euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak onespena eman dio Euskal Gizataldeetan Premia Larrian daudenen 2018ko deialdiari

2018/06/06

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu topaketa batean herritar euskal venezuelatarrekin
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu topaketa batean herritar euskal venezuelatarrekin

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak onespena eman dio bere astearteetako Kontseiluan, munduko Euskal Gizataldeetan premia larrian dauden herritarren egoera eta laguntza-beharrei aurre egiteko 2018ko Deialdiari. Orain artean bezala bezala, dirulaguntzok Euskal Etxeak lankide bideratuko dira eta kopurua zerbait igo dute, aurtengoan 202.000 euro banatuta. Onepenaren ondotik, Deialdia datozen egunetan argitaratuko da EHAA buletin ofizialean, eta hortik aurrera hilabete epea zabalduko da eskabideak aurkeztu ahal izateko.

Vitoria-Gasteiz. Atzo onartutako laguntzei esker arreta jasoko dute gizarte-bazterketako egoera larrian dauden pertsonek, dela herrialde batzuetan izandako moneta-oszilazioen eta ekonomia-gabezien egoeragatik, dela adinagatik, dela gabezia-egoerengatik, dela osasun-krisialdiengatik edota bat-batean sortutako istripuen ondoriozko ezgaitasunengatik, gogoratu du Jaurlaritzak ohar batean.

Eskatzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Euskal gizataldeko kidea direla egiaztatzea
b) Atzerrian bizitzea
c) Laguntzako beharrei edo premia larriko egoerei aurre egitea ahalbidetzen duten ondasunik edo diru-sarrerarik ez edukitzea
d) Etxe partikularretan bizitzea, eta araudi edo estatutuengatik laguntza eman behar dieten talde, komunitate edo erakundeetako kide ez izatea

Laguntzak emateko orduan familiako egoera ekonomikoa hartuko da kontuan herrialdeko batez besteko errentarekin lotuta, bai eta osasun-gertakizunaren edo premia handiko egoeraren larritasuna eta eskaera beharretara egokitzea ere.

Eskatutakoaren ehuneko 100era iritsi ahal izango dira laguntzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen oinarrizko errentaren zenbatekoa izango da muga; nolanahi ere, osasun-gertakizunei aurre egiteko laguntzek ez dute muga hori izango.

Deialdia datozen egunetan emango du argitara EHAA buletin ofizialak eta argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epea zabalduko da eskabideak aurkeztu ahal izateko. Egoera honetan bazaude, kontaktatu zeure euskal etxearekin edo hurbilen duzunarekin (eurak izango dira bitartekari), Euskadiren Ordezkaritzekin edo zuzenean Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzarekin argibide eta xehetasunak eskuratu ahal izateko (euskaletxeak@euskadi.eus).

Venezuela hartzaile nagusia

2003an abiarazi zenetik, Eusko Jaurlaritzak urtero deitu du laguntza-programa hau. 2017ko deialdian 194.642 euro esleitu ziren, 6 herrialdetako 16 euskal etxetako 111 familia-unitateren beharrei atenditzeko. Venezuelara bideratu dira ahalegin handienak (%37), eta bere atzetik daude Argentina (%22), Kuba (%19), Txile (%18), Uruguai (%3) eta Erresuma Batua (%1).

Hartzailearen profila emakumezkoena da, gogoan hartuta 111 familia-unitate horietako 76k emakume bat duten familiaburu.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia