euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxek Euskal Etxea bisitatuko du gaur, sei egunez Mexikora egiten ari den bidaian: egitarau eguneratua

2007/10/27

Mexiko DFko Euskal Etxearen sarrera nagusia
Mexiko DFko Euskal Etxearen sarrera nagusia

PUBLIZITATEA

Gaur DFko Euskal Etxera egingo duen bisitarekin hasiko du Ibarretxe lehendakariak sei egunez Mexikora garatuko duen egonaldia. Egitarauak azken orduko aldaketak izan ditu eta horiek ere bildu ditugu datozen lerrootako informaziora. Gaur Euskal Etxera egingo duen ikustaldiarekin hasi eta datorren ostegunean Calderón presidente mexikarrarekin izango duen elkarrizketarekin amaituko da Ibarretxeren bidaia mexikar ofizial hau.
Azken orduko aldaketak egitarautu ostean, informazio hau idazteko momentura eguneratutako programak markatzen duenez, Lehendakariak gaur goizean hasiko du bere jardun mexikarra, kazetaritza idatziko bertako hedabide garrantzitsuenetako batzuei eman dizkien hitzorduekin. Arratsaldez, hitzordu potoloa Euskal Etxean da, zazpi t'erdietatik aurrera, komunitate euskalmexikarreko kideekin.

Gaur arratsaldeko ekitaldia, Mexikoko Euskal Etxea aurten bere Mendeurrena dela-eta ospatzen ari den ekitaldien barne kokatzen da. Ibarretxe bertako Zuzendaritza Batzordearekin bilduko da, txistulari eta dantzari batek ohorezko agurra egingo diote eta hitzaldia eskainiko du, 'Euskadiko egungo egoeraz'. Ondoren ibilbide arrakastatsuaren 'Presea' jasoko du, 'Sociedad Civil Potosina'k emana [Euskal Etxetik argitu dutenez, 'presea' delakoa guztion ontasunari ekarpen berezia egiten diotenei eskaintzen zaie, ikertzaileei, filantropoei, akademiko, artista, enpresari, idazle, zientzilariei-eta]. Sukalde elkarte euskalmexikarrak presturiko pintxoekin amaituko da saioa.

Emprebask-Mexikoren aurkezpena

Igandean elkarrizketen txandaren segida, telebista kazetariak tarteko. Astelehenean, bederatzietan, gosari-topaketa bat egingo da Hacienda Los Morales-en, Emprebask-Mexiko elkarte berriaren aurkezgarri. Bertan arituko dira Euskadiko Ordezkaria Mexikon Iñaki Ruiz, aurretik lanean diharduten Emprebask Txile (aitzindaria) eta Emprebask-Kolonbia (duela pare bat aste aurkeztu berria) elkarte senideen agurra jasoko da eta Lehendakaria bertaratutakoei zuzenduko zaie. Azkenik, Ibarretxe Emprebask-eko ohorezko bazkide izendatuko dute.

Eguerdiko hamabietan Lehendakaria Marco Adame Castillo Moreloseko gobernadorearekin bilduko da, bilkuran gobernu-idazkaria, Garapen Ekonomiko idazkaria eta gobernadorearen Mexiko DFko ordezkaria ere egongo direla, alde mexikarrean, eta Iñaki Aguirre Kanpo Harremanetarako idazkaria eta Iñaki Ruiz euskal ordezkaria Mexikon bestetik. Hamabi t'erdietan hitzaldia eskainiko du Ibarretxek 'Berrikuntza eta Ezagutza' izenburupean, bertako klase politiko eta ekonomikoko ordezkarien aurrean, 'Hiria eta Baloreak' hurrengo foroaren aipu eginez, gobernadoreak Hacienda de Cortés-en eskainitako bazkariari ekiteko azkenik.

Bilera Calderón presidente mexikarrarekin

Asteartean kontaktu saio berrien txanda izango da, tartean elkarretaratze pribatu bat Mexiko Estatuko gobernadore den Enrique Peña Nietorekin. Asteazkenean, hilak 31, kontaktu eta harreman berriak hedabideekin-eta. Ostegunean, azaroaren 1ean, Ibarretxe Felipe Calderón Hinojosa presidentearekin bilduko da arratsaldeko lau t'erdietan.


LOTURA INTERESGARRIAK

Mexiko DFko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

VascosMexico foro eta webgunea
www.vascosmexico.com

Ibarretxeren bisita Kolonbiako Euskal Etxera
2007ko urriaren 15ean EuskalKultura.com-en argitara emana

EmpreBask Txile, Euskal Jatorriko Enpresari Txiletarren Elkartea
2005eko urriaren 11ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia