euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iruñeko txupinazoak abiatuko ditu bihar Diasporan egingo diren San Ferminak, Australiatik Kanadaraino

2011/07/05

Seattle-en, AEBetan, halamoduzko 'entzierroa' ere -zezenik gabe, noski-- egin izan dute aurreko urteetan
Seattle-en, AEBetan, halamoduzko 'entzierroa' ere -zezenik gabe, noski-- egin izan dute aurreko urteetan

PUBLIZITATEA

Dena gertu dago Iruñean bihar San Fermin jaiak abiaraziko dituen txupinazorako, eta munduan zehar euskaldun askok ere irrikaz jarraituko dute ekitaldia, hainbat euskal etxeetan egingo diren jaiak iragarriko ditu eta. Nafar bat non, han San Fermin festaren bat. Zeresanik ez, noski, taldetxo bat biltzen duten munduko nafar eta euskal etxeetan. Mar del Platako nafar etxe argentinarrak, adibidez, astebeteko jai egitaraua osatu du. Beste batzuk, hala nola, Londreseko euskal elkarteak, entzierroa ere egingo dute.

Donostia-San Sebastián. Iruñean, Lesakan, eta Euskal Herriko beste zenbait herritan gertatzen den bezala, bihartik aurrera Diasporako euskal etxe askotan zapi gorriak aterako dituzte euskaldunek, santu nafarra omentzeko eta munduan sona gehien duten euskal jaiak ospatzeko. Elkarte gehienek bazkari edo afariren bat antolatu dute, batzuk dantzaldi eta guzti, eta urtetik urtera gero eta gehiago dira euren 'zezenak' atera eta 'entzierroa' egiten saiatzen direnak.

Argentinan, Mar del Platako Nafar Etxea da egitarau mardulenetakoa osatu duena. “San Fermín 2011” jaialdiko ospakizunak iragan uztailaren 2an hasi eta igandean bukatuko dira. Etzi "Jai Gazte Zuri eta Gorria" egingo dute elkarteko gazteek. 'Bien Jugados Rock' taldeak kontzertua emango du bertan, eta Iruñeko bigarren entzierroa ikusiko dute zuzenean telebistan. Bertaratzen direnei zurigorriz janzteko eskaria egin diete antoltzaileek.

Igandean, uztailaren 10ean, San Ferminen omenezko meza eta eskaintza egingo dute Pompeya Berriko Amaren elizan (Avenida Libertad eta Olazabal). Meza ostean Sexta Merindad dantza taldeak erakustaldia egingo du, eta ondotik San Fermin bazkaria egingo dute elkarteko kideek “Unione Regionale del Molise” elkartean (San Martin 6962).

Seattle, Mexiko, Caracas eta Carabobo

Seattle-en, AEBtan, San Fermin jaiak badu jada tradiziorik. Aurreko urteetan, Harvest Vine jatetxeko jabeek antolatuta, bertako euskaldunek eta sanfermin zaleek hiriko kaleetan zehar 'entzierroa' eta guzti eginez ospatzen zuten eguna. Aurten jaia Harvest Vine jatetxean egingo da, etzi, eta aurreko urteetako bideoak izango dira ikusgai. Menua berezia izango da: pintxo dastaketa eta kalimotxoa edateko. Carolinek, Harvest Vine-eko jabeak, agindu du gonbidatu egingo dituela zuriz eta gorriz jantzita agertzen diren lagunak.

Hegoalderago, Mexiko Hirian, Euskal Etxeak larunbatean egingo du bere San Fermin jaia, horrela ahalik eta bazkide gehienek izan dezaten parte hartzeko aukera. Beste hainbeste gertatuko da Venezuelako Caracasen eta Carabobon. Biek ala biek, euskal elkarte venezuelarrek larunbatera atzeratuko dute jaia. Caracaseko Eusko Etxean pintxoak eta sanferminetako ezusteko asko izango direla iragarri dute antolatzaileek. Carabobon, Valenciako euskal etxearen egoitzan egingo dute jaia.

Entzierroa Londresen

Londresen ere jaia larunbata bitartean atzeratuko dute. Asteburuan Ingalaterrako hiriburuko kaleak hartuko ditu London Basque Society elkarteak San Fermin ospatzeko, 'entzierro' eta guzti. Hitzordua eguerdian dute Oxford House elkartearen parean (Bethnal Green), Londreseko euskaldunek eta jaian parte hartu nahi duen edonork. Handik Derbyshire kaleraino joan eta Estafeta izena jarriko diote karrika estu honi, bertan egingo baitute entzierroa, 'euskal labeldun zezenarekin'. Entzierroaren ostean kalejira-poteoa egingo dute, trikitixak lagundurik, London Fields parkeraino. Han, piknika, jolasak, sangria eta trikitixarekin jarraituko du jaiak.

Argentinan, Buenos Aireseko Euskal Kultur Etxeak (Eusketxe) ere larunbatean ospatuko du San Fermin. Jaiari hasiera emateko kultur ekitaldi bat iragarri dute Eusketxeko lagunek: 'Euskal emakumea' gaiari buruzko hitzaldi bat, Koldo Zabalondorekin (baldin eta sumendi txiletarraren errautsek bidaia baimentzen badiote, astebetez oztopatu baitiote jadanik Buenos Airesko aireportura heltzea). Ondoren, 21:30etan, elkarteko kideek eta lagunek afaria egingo dute, euskal eta argentinar sukaldaritza uztartuko dituen menuarekin.

Tandilen, jaiak ostiralean hasiko dira, mus txapelketarekin. Larunbatean, bisita egingo zaio Neska eta Zaharren Etxeari, eta erakundeko haurrei askaria eskainiko zaie.Igandean, meza lehenik, Gure Abestiak abesbatzarekin eta dantzarien ohorezko goardiarekin; omenaldia Gernikako Arbolaren aurrean; euskal kirol erakustaldia, bertako bi dantzari ohi erakusle, hala nola Miguel Angel Patxi Cabanas (harria jasotzen) eta Jose Antonio Aristegui (aizkoran), eta soka-tira dema, dantzari eta dantzari ohien artean; azkenik, 13:15etan, txupinazoa euskal etxeko balkoitik eta bazkari herrikoia, kanta eta dantza saioak barne.

Kanada, Txile eta Australia

Kanadan, Vancouver hiriko Zazpiak Bat elkarteak larunbatean egingo du an Fermin jaia. Bertako eta inguruetako euskaldunek Hume parkean dute hitzordua, eta piknik bat egingo dute eguerdiko ordu batetatik aurrera.

Beste zenbait euskal etxek, aldiz, igandea arte atzeratuko dute jaia, hala nola, Txileko Santiago hiriko Nafar Etxeak. Elkarteko bazkideek Las Condeseko Estadio Español-en egingo dute jaia. Ekitaldiak goizeko 11:00tan hasi eta egunean zehar luzatuko dira, gau parteraino. Munduko beste muturrean, Australian, Sydneyko Gure Txoko elkarteak ere igandean ospatuko ditu sanferminak, euskal etxearen egoitzan egingo den ekitaldiarekin.

Bukatzeko, San Fermin jai berezi bat aipatu nahi dugu. Ez dute euskaldunek antolatzen, eta akaso argazkiek erakusten dutenak ez du Iruñeko jaiarekin zerikusirik, baina merezi du New Orleanseko Running of the Bulls jaialdi erraldoiaren webguneari bistadizo bat botatzea. Zezenak patinatzaileak dira,  korrikalarien artean Elvis zuri-gorriak daude eta bostgarren edizioa egiten ari dira jada.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia