euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Izotz Aldana: "Shanghaiko Euskal Etxeak indarra ematen digu, elikatu egiten gaitu eta ez gastronomikoki soilik"

2014/10/16

Izotz Aldana, Shanghaiko Euskal Etxeko lehendakaria da 2014an.
Izotz Aldana, Shanghaiko Euskal Etxeko lehendakaria da 2014an.

PUBLIZITATEA

2010etik bizi da Shanghain Izotz Aldana. 38 urteko gernikar hau lanak eraginda iritsi zen Txinako finantzen eta ekonomiaren hiriburu den honetara, beharrean ari zen Arrasateko enpresak lantegia zabaldu baitzuen bertan. Hasieran ez zuen ongi pasa, egokitu arte, baina egun, bertan dagoeneko lau urte pasexe eman ondoren, geratzeko planak dauzka, "beste pare bat urte", dio. Izotz Txina osoan dagoen euskal etxe bakarreko lehendakaria da.

Joseba Etxarri. Euskal emigrazio berria da, edo berrietako bat, munduan zehar, Mexiko, Brasil, Txile, India edo Txina bezalako herrialdeetan zabaltzen joan diren euskal enpresa eta lantokiekin bat emigratu duten gure profesional gazteena. Izotz Aldanak Fundizioa eta Hauts-Metalurgia ikasi zuen Markinako Politeknikoan eta praktikak Arrasateko PMG Polmetasa enpresan egin zituen, eta ondoren bertan hasi zen lanean. urte batzuen ostean enpresak ekoizpen-lerro bat ireki behar zuela iragarri zuenean e zuen zalantzarik izan. Lau urte paseak daramatza eta gustura dagoela dio.

-Zelan moldatzen zara txineraz?

-Enpresan normalean ingelesez egiten dugu berba. 170 langile gara, eta gerentea eta neu kenduta guztiak dira txinatarrak, baina hirietan bizi diren txinatarrek eta goi hezkuntza daukatenek normalean ingelesa ere badakite. Gure langileak gazteak dira eta soslaia horretakoak. Izan ere, neu, adinari begira, lantegiko zaharrenetakoa naiz.

-Zer ekoizten duzue?

-Autoentzako motelgailu edo amortiguadore piezak, Egiten duguna Asiako merkatuan saltzen da, gehienbat Txinan bertan.

-Jauzi handia Gernika edo Arrasatetik Shanghaira heltzea...

-Lehenengo hiru hilabeteak oso gogorrak egin zitzaizkidan, oinez bueltan joateko modukoak. Bakarik zaude gauza batzuetan, zerotik hasten zara eta laguntza baduzu, bideokonferentziak daude, zalantzaren bat badaukazu jende asko daukazu laguntzeko prest, baina ezin ekidin apur bat isolatuta egoteko sentimendua. Orain, berriz, pozik, oso gustura nago.

-Zer esan zizuten etxean Txinan lanean hasi behar zenuela esan zenuenean?

-Aukera baliatzeko, hartzeko, mundua ezagutzea gauza handia dela. Aita gernikarra daukat eta ama bermeotarra, baina aita urtetan  zestalaria izan zen, profesionala, eta ni, gernikarra banaiz ere, Yakartan, Indonesian jaio nintzen, nire aitan bertan baizegoen jaialaian beharrean. Indonesian pare bat urte eman eta gero Floridara, Orlandora pasatu zen jokatzera. Han beste pare bat urte bizi eta Gernikara bueltatu ginen, zesta utzi eta taberna bat jartzeko. Orduan pilotari ibili zirenek elkar ezagutzen dute eta batzen dira oraindik lantzean behin bazkariren bat egiteko. Azkena, orain pare bat urte Markinan egin zuten eta hogeita hamar bueltan batu ziren.

-Zer da Txinan gehien harritzen zaituena?

-Guztia da oso bestelakoa, Txina oso desberdina da gurekin konparatuta. Esan beharra dago, baina, Shanghai ez dela Txina osoa; oso hiri modernoa da, 24 milioi biztanle dauzka eta herrialdeko finantza zentroa da. Kontrastez beteta dago. Aireportuan jaitsi eta berehala topa ditzakezu bizikletak eta hemengo kotxe arraro batzuk, zure bizitza guztian ikusi ez dituzunak, eta ondoan Ferrari ikaragarri bat edo antzeko autoren bat, hori ere zeure bizitza osoan ikusi ez duzuna. Ohiturak eta moldeak oso desberdinak dira. Guretzat normalak diren jokamolde batzuk eurentzat edukazio falta dira eta alderantziz. Nik, esaterako, eskuak asko mugitzen ditut berba egiterakoan eta hemen hori ez dago ondo ikusia. Edo zure jefearekin berbetan bazaude eta telefonoz deitzen badizute, guk normalean ez genuke deia hartuko baina hemen normala da erantzutea eta berbetan hastea. Baina aldi berean egia da txinatar asko, gazteak bereziki, gero eta gehiago ari direla mendebaldeko ohituretan sartzen.

-Nola dabil bizimodua?

-Ez da leku merkea. Edo segun eta hiriko ze auzora zoazen. Atzerritarrak ibiltzen diren erdigune aldera bazoaz, askoz ere garestiagoa izango da erdigunetik urrunago eta txinatarrak baino bizi ez diren leku batera bazoaz. Atzerritar asko ibiltzen diren Laowai kalera bazoaz, adibidez, garagardo bat  40 edo 50 yuan ordainduko duzu, baina garagardo bera beste auzo urrunagoko batean 10-15 yuan edo gutxiago izan daiteke.

-Shanghaiko Euskal Etxea 2004an sortu zen. Zu 2010ean etorri zinen, eta hiru eta gero bazkidetu.

-Hasieran ez nuen izan Euskal Etxearen beharrik. Etorri eta urte bi t'erdi edo hiru urtera sartu nintzen. Espatriatu batzuk bloke berean bizi ginen, bi ingeniari, bat austriarra eta kanadatarra bestea, eta hasieran hemen egon zen Arrasateko nire nagusia eta gure gerentea, alemana, baina horiek ere bueltatu ziren. Egun batean Markina elkarrekin ikasitako lagun batek deitu zidan, Shanghaira zetorrela eta bere bidez ezagutu nuen Garazi, Iurretako neska bat, eta bera zen momentu horretan Euskal Etxeko lehendakaria. Eta honelaxe hasi nintzen joaten.

-Nolakoa da Shanghaiko Euskal Etxea?

-Berrogeita hamar bazkide gara. Egoitza badugu eta ekitaldiak antolatzen ditugu bertan. Esaterako, datorren larunbatean Arrasateko Maritxu Kajoi festa ospatuko dugu; dagoeneko (asteartean egin dugu elkarrizketa) 75ek eman dute izena eta, beraz azkenean kanpoan ospatuko dugu, jatetxe batean. Esan dezagun Shanghaiko Euskal Etxea jende askoren ahaleginen eta konpromisoaren emaitza dela eta horri eustea garrantzitsua dela guretzat. Ihesbide bat ere bada, indarra ematen digun leku bat, hornitu eta elikatzen gaituena, eta ez janariz bakarrik. urtero berritzen dugu Zuzendaritza Batzordea eta bolondresak eskatu ohi dira. Niri proposatu zidatenean, zergatik ez?, esan nion neure buruari. Baina lan-taldea gara. Batek agertu behar du paperetan lehendakari eta neri tokatu zait, baina eskerrak eman nahi dizkiet nirekin batzordean dauden Gaizka, Ainara eta Rikardori, eta Euskal Etxeko bazkide guztiei. Politena da giro onean egiten direla gauzak. Urtero urtero beti dago norbait prest hurrengo urtean lekukoa jasotzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia