euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki Esnal, Santiagoko Abesbatza: "Nola leike Txiletik etorri eta euskaraz kantatzea?" esaten digute

2009/05/22

Ezkerrean Iñaki Esnal, eskuinean Fernando Zubia, artxiboko argazki batean, abesbatzak erabili ohi duen euskal jantzi tradizionalarekin
Ezkerrean Iñaki Esnal, eskuinean Fernando Zubia, artxiboko argazki batean, abesbatzak erabili ohi duen euskal jantzi tradizionalarekin

PUBLIZITATEA

Santiagoko Euzko Etxeko Abesbatza Euskal Herrian da egunotan, bere 70. urteurrena dela eta bira egiten. Taldea Gernikan, Arantzazun, Gasteizen, Baionan eta Altsasun izan da egunotan. Bihar Bermeon izango dira. Taldekide askorentzat aspaldiko ametsa zen Euskal Herrira etortzea eta harrera oso ona izaten ari direla azpimarratzen dute. Are gehiago, 'zoratzen' omen dabiltza. '91 urte dituen taldeko kide bat orain dela 30 urte arreba ikusi gabe zegoen eta Plentzian bat egin zutenean denak negar batean bukatu genuen. Oso hunkigarria ari da izaten bidaia', azaltzen du taldeko kide Iñaki Esnalek.

Bilbo, Bizkaia. Txileko Santiagoko Euskal Etxeko Euzko Abesbatza Euskal Herrian da lehen aldiz, taldearen 70 urteko ibilbidean, bira bat eginez. Taldeko 26 kideak joan den maiatzaren 16ean heldu ziren Bilbora, eta aste osoan zehar emanaldiak eginez eta Euskal Herriko bazterrak ezagutzen ibili dira. EuskalKultura.com-ek taldeko kide Iñaki Esnalekin hitzegiteko aukera izan du. Esnalen kasua berezia da: Legorretarra izanik, urte asko eman zituen Txilen, eta egun Euskal Herrian bizi baldin bada ere, lana dela eta urtean zehar joan-etorri asko egiten ditu. 

Taldea orain dela 70 urte sortu zuten Winnipeg untzian erbestera, Txilera, zihoazten euskaldun batzuk. Itsas bidaia arintzeko edo, elkartu eta kantatzen hasi ziren eta talde horren haziak Santiagoko Euskal Etxean eman zituen fruituak. 'Txiletarrak oso kantazaleak dira eta urte guzti hauetan jende berria sartzen joan da taldean. Hasierakoak Euskal Herritik etorritako euskaldunak ziren, baina orain gehienak txiletarrak dira. Hori bai, txiletar askok bezala, gehienek aiton-amona edo arbaso euskaldunen bat dute', azaltzen du Esnalek.

Hainbat urtetan Txilen euskal errepertoria gorde eta zabaltzea ez da lan makala, baina horixe lortu du abesbatzak. 'Lehengoan Gernikako Santa Klara konbentuko klausurako mojentzako kontzertua egin genuen eta horixe zioten, "nola leike Txiletik etorri eta euskaraz abestea?"', kontatzen du Iñakik.

Berraurkitzeak eta emozioa

Taldeak ahalegin ekonomiko handia egin omen du Euskal Herrira etortzeko, aspaldiko ametsa baitzen beraientzat. 'Oso ederki dihoa bira, pozez zoratzen gabiltza', diosku Esnalek. 'Sekula Euskal Herrira etorri gabe zirenak zoratuta daude, hau zerua bezala dela diote. Kultura, industrial errealitatea... alde desberdinak ezagutzen ari dira', dio Esnalek. 

Askok gainera Euskal Herriko familiarekin bat egiteko aukera izan zuten. Horietako bat Antonio Andres Urbieta kidea izan zen. '91 urte ditu eta joan den igandean azken 30 urtetan ikusi gabe zuen arrebarekin egon zen. Negar batean bukatu zuten biek. Eta lehengoan Bilbon familiako beste kide batzuekin elkartu zen', gogoratzen du Esnalek. 

Taldeko kideak honakoak dira:

-Zuzendaria: Patricio Aburto

-Organujolea: Cristian Bustos

-Lehen tenoreak: Pablo Cristobal Ariza, Juan Pablo Arevalo, Iñaki Esnal, Julio Fuentes, Cristian Agustin Toro, Andoni Torrontegui eta Fernando Parada

-Bigarren tenoreak: Antonio Andres, Carlos Baeza, Ignacio Bastarrica, Felipe Garrido eta Jaime Mancilla

-Baritonoak: Modesto San Miguel, Angel Tellitu, Francisco Trivelli eta Fernando Zubia

-Baxuak: Eduardo Astorquiza, Eduardo Iturrieta, Ricardo Nacera, Roberto Ochoa, Constantino Ruiz, Leon Sougarret, Juan San Miguel eta Michel Sallaberry.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia