euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibilaldia 2012rako abestia aukeratzeko nazioarteko lehiaketa; eta Amodiozko Gutunen XX. edizioa Bergaran

2011/12/14

2012ko Ibilaldiaren aurkezpen ekitaldiko artxiboko irudia
2012ko Ibilaldiaren aurkezpen ekitaldiko artxiboko irudia

PUBLIZITATEA

Datorren maiatzaren 27an Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, egingo da Trapagaranen, Itxaropena ikastolak antolatuta. Egun hori kari prestatzen ari diren ekimenen artean ikastolak jaialdiaren abestia aukeratzeko lehiaketa antolatu du, mundu osoko taldeei eta kantariei irekia. Baldintza bakarrak abestia euskaraz izatea eta testuan 'ibilaldia' eta 'ikastola' hitzak agertzea dira. Abestiak bidaltzeko epea urtarrilaren 12an itxiko da eta epaimahaiak aukeratzen dituen bost abestien artean internet bidezko herri bozketa batekin erabakiko da irabazlea. Bestalde, Bergaratik Amodiozko Gutunen XX. Lehiaketaren berri bidali digu Jardun elkarteak.

Trapaga, Bizkaia. Itxaropena ikastolak eta Ibilaldia Elkarteak musika-lehiaketa antolatu dute, aurtengo Bizkaiko ikastolen jaiaren ikurra izango den abestia aukeratzeko. Lehiaketan mundu osoko taldeek parte har dezakete, eta EuskalKultura.com-etik Diasporako euskal taldeak animatu nahi ditugu bertan parte hartu eta Euskal Herrian ezagutarazteko aukera hau balia dezaten. Euskal kanta bat egiteko gauza bazara, zergatik ez parte hartu?

Ez litzateke lehenengo aldia izango. 2007an, urrunago joan gabe, Bartzelonako Euskal Etxeko Igotz Ziarreta diseinatzaileak Durangoko Liburu Azoka iragartzeko kartelen lehiaketa irabazi zuen, geroago berak elkarrizketetan aitortu zuenez EuskalKultura.com-etik jakin zuelarik lehiaketaren berri. Edota 2008an, Maral talde euskal-argentinarra Euskal Herrira gonbidatu zuten Euskararen Eguneko ekitaldietan eta Durangoko Azokakoetan kantatzeko, euren berri EuskalKultura.com-en irakurri ostean. Euskal Herriko edo Diasporako sortzailea bazaitugu, zergatik ez animatu eta lehiaketan parte hartu?

Lehiaketak bi fase izango ditu: Lehenengo fasean, aurkeztu diren lan guztien artean gehienez 5 abesti aukeratuko dituzte antolatzaileek. Bigarren fasean, sare sozialen edota webgunearen bidez herri bozketa irekia egingo da bost kantu horien artean irabazlea nor den jakiteko.

Abestia bidaltzeko epea 2012ko urtarrilaren 12an bukatzen da, segi bizkor beraz!

Parte hartzeko baldintzak: Ibilaldia 2012 Abesti Lehiaketa.pdf

Maitasun Gutunen XX. Lehiaketa

Bergaratik, aldiz, Maitasun Gutunen XX. Lehiaketaren berri eman digu Jardun euskara elkarteak. Honetan ere mundu osoko euskaldunek parte har dezakete, baldintza nagusia gutunak euskaraz idatziak izatea baita. Lan guztiak jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute. Posta arruntez edo e-mailez bidal daitezke eta lanak jasotzeko azken eguna 2012ko urtarrilaren 7a izango da. Irabazleak 500 euro jasoko ditu eta bigarren postuan gelditzen denak 250 euro.

Informazio gehiago www.jardun.net web orrian.

Esan bezala, kantu bat edo amodio-gutun bat euskaraz egiteko gauza bazara, animatu zaitez. Antolatzaileek eskaintzen dituzten argibideez gain bestelako informazio edo laguntzarik beharko bazenu, EuskalKultura.com-en prest gaude laguntzeko, geure indarren arabera. Horretarako, gure ohiko emailera idatz dezakezu: info@euskalkultura.com. Aurrera, beraz, zeuk ere egin dezakezu-eta!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia