euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose A. Irigaray-ren poemak partaide abiatuko da Buenos Airesen ‘Trazu ibiltariak’ pintura erakusketa

2012/05/17

Dina Riveraren ‘Trazu ibiltariak’ erakusketa iragartzen duen afixa
Dina Riveraren ‘Trazu ibiltariak’ erakusketa iragartzen duen afixa
Dina Rivera margolari argentinarraren eskutik helduko dira Buenos Airesera Jose Angel Irigaray olerkari nafarraren euskarazko poemak. Olerkiek “egile liburu” txikiak osatzen dituzte, eta eskuz idatziak dira. Erakusketako parte dira eta pintore argentinarraren irudien muina islatzen dute. Datorren astelehenean, maiatzaren 21ean, 'Trazu ibiltariak' izenpean inauguratuko den pintura erakusketan aurkeztuko dira. Lanak ekainaren 4a arte egongo dira ikusgai NES Zona 54 Arte Galerian, Piedras kaleko 182an, Buenos Aires hiriburuan.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. “Euskararen sekretuak ezagutzen joateak nire amaren aldeko euskal senitartekoengana hurbiltzeko aukera ematen dit. Rivera eta Sorron familiak dira eurak eta Donostian bizi dira, munduko bazter miresgarri horretan. Beraz, euskaldunen hizkuntza oso txertatuta dago nire bizitzan”, sentipen hauekin azaltzen du Dina Antonini Rivera pintore argentinarrak nolatan hasi zen bere lanetan Euskal Herriaren irudiak sartzen. Eta hizkuntzaren bidez lortutako hurbiltze horrek bere fruitua eman zuen: ‘Donostiako Olatuak’ izeneko erakusketa 2007ko urrian aurkeztu zen Buenos Airesen, Eusketxeren Arte Galerian.

Orain haratago doa Buenos Aires probintziako Bernal herrian jaioa den artista eta euskara bera izango da datorren astelehenenean abiatuko den erakusketaren protagonistetako bat. “Duela urtebete halako liburuxka batzuk sortu nituen, hamar bat zentimetro karratukoak. Orri bakoitzean irudi bat egin nuen. Donostiara egindako bidaia batean Jose Angel Irigaray lagun minari utzi nizkion liburuxkak, berak, iradokitzen ziotena idatz zezan”. Irigarayk sortutako poemak Donostiako paisaia eta alegiazko paisaiei buruzkoak dira, euskaraz daude eta eskuz idatziak. “Berak ‘Oihartzun poetikoak’ izena eman die eta handik hona bidaia luzea egin zutenez gero oso egokia iruditu zitzaidan ‘Trazu ibiltariak’ erakusketan sartzea”, azaldu du Riverak.

Aldo Severi margolari famatuaren ikasle izan zen Dina Rivera eta Patricia Delmar, Oscar Serra, Eduardo Giusiano eta Ann Pabs Hebenen tailerretan ere hartu zuen parte. Bere curriculumean sakonduz, 'Prilidiano Pueyrredon' Arte Ederretako Eskola Nazionalean egin zituen ikasketak, Margolaritza, Marrazki, Eskultura eta Grabatuan.

‘Trazu ibiltariak’ pintura erakusketan, bizitzan zehar egiten ditugun bideak, “txori, tximeleta eta airean dabiltzan gizaki bilakatuak” ere aurkeztuko ditu artista plastikoak. Erakusketa maiatzaren 21ean inauguratu da arratsaldeko 7etan eta ekainaren 4a arte publiko orokorrari irekita egongo da, goizeko 11etatik 7etara. Lekua: NES Zona 54 Arte Galerian, Piedras kaleko 182, Buenos Aires hiriburuan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia