euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

IV. Mundu Biltzarrak 18 herrialdeetako euskal etxeen 150 bat ordezkari bilduko ditu astelehenetik aurrera

2007/07/07

Bill Douglass euskal diasporan aditua, 2003ko Mundu Biltzarrean (argazkia EuskalKultura.com)
Bill Douglass euskal diasporan aditua, 2003ko Mundu Biltzarrean (argazkia EuskalKultura.com)
Ehunda berrogeita hamar bat pertsonek hartuko dute parte astelehenetik aurrera Bilbon, Euskalduna Jauregian eta ostiralera arte egingo den Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarrean. 'Zubigintzan' da lau urtean behin antolatzen den bilkura honen aurtengo edizioaren eslogana. Honako herrialdeetako ordezkariak bilduko dira Bilbora: Argentina, Australia, Brasil, Kanada, Kolonbia, Kuba, Txile, El Salvador, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Mexiko, Peru, Erresuma Batua, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.

PUBLIZITATEA

Guztia prest da Bilboko Euskalduna Jauregian, astelehenean hasiko den Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarrari hasiera emateko. Lau urtean behin gauzatzen den hitzordua da honakoa, beti ere munduan zehar barreiatuta dauden euskal etxeen arloaren osasunari neurria hartzeko deitua, azkeneko Mundu Biltzarretik hona eginiko aurrerapenei erreparatu eta orduan ezarritako helburuak eta programak bete diren ala ez ikuskatzeko, arrazoiak ere aztertuz. Parada baliotsua da biltzeko, elkarrekin ideiak trukatzeko, ekimen zahar eta berriak eztabaidatzeko eta Eusko Jaurlaritzari proposamenak aurkezteko. Aurreko lau urteetan egin dakoa aztertzeaz gaun, datozen lau urteetarako plangintza berria egitea da emaitza praktikoenetako bat.

Biltzarrean, Euskal Etxeen federazio bat daukaten herrialdeetako hiruna ordezkarik hartzen du parte. Bost herrialderen kasu da: Argentina (FEVA), Espainia ('Euskal Herria' izeneko federazioa), Estatu Batuak (NABO), Uruguai (FIVU) eta Venezuela (FCVV); baita ere Jaurlaritzak ofizialki onartutako euskal etxe bat gutxienez daukaten herrialdeak, hauexek: Australia, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Kuba, El Salvador, Frantzia, Italia, Mexiko, Peru, Erresuma Batua eta Dominikar Errepublika. Hauek guztiak igorri dute ordezkaritza Biltzarrera. Aldi berean, erregistratutako euskal etxeak izanagatik, bertan parte hartzeko paperak bidali ez dituztelako ez dira egongo Andorra, Paraguiai eta Puerto Ricoko euskal Etxeak.

Ia 150 parte hartzaile

Herrialde bakoitzeko ordezkariez gain, kongresista gisa arituko dira, zuzenean Lehendakariak gonbitatuta, beste hauek: Miguel Asqueta (Uruguai), Mary Gaztambide (USA), Agurtzane Aguado (Uruguai), Carlos Sosa (Argentina), Agustina Irastorza (Argentina), Carlos Orue (Australia), Lourdes Artano, Mariluz Artetxe (Argentina), Juan Cruz Uriarte (Argentina), Xabier Berrueta (Estatu Batuak), John Ysursa (Estatu Batuak), Pierro Etcharren (Estatu Batuak), Guillermo Canut (Argentina) eta Eduardo Torry (Argentina).

Kongresuko partaide izango dira baita ere Biltzarreko programaren une diferentetan hizlari eta gai-aurkezle ibiliko diren hamar aditu eta akademikoak. Biltzarrari euskarri eta oinarria ematen dion 8/1994 Legeak dioenez, eskubide osoko kongresista dira Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeko kideak, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoak eta Eusko Legebiltzarreko parlamentari taldeetako ordezkari bana.

Azkenik, aurten ere --duela lau urte bezala-- partaide izango dira, mintzatzeko baina ez bozkatzeko, Gaztemunduko jardunaldietako gazteak. Mundu Biltzarraren aurreko astean bildu dira Diasporako herrialdeetatik Euskal Herrira --aurten Argentina, Peru, Estatu Batuak, Kolonbia eta Uruguaitik-- hogeita hamar gazte, eta euren bilkuran eztabaidatu eta gogoetak egin ondoren, Biltzarrera ekarri ahal izango dituzte euren ikusmolde eta proposamenak.


Lotura interesgarriak

IV. Mundu Biltzarra: Zubigintzan
Biltzarrari buruzko informazio Jaurlaritzaren webgunean

Gaztemundu hasi da Bilbon
BasqueHeritage.com-en 2007ko ekainaren 30ean argitara emana

Jaurlaritzak ofizialdutako munduko Euskal Etxeen zerrenda
160 mundu osoan

Biltzarrean parte hartzeko agiridun bihurtzeko epea, akituta
BasqueHeritage.com-en 2007ko maiatzaren 8an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia