euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hitza.info jaio da, Euskal Herriko hainbat eskualdetako 102 herrietako toki informazioa biltzen duen webgunea

2008/03/28

Webgune berriaren arduradunak, Donostian egindako aurkezpenean (argazkia Ukberri.net)
Webgune berriaren arduradunak, Donostian egindako aurkezpenean (argazkia Ukberri.net)

PUBLIZITATEA

Dagoeneko sarean topa daitekeen Hitza.info webguneak Busturialdea, Donostia, Goierri, Lea-Artibai eta Mutriku, Oarsoaldea, Tolosaldea eta Leitzaldea, eta Urola Kostako 102 herritako tokiko informazioa biltzen du, orain arte Hitzako zazpi egunkariek egiten zuten lana webgune bakar honetara batuz, bideoz, blogez eta eta argazkiz horniturik. Laburrean, paperezko zazpi edizioen pdf bertsioak ere sareratuko ditu webgunean. Berria egunkariarekin harremandua dagoen ekimen honek urrats berria eskaini nahi dio tokiko informazioa segitu nahi duen irakurle euskaldunari.
Teknologia berriek kazetaritza egiteko modua aldatu dute azkeneko urte hauetan. Metodo berriek eskaintzen dituzten abantaila ugariak ikusirik, herri informazioa lantzen duten Hitza egunkariak horretan sartu ziren duela hilabete batzuk beren webguneak berrituz, beti ere edizio jarraituari, blogei, bideoei, argazkiei eta herritarrek bidalitako informazioari garrantzia emanez. Orain, Hitzaren zazpi edizio desberdinak webgune bakarrera ekarri dira, tokiko euskal informazioaren atari berri bat sortuz.

Hitza.info-k Euskal Herriko 102 herritako albisteak eskaintzen ditu. Tolosaldea eta Leitzaldea; Urola Kosta; Donostia; Lea-Artibai eta Mutriku; Busturialdea; Goierri; eta Oarsoaldean gertatzen denaren inguruko berehalako informazioa emateaz gain, beste eskualde batzuetako --Uribe Kostako herrietako, Hernaniko, Arrigorriagako, Baztan eta Bortzirietako, Bidasoako, Iruñerriko-- informazioa ere topa daiteke bertan, Ttipi-Ttapa, Hernaniko Kronika, Bidasoa Media, Arrigorriagan Euskaraz, Nabarreria eta tokiko beste zenbait ekimenekin sustatutako lankidetzari esker.

Hedabide digitala izanda, proiektuko arduradunek garrantzia eman nahi diote gertaeren argazkiak eta bideoak erakusteari. Bideoei dagokienez, Euskaltube da Hitzak bideoak igotzeko hautatu duen tokia, bertan kanal berezia sorturik bere bideoak ikusi ahal izateko. Bestalde, epe laburrean Hitza.info webguneak paperezko egungo zazpi edizioen azala zein egunkari osoa jaisteko aukera eskainiko die erabiltzaileei.


Lotura interesgarriak

Hitza.info-ren wegbunea
www.hitza.info

Euskaltuberen web orrialdea
http://euskaltube.com

Berria egunkaria
www.berria.info


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia