euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Interesa piztu dute Berlinen Gernikaren 75. urteurreneko ekitaldiek; asteon hitzaldia eta zinea

2012/04/11

Berlingo Euskal Etxeko arduradunak inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten historialari eta adituekin (argazkia Helena Falabino)
Berlingo Euskal Etxeko arduradunak inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten historialari eta adituekin (argazkia Helena Falabino)
Berlingo Euskal Etxea jarduera egitarau mardula burutzen ari da hilabete honetan, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena kari. Urteurrena apirilaren 26an beteko da, eta egun horretarako bidea ekitaldi ugariz ari da berotzen berlindar elkartea. Iragan apirilaren 1ean hasi ziren jarduerak, bonbardaketari buruzko erakusketa baten inaugurazioarekin. Horrez gain, bi dokumental izan ziren ikusgai: Klaus Ihlau-ren 'Gernika' eta Pia Kuhlmann eta Pedro Deltell-en 'Die sichtbare Stimme'. Bihar Emilio Majuela historialariak hitzaldia eskainiko du eta igandean beste bi dokumental dira euskal etxearen proposamena.

Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxea jatorriz Gernikarekin anaitasuna sustatzeko asmoz sortutako elkartea da, alemaniar euskaltzale, historialari eta aditu talde batek sortua, hain zuzen, bonbardaketaren gomuta mantendu eta gertakari honek historikoki duen garrantzia azpimarratzeko. Hori dela eta, elkarteak ahalegin eta gogo handia jarri du bonbardaketaren 75. urteurrenaren ekitaldietan, eta momentuz, erantzun oso ona ari dira izaten Berlingo euskaltzaleek proposaturiko ekitaldiak, Euskal Etxeko zuzendaritzako kide Unai Lauzirikak EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

Ekitaldiak iragan apirilaren 1ean abiarazi zituzten, 1937an naziek burutu zuten eraso eta txikizioari buruzko erakusketa batekin. Irudien artean Pablo Picasso margolariak egin zuen 'Guernica' maisulan ikonikoak leku berezia izan zuen. Ekitaldira 70 lagunetik gora bildu ziren eta interes biziz entzun zuten Wolfgang Wipperman historialariak gaiari buruz egin zuen aurkezpena. Ondoren, Klaus Ihlau zuzendari alemaniarraren 'Gernika' dokumentala erakutsi zen.

Berlin Gernika 75. urteurrena (2)

[Wolfgang Wipperman historialaria aurkezpena egiten, Picassoren 'Guernica'-ren irudiaren aurrean (argazkia Helena Falabino)]

Ekitaldi berean, eta pintxo dastaketa batekin indarrak berritu ostean, Pia Kuhlmann eta Pedro Deltell-en "Ikusmen ahotsa" dokumentala proiektatu zen, Deltell berak aurkeztuta. Antolatzaileen esanetan, ikusleak zein arduradunak oso gustura atera ziren emanalditik.  

Hurrengo jarduera apirilaren 3an izan zen: Ingo Niebel historialari alemanak "Gernikako Bonbardaketa: Historiografia alemana" hitzaldia eskaini zuen. "Ekitaldia galde-erantzunetan luzatu zen, entzuleek asko galdetu zuten eta. Gaiak benetako interesa piztu zuen", azaldu dute euskal-berlindar elkartetik. Apirilaren 8an, igandean, musika izan zen protagonista, Gasteizko Udaberria abesbatzak eman zuen kontzertuari esker.

Berlin Gernika 75. urteurrena (3)

[Ingo Niebel historialariaren hitzaldia (argazkia Helena Falabino)]

Aste honetako ekitaldiak

Ekitaldiek aste honetan eta hurrengoan ere jarraituko dute, 26a bitartean. Ostegun honetan bertan Emilio Majuelo Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak hitzaldia emango du "Memoria Historikoa Euskal Herrian eta Espainian" gaiari buruz. Igandean bi dokumental eskainiko dituzte Haus der Demokratie und Menschenrechte aretoan: Alberto Rojoren "Gernika. Bonbardaketa" eta Oier Plaza eta Daniel Asuaren "Bizi naizen lekutik".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia