euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hogei ikaslek parte hartu dute Madril eta Bartzelonako EEk Nafarroako Arantzan bukatu berri duten barnetegian

2007/07/26

Ikasleak barnetegiko eskoletako batean Arantzan
Ikasleak barnetegiko eskoletako batean Arantzan
Iaz egin zuten bezala, aurten ere Bartzelonako eta Madrilgo euskal etxeek, HABEren laguntzarekin, barnetegia egin dute Arantzan. Uztailaren 14tik 22ra bitartean luzatu da barnetegia eta aurten, gainera, beste euskal etxe batzuetako ikasleei ere parte hartzeko gonbitea egin diete. Guztira 20 ikaslek hartu dute parte ekimenean: Bartzelonako bederatzik, Madrilgo beste hainbestek eta Valentziako bik. Klaseak goizez izan dira eta arratsaldez, berriz, ikasleek ekitaldi kulturalez gozatzeko aukera izan dute.

PUBLIZITATEA

Uztailaren 14tik 22a bitartean Madrilgo eta Bartzelonako euskal etxeek barnetegia egin dute Arantzan, HABE, helduen alfabetatzeaz arduratzen den erakundea lankide. Barnetegian 20 pertsonak parte hartu dute: Bartzelonako bederatzik, Madrilgo hainbestek eta Valentziako bik. Klaseak goizez eman dituzte eta arratsaldeetan aldiz ekitaldi kulturalak eta ludikoak izan dira nagusi.

Euskal etxe hauetako ikasleek sarri hartzen dute parte Euskal Herriko barnetegietan, eta askotan bildu izan dira, adibidez, Lesaka, Zubieta edo Lazkaora. Iaz ordea, lehen aldiz, Bartzelona eta Madrileko euskal etxeek euren ikasleentzako barnetegia antolatzen zuten. Aurten ekimenarekin jarraitu eta ateak ireki dizkiete inguruko beste euskal etxeetako kideei, eta Valentziako bi kide bildu zaizkie. Datorren aldiari begira, ateak Valladolid, Murtzia edota Mallorkako euskal etxeetako ikasleei zabaltzeko aukera nabarmendu dute.

Lana eta jaia

[Amaitu berria den barnetegiko ikasleetako batzuk Arantzan]

Honelakoak aukerak paregabeak izan ohi dira ikasleentzat, euskara eta euskal kulturarekiko harremanak bestelakotu eta indartzeko. 'Izan ere, urtean zehar euskal hizkuntzarekin duten erlazioa aldatu egiten da', azaldu diote BasqueHeritage.com-i antolatzaileek. 'Hizkuntza bere ingurune berezkoan ezagutzen dute, denbora laburrez bada ere: Ikasleek zortzi egun eman dituzte herri euskaldun batean eta Euskal Herria ezagutzeko parada izan dute. Ikasketa sistema desberdina du barnetegi honek, alderdi ludikoa ere erabiltzen baitute irakastorduak luzatzeko. Horrek barnetegira joaten den jendearen perfilarekin bat egiten du, izan ere, jende hori ez da joaten ikastera bakarrik, langileak izaki eta erlaxatzera ere joaten dira'.

Aurtengoan lehenengo egunean Arantza herria ezagutu zuten eta gauean Iturengo festetara joan ziren. Biharamunean Hendaiako hondartzara joan eta itsasontziz egin zuten ondoren Hondarribiarako bidaia. Hurrengo egunetan klaseak jaso zituzten madrildar, bartzelonar eta valentziarrek. Xorroxin irratira bisita egin zuten, bertso saio batera joan ziren eta beste hainbat hitzordu izan zituzten Nafarroako Bortzirietan. Azkenean, Baztandarren Biltzarraren festara joan ziren. 'Aspertzeko astirik ez, agi denez'.


Lotura interesgarriak

HABEren webgunea
www.habe.euskadi.net

Madrilgo Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia