euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Rahm: “Euskadin, golf erreferentea izatea gustatuko litzaidake, Txema Olazabal izan zen moduan”

2015/03/03

Orain aste batzuk, bosgarren geratu zen PGA-ko txapelketa batean. Mundu mailan, ez du amateur batek horrelakorik lortu 2008. urtetik
Orain aste batzuk, bosgarren geratu zen PGA-ko txapelketa batean. Mundu mailan, ez du amateur batek horrelakorik lortu 2008. urtetik

PUBLIZITATEA

Ikusgarria da golf jokalari lez Jon Rahm (Barrika, Bizkaia, 1994) izaten ari den abantzua. “Zazpi urterekin hasi nintzen bola jotzen –esan du, EuskalKultura.com-ekin berbatan− baina, 12-13 urte nituela, serioago hasi nintzen hartzen kontua”. 16 urte bete berritan Madrilera joan zen, kirolarien artean izen handia duen Ortega y Gasset institutuan ikasteko, golf entrenamendu profesionala egiten zuen bitartean. Behin batxilergoa amaituta, Ameriketako Estatu Batuetara etorri zen, Arizonara hain zuzen, kirolari bezala hazi ahal izateko, unibertsitate ikasketak egiten zituen bitartean.

Ander Egiluz Beramendi, AEB.- 2014 urte bukaeran Munduko Amateur Txapelketa irabazi zuen eta, orain aste batzuk, bosgarren geratu zen PGA-ko (Golf Jokalari Profesionalen Elkartea) txapelketa batean. Mundu mailan, ez du amateur batek horrelakorik lortu 2008. urtetik.

-Estatu Batuetako unibertsitateetan oso ohikoa da kirolariei bekak ematea. Horregatik erabaki zenuen Arizonara etortzea?

Bai, beka eskaini zidatelako etorri nintzen hona. Oso ondo zaintzen dituzte kirolariak AEBetan. Eta golfari dagokionez, dudarik ez dago, etorkizuna hemen dagoela. Askoz ere garatuago dago dena eta askoz aukera gehiago dituzu karrera bat ikasi eta kirolari lez ere hazteko. Euskadin, horrela, inortxok ez luke karrera bukatuko.

-Izatez, nahiz eta Tempe-n ikasten duzun, denbora gehiago ematen duzu ia, txapelketaz txapelketa, unibertsitatean bertan baino. Zenbat lehiaketatan jokatzen duzu urtean?

Egia da denbora asko ematen dugula kanpoan. Hamabost bat txapelketetan hartzen dugu parte urtean, baina lehen seihilekoan lau baino ez ditugu eta, bigarrenean, gainontzeko guztiak. Gelditu barik ibiltzen gara udaberri partean, zoramena da eta eskola asko galtzen ditugu.

-Eta irakasleek zer diote?

Gehientsuenetan laguntzen digute, azterketa datak aldatuz, adibidez, unibertsitateko kontu bat delako. Eta entrenatzaileek ere ulertzen dute zenbaitetan entrenatzera joan ezin izatea, ezin baita ahaztu, hemen, gutxieneko maila akademiko bat ez baduzu seihileko oso bat geratzen zarela jokatu barik. Eta lau urte baino ez ditugu. Horretaz gain, beka bat inbertitu dute zugan, eta presio hori ere baduzu. Jokalari eta ikasle bezala dituzu zereginak.

-Komunikazioa ikasten ari zara, zergatik karrera hori?

Oso gauza interesgarriak ikasten ditugulako: Soziologia, komunikazioaren teoria, gatazken konponbidea, jendaurrean berba egitea… Gainera, enpresa askok behar dituzte komunikatzeko gaitasuna duten langileak.

-Baina amesten duzun ibilbide profesionala golfaren ildotik doa. Gerta liteke?

Bai, eta neure buruari erakutsi nion hori, orain aste batzuk, Waste Management Phoenix Open-ean bosgarren geratu nintzenean. 2008tik ez du amateur batek PGAko txapelketa batean horrelako markarik lortu. Benetan gauza ezohikoa da.

-Hori gutxi balitz, munduko txapelduna ere bazara.

Bai, Espainiaren ordezkari lez jokatu nuen. 74 herrialdek eta herrialde bakoitzeko hiru jokalari onenek hartu zuten parte. Taldeka, hirugarren lotu ginen eta, bakarka, urrezko domina lortu nuen.

-Kirolari bezala, abiadura bizian zabiltza hazten. Atzera begiratzen al duzu inoiz?

Azken boladan bai, nirekin jokatzen zuten askok baino maila dezente altuagoa izaten ari naizelako eta flipatu egiten dut askotan. Baina, orduan, ikasten jarraitu behar dudala konturatzen naiz, notarik gabe golfik ere ez dagoelako hemen. Hori da Estatu Batuetako unibertsitateen alde on bat; badugu hor Europan zer ikasi. Ez zait esatea gustatzen, baina badaude txoriburuak diren kirolari asko…

-Beste kirol batzuekin alderatuta, golfa horren hedatua ez izateak eragina izan dezakeela uste duzu?

Estatu Batuetan, egia esan, oso kirolari gutxi ailegatzen dira profesionaletara unibertsitatetik igaro gabe. Kobe Bryant eta beste gutxi batzuk baino ez.

-Kirol elitistaren etiketa du golfak oraindik. Zeuk ere hautematen duzu?

Badago jendea, oraindik, pijoen kiroltzat jotzen duena golfa eta, hala zen, baina XX. mende hasieran. Aberatsentzat baino ez zen lehen, baina orain edonork joka dezake. Derion (Bizkaia) dagoen Eduardo Cellesen eskolan, 20 eurogatik badaukazu eskola bat. Eta golf zelai publikoak ere baditugu, ez da dena pribatua. Horrez gain, askoz ere hedatuagoak dauden zenbait kiroletan dirutza utzi behar duzu: surflarien trajeak, eskiatzeko behar duzuna, bai eta futboleko botak berak… Golfa ez da jendeak uste duen bezain garestia, eta askok irizten diotena baino askoz entretenigarriagoa da. Egia da, baina, esfortzu handia eskatzen duela. Eta pena da orain ez izatea (Txema) Olazabal bezalako pertsona bat, geurean, jendea golfera erakarriko duena.

-Ematen du zu izan zaitezkela Euskadiko hurrengo golf erreferentea.

Asko gustatuko litzaidake eta, gaur egunean, sare sozialei esker, askoz errazagoa da jendeak neure berri izatea. Masters bat irabazten badut, hamar aldiz arinago jakingo du jendeak.

-Ez da erraza norbere herrikideen arreta lortzea, bereziki, jendetza mugitzen duten kiroletatik kanpo. Nola bizi duzu zuk hori?

Familiak eta lagunek badakite baina, oro har, uste dut jendeak ez duela lortzen nabilenaren berri. Hala ere, azken PGAren ostean hainbat irratik eta telebista katek esan dute zerbait eta Barrikan ere badakite askok. Ilusioa ematen dit horrek. Gainera, uste dut jaietako pregoilaria ni izatea nahi dutela.

-Esperientzia erabat desberdina izango da golf munduan, ezta?

Bai, parte hartzen dudan torneo guztietan esaten didate zerbait. Gainera, unibertsitatearen koloreekin jokatzen dudanez, hurbil sentitzen zaitu jendeak. Athletic-ekin gertatzen dena gertatzen da Ameriketako unibertsitateekin, sentimendu bat da.

-Zer gustatuko litzaizuke lortzea, epe labur eta ertainean?

Hiru txapelketa ditut buruan, orain: Unibertsitateen Liga Nazionala, British Amateur-a eta U.S. Amateur-a. Amateurrentzat eskura dauden hiru txapelketa handienak dira. Orain bi urte, unibertsitatean hasiberria nintzela, Nazionalean buru izatea lortu nuen, horregatik uste dut hori lortzea errazena izango dudala. Beste biak lortzea ere posible da, baina urte bitan hirurak irabaztea latza izango da.

-Lan handia exijituko dizu horrek, inondik ere. Familia bisitatzeko denborarik al duzu?

Bai, askotan noa etxera. Gabonetan hilabete osoa, ia-ia, eta udan, azken lehiaketa bukatzen denetik, eskolak, abuztu aldean, atzera ere hasten ditudan arte.

-Etxean zaudenean, zerk ematen dizu ilusio handien?

Familia eta lagunak ikusteaz gain, bazkariak. Beti esaten dena da, baina egia da. Aitite eta amamarekin jaten dut lehen egunean, beti. Arrautza-irinetan pasatutako lebatza da gustukoen dudana. San Mamesera joan ezin izateak ematen dit pena handien, partida guztietara joaten nintzen lehen.

-Euskal Komunitate garrantzitsua dago Estatu Batuetan, erlaziorik al duzu beraiekin?

Egia esan orain artean ez, baina Facebook bidez nirekin harremanetan sartzera animatzen ditut, zinez. Eta ahal badute, hurbil daitezela txapelketaren batetara.

Facebook bidez Jon Rahm-ekin harremanetan sartzeko, hemen.
Jon Rahm-en hurrengo txapelketan non eta noiz izango diren ezagutzeko, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia