohi diren meza, kabalkada eta abarrez, aurretik zein ondotik erakusketa bat, Johaño Bordaxarren hitzaldia eta eskoletan Mendiague eta bertsolaritzari buruzko ekitaldiak programatu direlarik.

PUBLIZITATEA

Hazparne, Lapurdi. Irailaren 8an Hazparneko herriak Jose Mendiague pastoraleko 'jokolari' arrokiagatarrak errezibituko ditu, Johaño Bordaxarrek Diasporari loturik idatzi zuen pastoral honek Zuberoatik kanpo izango duen taularatze bakarrean. Ohi bezala, egunari, meza batez, hamar t'erdietan, eta kabalkadaz, hamaika t'erdietan, ekingo zaio eta pastorala arratsaldeko hiru t'erdietan hasiko da udal pilotalekuan, leku hau egokitzat hautatu baitute pastoraleko arduradun arrokiagatarrek herrian zeudenen artean ikuskizuna Hazparnen behar bezala eman ahal izateko.

Diasporan espezialdutako Beñat Çuburu-Ithorotz ikertzaile hazpandarrak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, Arrokiagako pastorala Hazparnera ekartzearen ideia bertako zenbait pertsonek izan zuten jakin zutelarik aurtengo pastoralaren süjeta Jose Mendiague izanen zela eta istorioa, beraz, zinez lotua Ameriketako euskaldunen gaiari. Mendiague Diaspora osoko bertsolari handienetarik izan zen, 1845ean Alduden sortua, hiru urte besterik ez zituela bere familia Hazparnera itzuli zen, eta beraz Hazparnen hazi eta pasatu zituen haurtzaroa eta gaztaroa Ameriketarako bidea hartu aurretik. Hazparnen ikasi zuen pilotan, hasi zen eskolan kantuz eta hazpandarrak izan zituen lehenengo lagunak, bizitza osoan lagun segituko zutenak emigrazioak ezarritako muga geografiko guztien gainetik.

Hazparneko seme kuttun

Çuburu-Ithorotzek azpimarratzen du, Argentinara joandako Pello Mari Otaño gipuzkoarrarekin batera garai hartako bizitza euskaltzaleko eragile, higitzaile eta sortzaile handienetarik izan zena Hazparneri zinez lotua agertu zen pertsona izan zela, eta argi islatu zela Hazparneri zion maitasuna bere bertso eta olerkietan. Mendiague zapatagin bezala joan zen Ameriketara, ofizioa Hazparnen ikasita. 1993an Piarres Xarritonek Mendiagueren izena berriz ere plazara ekarri eta zuen liburua argitaratu zuenean, Hazparneko Udalak omenaldia egin zion bere seme kuttunari eta haren izena ezarri zion bere karriketako bati.

Aurten ere pastorala kari Mendiagueren izena eta izana Arrokiagan jendaurrera ekarri behar zutelarik, Hazparneko Herriko Etxeak aukera arras baliatu beharrekoa zela deliberatu zuen, xantza ezinhobea zenez gizon handi honen bizitza eta lanak ezagutarazteko eta gonbitea luzatu zien Arrokiagako jokolari eta arduradunei pastorala Mendiagueren herrian ere ikus ahal izan zedin. Irailaren 8ko emanaldia, baina, Udalaren esku dago antolakuntza materialari dagokionez, baina ekimen zabalago eta anbiziotsuago baten barnean kokatu da, herriko hainbat jende eta elkarte lanera bildurik hainbat hilabetez.

Erakusketa, hitzaldia abuztuaren 31ean, ikasleentzako saioak...

Hogei bat jende aritu izan dira lanean, zenbait batzordetan banaturik, eta egunotan ari zaizkio ematen guztiari azken ikutua. Pastorala ardatz izanik, erakusketa bat ere antolatu da pastorala zuberotarraren inguruan; abuztuaren 31ean hitzaldi bat emanen du Johañe Bordaxar egileak, eta dokumental bat eskainiko da; irailaren 8an pastoralaren taularatzea heldu da eta ondoren afari-jai bat egingo zaie zuberotarrei; baina herriko semea ohoratzeko programako parte ere bada ikasturtean zehar Hazparneko eskoletako ikasleentzat pastorala eta bertsolaritzari buruz irakasteko prestautako plana.

Ahalegin berezi honekin Hazparnek omenaldi fin eta adierazgarria eman nahi izan dio Mendiagueri, handia izan baita harek euskarari eta euskal kulturari, Euskal Herriari eta Hazparneko eta Euskal Herriko biztanle guztiei egin zien ekarria eta oparia, egiazko lokarri izanik Euskal Herriaren eta bere Diasporaren artean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia