euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hitzaldi sorta ematen ari da Euskal Herria eta bere diasporaz Joseba Etxarri Japonian: bihar Eneko Tokyo jatetxean mintzatuko da

2017/10/10

Sho Hagio irakasle japoniar euskalduna joan den larunbatean Osakako Asahi Cultural Center-eko hitzaldian, EuskalKultura.com eta Joseba Etxarri aurkezten
Sho Hagio irakasle japoniar euskalduna joan den larunbatean Osakako Asahi Cultural Center-eko hitzaldian, EuskalKultura.com eta Joseba Etxarri aurkezten

Japonian dabil egun hauetan Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendaria, hitzaldi sorta bat ematen zenbait forotan. Bihar asteazkena, Eneko Atxa sukaldariak irailean Tokion zabaldu berria duen Eneko Tokyo jatetxean mintzatuko da, Asahi Cultural Center-ek antolatutako ekitaldi batean. Etzi, berriz, University for Foreign Studies unibertsitateko bi talderen aurrean jardungo du. Aurreko egunetan, Tokioko Euskal Etxean eta Osakako Asahi Cultur Center-en aritu da EuskalKultura.com-eko zuzendaria.

PUBLIZITATEA

Tokio, Japonia. Japonian zinez prestigiotsu eta erreferentziala den Asahi Cultural Center-en eskutik, hitzaldietako lehena joan den larunbatean eman zuen Etxarrik, Osaka hirian, Asahi Cultural Center-en bertako egoitza den eraikin moderno dotorearen 18. solairuan. Gainerako hitzaldietan bezala, hitzaldia euskaraz eman zuen, Sho Hagio irakasle japoniar euskaldunak sarrera orokor bat japonieraz eta ondoren interpretari lana egiten zuela, euskaratik japonierara zuzenean.

Joan den astelehenean, kazetari donostiarrak Tokioko Euskal Etxearen Txokoa bisitatu eta munduko euskal diasporari buruzko hitzaldia eman zuen, bertako kideekin eta hiriko Athletic-eko Tokiotarrak elkarteko kideekin solastuz. Bihar asteazkena, Asahi Cultural Center-en eskutik, irailean Tokion jatetxea zabaldua duen Eneko Atxa chef bizkaitarraren Eneko Tokyo jatetxean mintzatuko da, dagoeneko entzule kopurua betea duen ekitaldi batean. Sho Hagio lagun, bertan bereziki Euskal Herriko eta Diasporako gastronomia aurkeztuko dute bi hizlariek.


EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri eta Sho Hagio irakaslea Osakako hitzaldiaren hastapenean (arg. EuskalKultura.com)


Etxarri eta Hagio Asahi Cultural Center-en Osakako egoitzan (arg. EuskalKultura.com)

Ostegunean, berriz, Tokyo University for Foreign Studies-en izango da ekitaldia, unibertsitateko ikasleen aitzinean, lehenengo emanaldi batean; eta, oraindik xehetasunak zehazteke, unibertsitate berean, Etxepare Institutuko irakurlegoko ikasleekin bigarren batean.

Esan bezala, hitzaldi guztiak euskaraz dira. Sho Hagiok lehenik gaiari buruzko sarrera orokor bat eginez, ondoren Joseba Etxarriri bidea emanik eta honek esana Hagiok berak japonierara itzulirik.

EuskalKultura.com-eko zuzendariak eskerrak eman nahi dizkie, lehenik Sho Hagiori, bere koordinazio lana eta lankidetzagatik; eta bira huntan partaide izan den Asahi Cultural Center-i bere sostengu eta konfidantzagatik.



Komentarioak

  • Tokio

    Ongi etorri laguna!

    Masami (Japonia), 2017/10/11 02:32

  • Aupa Joseba!

    Pozten naiz, aupa Joseba eta EuskalKultura.com!

    Arantxa Urrutia (Euskal Herria), 2017/10/10 16:26

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia