euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak eta Rosarioko Zazpirak Batek ere Aberri Eguna ospatu zuten

2010/04/22

Aberri Eguneko ospakizuna, Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxean
Aberri Eguneko ospakizuna, Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Ezaguna da oso Buenos Aires probintziako Toki Eder Euskal Etxeak bere komunitatean egiten duen gizarte-laguntza. Hori da, diote eurak, euren euskaltasuna islatzeko duten erarik onena. Horrekin batera Euskal Herriko data kuttunenak ere ohoratzen dituzte. Hala egin zuten joan den apirilaren 11an, bazkari herrikoi bat prestatuz Aberri Eguna ospatzeko. Jende askok erantzun zion gonbiteari, eta etxeko areto nagusia bete zen. Gauza bera gertatu zen Rosarioko Zazpirak Bat-en. Aberri Eguneko ospakizuna urteko lehenengo jaia izan da erakunde honentzat eta oso balantze ona egiten dute antolatzaileek. Euskal dantzak nagusitu ziren eta hunkitu zituzten bertaratutakoak, tartean Entre Rios-eko Victoriatik etorritako Haritz Euskal Etxeko kideak, Rosariora bertaratu zirenak data hau lagun artean ospatzeko.

Jose C. Paz, Argentina. Joan den apirilaren 11an Toki Eder-eko kide eta lagunek Aberri Eguna ospatu zuten Buenos Aires probintzian dagoen euskal etxe kementsu honetan. Maria Angeles Oñederrak, erakundeko lehendakariak, ongi etorria eman zien gonbidatuei batzordekoek prestatutako bazkarira. Kultur koordinatzaileak ere hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako taldeari: “Hemen bizi garen euskaldunok, arbasoek irakatsi ziguten moduan, gogor lan egin behar dugu; gure betebeharrak eta hitzak bete behar ditugu. Familia zainduz eta elkar lagunduz Euskal Herria eta Argentina ondratuko ditugu”, adierazi zuen Lucia Lechardoyk. Bazkalostean, euskal kantak alaitu zuten jaia.

Hurrengo domekan, apirilaren 18an alegia, Jose C Paz-eko euskal komunitatea San Miguelgo San Pedro Claver elizan elkartu zen Aberri Egunaren omenezko mezan parte hartzeko. Elizkizunean, elkarteko hildako kideen aldeko oroimena egin zen.

Rosarriotarren Aberri Eguna

Rosarion, ordea, gaua aukeratu zuten Aberri Eguneko festa egiteko. Alicia Igarzabal, Cristina Arregui eta Nelida Apesteguia etxeko kideek prestatutako menua zerbitzatu aurretik, Argentinako ereserkia eta Eusko Abendaren Ereserkia kantatu zituen bildutako jendeak. Gaztedi Zutik taldearen laguntza ezinbestekoa izan zen antolatzaileentzat dena ondo atera zedin. Etxeko txikienek ere lan ederra egin zuten, eta txalo zaparrada polita kendu zioten jendeari euren dantzekin.

Rosarioko Aberri Eguna 2010

[Aberri Eguneko ospakizuna urteko lehenengo jaia izan da Rosarioko erakundearentzat]

“Herriko aldarrikapena ospatzen da gaur”, esan zien Euskal Etxeko lehendakaria den Claudio Esnal-ek bildutako lagunei. “Bere etorkizuna nola izango den erabakitzeko aukera izan behar du gure Euskal Herriak, eta ezin gara horretaz ahaztu”, adierazi zuen Esnal-ek dataren garrantzia azaltzerakoan. Dantza eta musika artean, festa ordu txikiak arte luzatu zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia