euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iruñeko txupinazoarekin hasiko dira Diasporako San Ferminak ere, Londresetik Quebec-eraino

2012/07/06

Aurten ere Iruñeko Udalatxearen plaza jendez lepo izango da txupinazoa zuzenean bizitzeko
Aurten ere Iruñeko Udalatxearen plaza jendez lepo izango da txupinazoa zuzenean bizitzeko
Mundu osoko milaka begi izango ditu so gaur Iruñeko Udaletxearen plazak, San Fermin jaiari hasiera emango dion txupinazoaren zain. Diasporan ere asko dira egun honen zain irrikaz izan diren Diasporako euskaldunak, euskal etxe askotan jai hau urteko garrantzitsuenetakoa baita. Londresen eta Venezuelako Caracasen eta Carabobon, adibidez, entzierroak ere egiten dituzte, izan bigantxekin edo izan gezurrezko zezenekin. Atzo El Salvadorreko eta munduko nafar etxeetako hitzorduen berri eman genuen; gaur Argentinako eta munduko euskal etxeen jaiak aipatzen ditugu. Gora San Fermin!

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Diasporako San Fermin jaiak gaur hasiko dira, Iruñakoekin batera, besteak beste Murtzian, bertako euskal etxeak afaria antolatu baitu. Menuan "pintxo nafarrak eta ajoarriero bakailaoa" iragarri dute elkarteko arduradunek eta bertaratu nahi dutenei zapi gorria jartzeko eskatu diete. Munduaren beste aldean, Uruguaien, Saltoko Euskal Etxeak ere gaur bertan egingo du jaia, Club Uruguay-en egingo den afariarekin (21:00tatik aurrera).

Zalantzarik gabe, egun handia bihar izango da --uztailak zazpi, San Fermin-- eta aurten larunbata denez euskal etxea askok egingo dute jaia. Horietako bat izango da Caraboboko Euskal Etxea, Venezuelan. Urteko hitzaldirik nagusienetakoa da hau Caraboboko euskaldunentzat eta betiko legez, jai aparta, "entzierroa" eta erromeria egingo dute. Entzierroa ez da zezenik izango, baina bigantxak aterako dituzte. Venezuelatik irten gabe, aurten Puerto La Cruz-eko Euskal Etxeak ere egingo du jaia, aspaldion izaten ari den pizkundearen seinale.

Entzierroa Londresen

Londresen ere jaiak urtetik urtera zaletu gehiago biltzen ditu eta ez da harritzekoa, London Basque Society elkartearen proposamenak dibertsioa eta algarak ziurtatzen dituelako. Bihar goizean, eguerdi aldera, euskaldunak euskal etxearen aurrean bildu eta "Running of the Bulls" entzierroa egingo dute inguruko kaleetan barrena. Zezena gezurretakoa izango da, noski, baina jai giro bikaina izango du ekitaldiak. Ondoren inguruko tabernatan poteoa edo pub crawling (ingelesetik pub-etik pub-era arrastaka edo horrelako zerbait) egingo dute London Fields parkeraino. Han piknika egingo da eta jokoak, musika eta jan-edana izango dira denontzako.

Québec-en Euskaldunak elkarteak ere San Fermin jaia antolatu du aurten eta biahr ospatuko dute eguna. Hitzordua 19:00tan izango da Montrealeko Club Espagnole delakoan. Elkarteko arduradunek sanferminetako jantzi tipikoekin agertzeko gonbitea luzatu diete bazkideei, hots, arropa zuria eta zapi gorria.

Sydney eta Caracas

Euskal Etxe batzuk egun batzuk atzeratuko dute jaia, hala nola Sydneyko Euskal Etxea. Ausraliar hiriko euskaldunek etzi ospatuko dute San Fermin, Gure Txoko elkartearen egoitzan egingo den bazkari jendetsuarekin. Ehun lagundik gora izena eman dute jada.

Bestalde, Venezuelan Caracasko Eusko Etxeak astebete atzeratuko jaia, datorren larunbata arte, horrela bazkide ahalik eta gehienei parte hartzea ahalbideratzeko. Pedro Javier Arriaga presidenteak agertu duenez jaia 11:00tan hasiko da euskal etxean eta "Triviño ganadutegiko zezenekin entzioerroa" eta babarrun-jan egingo dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia