euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irrati frekuentzia eta formato berria Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko 'Euskaldun hitza' saioarentzat

2011/04/15

'Euskaldun Hitza' irratsaioa egiten dutenetako batzuk, programaren zazpigarren urtemugan
'Euskaldun Hitza' irratsaioa egiten dutenetako batzuk, programaren zazpigarren urtemugan

PUBLIZITATEA

Joan den otsailean 'Euskaldun hitza' irratsaioak Rosarioko Radio Nacional-eko instalazioak utzi zituela jakinarazi genuen EuskalKultura.com-etik. “Aurten Radio Nacional-ek ez du gure betiko ordutegia errespetatu; hori dela eta irrati horretan ez geratzea eta emisora berri bat aurkitu arte internet-etik zuzenean transmititzea erabaki dugu”, adierazten zuen momentu hartan saioaren aurkezlea den Luis Maria Barrandeguyk. Apirilaren hasierarekin batera, ordea, berri ona heldu zaigu Rosariotik. 'Euskaldun hitza' irratiaren eremura bueltatu da eta nobedade batekin: programaren irudiak ere ikusi ahal izango dira interneten.

Rosario, Argentina. Ordutegiarekin izandako desadostasuna dela eta, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen iritzi eta pentsamoldeen adierazle den 'Euskaldun hitza' irratsaioa Radio Nacional-eko programaziotik atera zen otsailean. Arazoak gorabehera, aurrera segitu zuten rosariotarrek proiektuarekin, azken bi hilabetetan internetetik zuzenean transmititzen.

Bitartean, beste irrati batzuekin egindako kudeaketek emaitza onak izan zituzten eta apirilean Rosarioko euskaldunek ekoizten duten entzunaldia dialera bueltatu da. Atzotik aurrera 'Euskaldun hitza-Palabra de Vasco' FM Latinan, 94.5 frekuentzian entzun ahal izango da asteazkenero eguerdiko 12etatik ordu 1era. Astero, saioa errepikatuko da AM Libertad-en, 1100 Khz frekuentzian, ordu 1etik ordu 2etara, baina igandeetan. Aukera hauetaz gain, euskal etxeko web orrian --www.zazpirakbat.com nahiz programakoan www.palabradevasco.com.ar-- ere egongo da eskura euskal gaiei buruzko programa.

Baina egoitza berria ez Luis Maria Barrandeguyk eta laguntzaileek duten nobedade bakarra. Teknologia berriei esker, programaren irudiak ikusi ahal izango dira interneten.

Etxe berrian baina betiko izpirituarekin Euskal Herriarekin lotura duten hainbat elkarrizketa, berri, musika eta lagunen arteko mintzaldi izango dira ziklo berri honen protagonistak. Galderak, zalantzak, iradokizun eta iruzkinak utzi nahi dituenak, saioaren arduradunekin jar dezake kontaktuan telefono honetara: 54 341 530 0977.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia