euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarrako Alurr dantza talde gipuzkoarra Alemanian da Lusaziako Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartzeko

2007/07/20

Alurr Dantza Taldea emanaldi batean
Alurr Dantza Taldea emanaldi batean
Kulturartekotasuna bultzatzeko Alemaniako Lusazia lurraldean folklore jaialdia antolatu dute, atzo hasi eta iganderarte. Herri anitzetako dantza taldeak bilduko dira Bautzen eta Crostwitz herrietan egingo diren dantza emanaldietara, eta tartean izango da euskal ordezkaririk ere: Ibarrako Alurr dantza taldea. Lusazia nortasun eta hizkuntza propioa duen herria da (sorabiar hizkuntzak 70.000 hiztun ditu) eta jaialdia euren kultura ezagutzera eman eta beste herrietakoa ezagutzeko bidea da. Asmo horrexekin heldu dira ibartarrak Alemaniara, izan ere eurentzako 'euskal dantza eta musika akuilua dira kulturen arteko harremanaren inguruko hausnarketa egiteko'.
Alurrek 25 lagun ekarri ditu Lusaziara: 15 eta 17 urte bitarteko 15 gazte; 18 eta 25 urte bitarteko 9 gazte eta taldeko arduraduna. Atzo bertan egin zieten harrera Domowina elkarteko antolatzaileek jaialdira etorri diren gainerako taldeekin batera. Lehendabiziko ekitaldia komunikabideentzako agerraldia izan zen eta jarraian jaialdiari hasiera eman zioten taldeek, Bautzen hiriko kaleetan zehar kalejira eginez. Gaur Behe Lusazian ibilaldia egingo dute eta ondoren 'Folk kultura tradizionalaren adaptazio modernoa' gaiaren inguruko nazioarteko mintegia egingo da Drachhausenen.

Bihar, jaialdiarekin jarraiki, 13:00etatik 17:00tara musika folklorikoa izango da entzungai Crostwitz-eko landetxe batean. Ondoren 19:00tan hasi eta gauera arte luzatuko den ekitaldian festa eta kultura uztartuko dituzte. Jatorrizko herrialdeen nekazarien tradizioak urtean zehar izenpean musika, dantzak, abestiak, jakiak dastatu eta gozatu ahal izango dira Crostwitz-eko sei landetxetan. Igandean, berriz, meza, artisautza azoka eta kalejira batekin emango zaio amaiera jaialdiari.

Alurreko arduradunek azaldu dutenez, taldearen helburua 'gazteak kulturartekotasuna eta elkartasuna --egun hainbat herrik, kulturak eta talde etnikok bizitzen eta pairatzen dugun egoera dela eta-- ezinbesteko estrategia sozialak direla ohartaraztea' da. Hori dela eta, taldeak 'euskal dantza eta musika akuilu eta bide izanik, kulturaren eta kulturen arteko harremanaren inguruko hausnarketa' bultzatu nahi du.


Lotura interesgarriak

Alurr Dantza Taldea
www.alurr.com

Dantzan, euskal dantzari buruzko web gunea
www.dantzan.com

Lusaziari buruzko informazio gehiago gaztelaniaz
Wikipedian


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia