euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hitzaldi berria Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean, Ipar Euskal Herriko iragana eta orainaren berri hedatzeko

2007/11/09

Carlos Martinezek Iparraldeko Euskal Etxean eman zuen solasaldiaren une bat
Carlos Martinezek Iparraldeko Euskal Etxean eman zuen solasaldiaren une bat
Iparraldeko Euskal Etxeko kide Carlos Martinez izan zen hizlaria eta hitzaldiari buruz EuskalKultura.com-i adierazi zionez, "70eko hamarkadaren bukaeran, Nazionalismoaren bultzadarekin Iparraldeko jai adierazpen ezberdinak garatu ziren, hala nola kabalkada, toberak, maskaradak eta pastoralak". Gai honen inguruan aritu zen joan den asteko asteazkenean, Iparraldeko Euskal Etxean emandako hitzaldian. Iparraldeko egungo egoera politiko eta soziala ezagutzeko jakinminez agertu zen entzulegoa eta Martinezek, ikerkuntza lanen ondorio moduan adierazi zuen Iparraldean Nazionalismoak dinamizazio eta barnerapen handia lortu duela gehienbat sozialki, baina pixkanaka eremu politikora ere zabalduz.

PUBLIZITATEA

Aurtengo ekitaldi sorta eta dinamika berriaren ildoari segituz, Carlos Martinez bazkideak mintzaldia eman zuen joan den urriaren 31ean Iparraldeko Euskal Etxean. Izenburua, "Iparraldean Nazionalismoak duen eragina. Festa adierazpenen identitatearen berreskurapena" izan zen. Solasaldian Martinezek kabalkadak, toberak, maskaradak edo pastoralak bezalako festa adierazpenen berreskurapenean abertzaletasunak eduki duen garrantzia azpimarratu zuen.

Ikastolen sorrera, Herri Urrats (ikastolen aldeko festa) eta festa patronalak ere aipatu zituen honen eraginaren islada bezala. Mugimendu hau 70eko hamarkadaren amaieran abiatu zen eta Iparraldean tradizionalki frantsesak ziren eremuetan euskal sentimendu sakona piztu zuen. Honek Euskal Herri Departamentu baten eskaria eta Batera Plataformaren sorrera ekarri zituen ondorio bezala.

[Goiko irudian Carlos Martinez hizlaria solasaldiko une batean)]

Iparraldeari buruzko informazio eguneratua

Martinez Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskara elkarteko euskara ikaslea ere bada eta Iparraldeari buruzko informazioa zabaltzeko CVF Euskal Etxean egiten ari den ahaleginean parte hartzen ari da. Bere hitzaldirako informazio iturri ezberdinak aukeratu zituen: Igor Ahedo Gurrutxaga soziologoaren "Iparraldeko Nazionalismoaren etorkizuna eta oraina" eta Larronde-ren "1932-1937ko Mugimendu Euskarrelista" tesia. Mintzagai izan zituen baita ere Agosti Chaho, Pierre Broussian, Pierre Laffite, abertzalismoa sortu eta eraldatu zuen Enbata mugimendua eta Jean-Louis Davant, besteak beste.

Iparraldeko Euskal Etxeko partaide aktiboa da Martinez eta Ipar Euskal Herriko egungo egoera sozial eta politikoaren berri zabaltzeko lan hadia egiten ari da. Hitzaldiari bukaera emateko honoko hausnarketa egin zuen: "Iparralden mugimendu abertzalea oso hedaturik dago, baina alor sozialean batipat, beste eremuetan baino gehiago, hala ere modu politikoan hazten joan dela esan dezakegu".


Lotura interesgarriak

'Hitz egin dezagun Iparraldeari buruz', Iparraldeko Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 28an

Baionako jaia Buenos Airesen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abuztuaren 9an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia