euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jean Louis Bergara eta bere musikariek Saint Pierre eta Miquelon eta Ternuako bazterrak alaituko dituzte abuztu honetan

2018/08/02

Ezker-eskuin: Beñat Chaubadindeguy, Jean Louis Bergara eta Battite Garat Saint Pierre eta Miquelonen eta Ternuako Placentian izango dira abuztu honetan
Ezker-eskuin: Beñat Chaubadindeguy, Jean Louis Bergara eta Battite Garat Saint Pierre eta Miquelonen eta Ternuako Placentian izango dira abuztu honetan

PUBLIZITATEA

Baiona, Lapurdi. Uda bizian --eta beroan-- gaude Euskal Herrian eta, hemengo herrietan ezezik, Diasporakoetan ere gori-gori dira euskal festak. Saint Pierre eta Miquelonen, gutxi falta da urtero abuztu erdialdean egiten dituzten Euskal Bestetarako. Aurten abuztuaren 13tik 19ra izango dira eta bertan euskal erritmo eta aireak ezartzera berehala abiatuko dira Euskal Herritik Jean-Louis Bergara soinujotzailea eta bere lagun Battite Garat tronpetari kanboarra eta Beñat Chaubadindeguy baterista baionesa. Ondotik, Ternuako Placentiara segituko dute bidea, han ere 21an euskal musika jotzeko.

Larunbatarekin batera, abuztuaren 19a. igandea, izango da aurten Saint Pierreko Euskal Besten egun nagusia, baina aurreko aste osoan egitarau bete samarra izango dute, egunero pilota partidak herriko kantxa irekian, horiek, adibidez, aipatu hiru musikarien aireak lagun. 19a aipatuz, ordea, eguna mezarekin hasiko dute, eta ondotik etorriko dira emakume eta gizonen pilota partidak Euskal Herriko pilotariak partaide, janari-edariak, herri kirolak, bertako euskal dantzak... eta dantzaldi publiko luze bat Jean-Louis Bergara eta bere lagunen eskutik.

Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Etxea 2017 hondarrean ofizialdu zen Eusko Jaurlaritzaren aurrean eta aurten hartu du parte lehenengo aldiz NABOren bilkura batean, politikoki Saint Pierre eta Miquelon Frantziako parte bada ere, bere testuinguru naturala Kanada eta Estatu Batuetako euskal etxeekin baitago eta, izan ere, hasia du azkeneko urteetan bereziki Quebec-eko Euskaldunak-ekin eta AEB ekialde kostako eskal etxeekin hurbiltze eta partekatze dinamika bat.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia