euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaio berria den Azul hiriko ‘Arima Gazte’ dantza taldeak jantzi berriak estreinatu zituen bertako Gizataldeen Jaian

2014/11/27

Azulgo Gizataldeen Jaialdia: dantza eta arropa berriak zabaldu zituzten dantzariek udaletxearen aurreko tauletan (argazkia EE)
Azulgo Gizataldeen Jaialdia: dantza eta arropa berriak zabaldu zituzten dantzariek udaletxearen aurreko tauletan (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Euskal partaidetza handia izan du aurtengo Azulgo Gizataldeen Jaiak. Izan ere, hiriko euskal etxeko kideekin batera Las Floresko Loretako Euskaldunak euskal etxekoek ere hartu zuten parte kolektibitateen omenezko egindako ekitaldian. Dantza ikuskizunean, baserritar jantziak luzitu zituzten lehen aldiz ‘Arima Gazte’ talde azuldarreko dantzariek.

Azul, Argentina. Udal Gobernuak, Kultur eta Hezkuntza Idazkaritzak eta Azul partiduko kolektibitate antolatuek deiturik, Gizataldeen XIX. Jaialdia egin zen azaroaren 23an hiriko San Martin Plazan. Ekitaldia iluntzeko 7etan hasi zen sukaldaritza txosnen irekitzearekin batera eta gauerdi arte luzatu janari tipikoen salmenta, kolektibitateen desfilea eta dantza eta musika ikuskizunak batu zituen programa batekin.

Berri honekin batera, Azulgo euskal etxeak jakinarazi digu Sofía Palermo dantzariaren eskutik sortutako ‘Arima Gazte’ dantza taldeak joan den urrian izan zuela bere debuta Aniztasunaren Errespetu Eguneko hiriko zeremonian. Lehenengo emanaldi horretan Zazpi Jauzi dantzatu zuten dantzariek. Taldeko zuzendariari dagokionez, euskal etxetik azpimarratzen dute Sofía Palermo Gaztemundu programaren aurtengo edizioan hartu duela parte, joan den uztailean.

Ekintzekin jarraituz, abenduaren 3an bertan bi proposamenekin ospatuko du Azulgo Gure Txokoak Euskararen Nazioarteko Eguna; alde batetik, umeentzako aktibitate batera gonbidatuko ditu hiriko haurtzaindegi bateko umeak; bestetik, euskal etxeko kaleko dendei izenak euskaraz jarriko dizkio.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia