euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jendea dantzarazten duen eta dantzaldi gidatuak eskaintzen dituen Errebal taldeak bira hasi du AEBetan

2017/07/14

Errebal taldea atzo Reno-Sparks-eko Victorian Square-n eskaini zuen emanaldian (arg. Lisa Corcostegui)
Errebal taldea atzo Reno-Sparks-eko Victorian Square-n eskaini zuen emanaldian (arg. Lisa Corcostegui)

Dantzarako musika da Errebal taldeak jotzen duena. Jendea dantzan jartzeko musika. Izan ere, ez dakitenak ere dantzatzera gonbidatu eta pausoak nola eman erakutsi eta horiek ere dantzan jartzen dituzte. Dantzaldietan partaidetza eta aktubotasuna bultzatu eta sustatze duen musikari talde hau Estatu Batuetan da eta atzo beratn eman zuten euren lehenengo kale emanaldia Renon, bertako euskal festen aitzindari gisa. Beste zenbait emanaldiren artean, datorren astean Wyomingeko Buffalon joko dute, NABOren Biltzar Nagusiko festetan.

PUBLIZITATEA

Reno, Nevada, AEB. Partaidetza bultzatzea eta jendeari dantzatzeko erraztasunak ematea da Errebal talde gipuzkoarraren helburua. Trebeak dira horretan eta eskarmentu polita daukate musika, dantza eta bi horien arteko loturetan talde osatzen duten lau kideek. Estatu Batuetan arituko direnak dira: Ixak Arrutik, gitarran; Eneko Dorrondorok, trikitixan; Julen Fagoagak, dantza-maisutzan; eta Gari Otamendik, arrabitan.

Euretako batzuk ibiliak dira dagoeneko Estatu Batuetan dantza irakasle, bai NABO Udaleku-n, baita Añorgako Arkaitz dantza taldeko kide gisa ere. Baina oraingo hau esperientzia berria izango dute, festa animatzaile eta publiko amerikarrari --batzuk euskal jatorrikoak eta beste asko batere-- erromerian bertan pausoak erakusten eta han bertan dantzarazten.

Bi aste iraungo ditu euren emanaldi-bira estatubatuarrak. Aste honetan, Renoko Euskal Festak direla-eta, egunero arituko dira ostegunetik igandera bitartean: atzo, Sparks-eko Victorian Square-n izan zen hitzordua, Nugget kasino konplexu ondoan; gaur, berriz, festen hasiera eguna, Reno erdiguneko Santa Fe euskal ostatuan izango da; bihar larunbata, Renoko Wingfield parkean, euskal piknikeko parte; eta igandean, ostera, Renoko beste euskal ostatuan, Louis' Basque Corner-en.

Datorren astean, berriz, Wyoming estatura mugituko dira, Renotik 1.600 kilometrora dagoen Buffalo herrira, bertan egingo baita 2017ko NABO Biltzar Nagusia bilkura horri lotutako NABOren aurtengo festa nagusia. Honela, uztailaren 20an, Oesteko eraikin peto-peto eta historiko batean joko dute, Buffaloko kale nagusian dagoen Occidental Hotel-en; ostiralean, Crazy Woman Square plazan arituko dira, beti ere NABO Euskal jaien baitan; larunbatean, Buffaloko Washington Park-en; eta igandean baita ere, NABOren festa handia iluntzean akitu arte.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia