euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iparraldeko bi gazte euskara eta euskal dantza irakasle arituko dira Gral. Belgranoko Gure Etxea Euskal Etxean

2019/04/15

Edurne Altune eta Joana Ourthiague General Belgrano herri argentinarrean
Edurne Altune eta Joana Ourthiague General Belgrano herri argentinarrean

PUBLIZITATEA

General Belgrano, Argentina. Joana Ourthiague baxenabartarrak eta Edurne Altune lapurtarrak urtebete pasako dute Buenos Aires probintziako General Belgrano hirian. Euren xedea lan egin eta nekazaritzari buruzko ezagutza zabaltzea da eta bide batez baita Euskal Etxeari laguntzea ere. Izan ere, euskara eta dantza klaseak emango dituzte Iparraldeko bi neskek Gure Etxean, txikiei zein helduei begira.

Txikientzako dantza eskolak asteazkenetan izango dira arratsaldeko 6etatik 7etara, helduentzakoak 7etatik 8etara; eta euskara klaseak, jarraian, iluntzeko 8etatik gaueko 10etara. Frantsesa ere irakatsiko dute gazteek, hau ostegunetan, iluntzeko 8etatik gaueko 10etara. 2019 ikasturte hasiberrian sukaldaritza tailerra ere ari dira antolatzen Euskal Etxeko lagunak, larunbatero egiteko. Ekintza guztiak doakoak dira.

Gure Etxetik EuskalKultura.com-i jakinarazi zaionez, Joana eta Edurne iaz etorri ziren lehenengoz Argentinara, Gral. Belgranoko CEPT La Colonia Eskolak eta Donapaleuko Jean Errecart Institutuak 2008tik egiten dituzten ikasle-trukeen baitan. “Hartu-eman politak sortu ziren nesken eta herriko jendearen artean eta hori dela eta aurten erabaki dute itzultzea, oraingoan urte osoa pasatzeko”, adierazi digu elkarteko idazkari Sonia Etcheletek.

Ikastaroetarako izena Euskal Etxearen egoitzan egin daiteke (Guido 650) arratsaldeko 5etatik 8etara. Informazio gehiago, Gure Etxea (Centro Vasco de General Belgrano) Facebook kontuan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia