euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Jai Alai Blues" dokumentala, zesta puntaren munduari begirada gazigozoa, Bilbon ikusgai bihar

2015/10/28

"Jai Alai Blues" dokumentalaren kartela
"Jai Alai Blues" dokumentalaren kartela

PUBLIZITATEA

70. hamarkadan Miamiko frontoietan aritzen pilotariak rock izarrak bezala ziren: dirua barra barra irabazten zuten, festetara gonbidatzen zituzten... Gaur egun ordea, gainbehera etorri da zesta-puntaren mundua, bai behintzat AEBetan. "Jai Alai Blues" dokumentalak kamara aurrean jarri ditu pilotariak, Mexiko, Kuba eta AEBetako frontoien historia barrutik kontatzeko. Bihar Bilboko Azkuna Zentroan estrenatuko da eta azaroaren 6ean Euskal Herriko zinematara iritsiko da.

Bilbao, Bizkaia. Zesta punta zaletasun handi dago Gernikan, eta zaletasun horrek gidatuta, Ameriketako Jai Alaiari buruzko dokumentala egin dute Gorka Bilbao eta Zigor Etxeberria gernikarrek. Donostiako Zinemaldian estrenatu zen "Jai Alai Blues" eta bihar Bilboko Azkuna Zentroan egingo da aurre-estranaldia.

"Zigor txikitatik ibili da jai alai eskolan eta han sekulako istorioak entzun ditu. Horiek kontatzeko grina zuen", azaldu dio EuskalKultura.com-i Gorka Bilbao zuzendariak. Diaspora munduari buruz egiten duen bigarren dokumentala da hau, izan ere 2010ean AEBetako Oesteko euskaldunei buruzko "Amerikanuak" egin zuen. Oraingoan AEBetako ekialdiean (Miami, Orlando...), Kuban eta Mexikon ibili dira. "Lan oso pertsonala zenez, elkarrizketa andana grabatu ditugu. Pilotari batek beste bati buruzko zeozer kontatzen zigun, honek beste harena... eta azkenean material mordoa bildu genuen. Zer moztu erabakitzea izan da zailena".

Urrezko urteak

Dokumentalak Jai Alaiaren urrezko urteen testigantza zuzena eskaintzen du, pilotarien euren ahotan. "50. hamarkadan, pilotariak oso ezagunak ziren. Bizizale fama zuten, gauez lan egiten zutelako, apustuen munduan. Eta 70. hamarkadan mundu honek goia jo zuen. Aktoreekin ibiltzen ziren, festa guztietara gonbidatzen zituzten, kasinoak, apustuak...", azaldu du Bilbao.

Mundu horretatik ezer gutxi gelditzen da orain, eta Jai Alaia bazterturik gelditu da, batez ere AEBetan beste kirol eta apustu moduen lehiak garaiturik. Hortik izenburuko blues hori, iragan garaien nostalgiaren adierazle. "AEBetan ez da zeta punta kirol gisa sustatu, baizik eta festa eta apustu gisa. Mexikon, aldiz, esentzi gorde egin da eta orain DFn frontoi handi bat irekitzeko asmoa dago, 2016rako", adierazi du Bilbaok.

Euskal etxeetara

Dokumentala Bilbo, Donostia eta Gasteizeko zinematan egongo da ikusgai azaroaren 6tik aurrera eta gero nazioarteko zinemaldietan aurkeztuko da. Bilbaoren esanetan, fase hori agortu eta gero euskal etxeetan erakutsi nahiko luketa filma, "Amerikanuak" dokumentalarekin egin zuten bezala.

"Kasu hartan AEBetako euskal etxeetan erakutsi genuen gehienbat, hango euskaldunei buruzkoa zen eta. Baina oraingoan nire ustez Jai Alaiak eta zesta puntak Diasporako beste euskal etxeetan ere interesa sor dezake", amaitu du gernikarrak.

Dokumentala zure euskal etxean erakusketako interesa baduzu, idatzi info@berdeprodukzioak.com helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia