euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itxaro Borda, 'Noiztenka' poema bilduma atera berria: «Nire izpiritu intimoa munduan barna ibiltzen utzi dut»

2007/11/22

Itxaro Borda idazle eta poeta (arg. Ainara Borda)
Itxaro Borda idazle eta poeta (arg. Ainara Borda)

PUBLIZITATEA

'Noiztenka' poesia bilduma plazaratu berri du Itxaro Bordak, Maiatz argitaletxean. Biziaz eta munduaz duen ideia koplaren kaiolan sarturik, bakardadeak inguraturik. Honela aipatua da liburua idazleak Xan Airerekin ukan duen solasaldian, Berriaren orrialdeetan. Orain arte ilunpeko irudia eskaintzen zuen idazlea argien azpian ipini eta ezkutuan zeuden bere alderdiak eta barne izaera erakusten ditu, dagoeneko dendetan den liburu intimo hau osatuz.
Goizeko epeltasunean, eskularruekin agertu da Itxaro Borda (Baiona, 1959), Baiona Ttipiko San Andres plazan. Irribarretsu, hitzordua ez zuela ahantzia azpimarratuz. Noiztenka bere zortzigarren olerki bildumaren plazaratzeko, Maiatz argitaletxea hautatu du, «usaia dudalakoan, abentura horretan partaide naizelakoan, aldizkatzeko». Ilunak izateko fama dute Bordaren olerkiek. Badirudi aldaketaren liburua dela Noiztenka, sentsuala eta bakardadeak josirik.

-Arazo bat dut. Noiztenka irakurri ondoan, ez zaitut batere ezagutzen, baina liburua errotik intimoa dela iduritzen zait.

Intimoa da, bai. Nire olerki gehienak bezala. Beharbada, ez nauzu ezagutzen, liburu honetako olerki gehienak iluminatuak baitira, eta aitzinakoak ilunago baitziren. Hori izango da...

-Nondik dator ba aldaketa hori?

Gehienbat Baionara etorriz geroztik sentitzen dut aldaketa. Eta ene militantismoaren mundutik, edo gauetik ateratzearen ondorio ere bai. Iduritzen zait, Maulen nintzenean, ikastolako arduradun eta horrelako gauzetan, beti gauez bizitzen nintzela, ilunpean --ilunpe egiazkoan eta metaforikoan-- eta hona etorriz geroztik alderantzizkoa dela. Ez naiz sekula hain lasai eta sakon sentitu bizi izan naizen hainbeste lekuetan. Nahiz eta halako fribolo eta debalde aire bat dudan, aldaketa hori sentitzen dut. Aldaketa horrek baditu ondorioak izkiriatzeko maneran, eta bizitzaren aipatzeko maneran.

-Noiztenka bilduman, 2000. urteko olerkiak daude, eta aurtengoak ere bai. Aipatzen duzun aldaketa hori sentitzen da zazpi urtez zure olerkietan?

2000. urtekoetan, gehiago zen aldaketaren aitzineko harridura bat, eta zazpi urte berantago --eta euskaldunek maite dugu zazpi zenbaki hori-- kanbiamen horren aurka egiteko partez, alde egiten dut. Hortik abiatzen naiz idazteko. Eta liburu honetan egia da bide hori agertzen dela. Bide intimoa da, baina ez da bakarrik gela bakar batean zerraturik gertatu den aldaketa. Munduari kantu bat da ere. Eta agertzen dira Europako leku batzuk, Euskal Herriko anitz...

-Zergatik leku horiek?

Lekuak izugarri maite ditut. Ingurumenak... jendeak... emazteak. Eta horietaz oroitzeko molde bat idaztea da. Alde horretatik, idazle arkaikoa naiz. Ez dut idazten niretzat bakarrik, baina oroitzeko. Herriko zaharrek horrela egiten zuten, eta nik ere bai!

-Jendeak maite dituzula azpimarratu duzu... Baina bakardadea sentitzen da liburu honetan...

Hori hor da beti. Eta hein horretan da gertatzen aldaketa. Preseski, hainbat urtez, aitzineko liburuetan, bakartasuna gaitz edo min bat dela ikusten ahal den bezala, liburu honetan opari bat bezala da. Hori da funtsezko aldaketa.

-Zer, azkenean Itxaro Borda optimista da?

Betidanik optimista izan naiz! Ez du iduri, baina betidanik. Ez da optimismo soila, argitasun zerbait da munduaren eta ingurumenaren ikusteko moldean.

-Noiztenka liburuan biluzten zarela erran daiteke?

Bai... Baina liburu guztietan bezala. Biluzi baino gehiago, nire izpiritu intimoa munduan barna ibiltzen uzten dut hemen. Ez dut aipatzen goizetan umore txarrarekin esnatzen naizela. Aipatzen dut, baina ikusmolde baikor batekin. Euskal politikaz, euskaldun izateari, bozkarioari himno bat bezala egiten dut Euskadi Morning Kalaka olerkian. Beti negarrez ari gara... Xalbadorrek kantatzen zuen bezala, frantses edo espainol sortu banintz hobe. Erran horren funtsa arintzeko-edo idatzi dut olerki hori. Euskaldunak sortu gara, plazer har dezagun euskaldun izanez, ditugun arazoekin. Hor ere ez nuke horrela aritu behar. Serioski behar da hartu euskal politika, ez friboloki. Baina, hala ere, nire proposamena da, liburu honetan bederen.

-Asumitzeaz ari baitzara, zure sexualitatearen printzak agerrarazten dituzu hemen...

Beti agertu da nire liburuetan. Beti hitz gordeka, poetikoki. Baina horrek behar du poesiaren sekretua gelditu. Baina egia da hemen argiagoa dela. Nire lan guziak zeharkatu dituen homosexualitatearen aipamen hori inportantea da, biziaren ikusteko molde bat baita. Baina ez da horretan gelditu behar. Poesia nire amodiozko istorioen pare da. Su handi bat, erretzen zaitu, eta gelditzen den ikatza poesia da. Edo zubi baten gainetik soka batekin jauzi egitea bezala da olerkia.

-Edo orgasmo bat bezala?

Baliteke... Orgasmo ebaki bat.

-Azkenean, lehenago aipatutako aldaketa baztertuz, zer da Noiztenka?

Biziaren eta munduaren ikusmolde laztan suhar bat. Ez da liburu kontzeptu bat. Eta gero, beste etapa bat da, liburu bakoitza den bezala. Etapa bat da munduari buruz dudan gogoetan, nire ezagutzen edo ezezagutzen prozesu horretan ere, beharbada. Etapa bat ere irakurleei egin emaitza, edo «oparia», bide horretan.

-Bide argi horretatik segituko duzu?

Beharbada, bai. Egunerokoak erranen du, aitzinetik zaila baita erratea. Baina bide hori ongi doakidala sentitzen dut. Gauzak erran diren bezala, bortxatu gabe, ez baitezpada probokatuz, edo etsairik bilatu gabe. Niri hori gustatzen zait. Baina bide bakartia da.

(2007-11-21ean Berria-n argitara emana)


Lotura interesgarriak

Itxaro Borda, soslaia, obrak eta estekak
Literaturaren Zubitegian

Itxaro Bordaren soslaia eta estekak
Basqueliterature.com webgunean

Itxaro Borda, Wikipedian
eu.wikipedia.org/wiki/Itxaro_Borda

Itxaro Bordaren lau poema
Basquepoetry.net webgunean

Elkarrizketa Itxaro Bordarekin (2000)
Urtzi Urkizuk egina, Euskonews.com-en



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia