euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hilabete eta gutxi falta da Washingtonen euskaldunei eskainitako Folklife Festival itzela has dadin

2016/05/25

PUBLIZITATEA

Ekitaldia Estatu Batuetako hiriburuaren bihotzaren erdi-erdian garatuko da, ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta uztailaren 7tik 10era. Non? Bada, hori: hiriaren bihotzean, aurrean izango baitu, alde batetik, Estatu Batuetako Kapitolioa; eta, atzean, Washington Monument (Obeliskoa), atzean; eta alboetan, AEBetako Arte Galeria Nazionala, batetik, eta, bestetik, Aire eta Espazioaren Smthonian Museo Nazionala. Horien erdian, euskaldunek euren kultura aurkeztuko dute, Smithsonian erakundea antolatzaile.

Bilbo, Bizkaia / Washington DC, AEB. Tira, laguntasuna izan dute Euskal Herriko erakundeetatik, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik eta baita ere Eusko Jaurlaritzaren eta Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundienetik, besteak beste (nafar eta Iparraldeko presentzia ere izango da bertan). Aukera, egia esateko, singularra eta bakarra da, seguruenik euskaldunek luzaroan ez baitute honelako erakuslehio apartekorik izango euren iragana, oraina eta gero erakusteko, non eta Estatu Batuen bihotzean, eta noiz eta uztailean, Estatu Batuek "4th of July" edo euren Independentziaren Eguna ospatzen dutenean, Washington hiriak bisitari andana ederra batzen duen sasoian. NABO ere, Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen Federazioa, bertan izango da eta ekitaldiak bateko eta besteko talde, erakunde eta instituzioetako partaideak izango ditu jaialdi osoan.

Lehenagotik, baina, giroa berotzen hasia da Washingtonen, zenbait ekitaldirekin, tradizioa, dibertimendua eta gastronomia nahasirik; esaterako, igandean bertan hirugarren Txotx sagardo esperientzia izan zuten, izan ere, hirian zabaltzen ari den Anxo sagardotegiaren eta Washingtongo Euskal Etxearen eskutik. Aurreko hitzorduetan, giroa edertzen bertan izanak dituzte txalapartariak eta euskara modu harrigarrian mintzatzen duen Elkotik (Nevada) iritsitako Bernadette Leonis txistulari gaztea; eta joan den igandekoan Mercedes Mendive euskal-amerikar akordeoijolea ere izan dute sagardoaren bidean lagun, Estatu Batuetan oraindik oso ezezaguna den baina jende askok, ezagutu bezain pronto, izugarri gustuko duen sagardoaren euskal tradizioa --txotx!-- dastatzen. [Argazkian, Kapitolioa: Kapitoliaren eta Obeliskoaren arteko berdegunean ipiniko dira euskal oihaldendak eta 'euskal hiria' Folklife Festival-erako (argazkia, Architect of the Capitol)]

Smithsonian Festivala abiatzeko hilabete eta egun gutxi gelditzen direla, jakinarazi da ze kokapena eta edukia izango duten National Mall delako espazioan ezarriko diren gune oihaldenda handiak, Euskal Herrian ikastolen aldeko Herri Urrats edo Ibilaldia moduko jaien antzera. Hor ezarriko dira, besteak beste (eduki eta partaide guztiak aurrerago adieraziko dira):

  • Euskaldunak eta itsasoa arloa (Marine crafts)
  • Egiazko ontzi edo txalupa bat erakutsiko da
  • Euskarari eskainitako Euskaldunak Dialogues
  • Euskaltegia, Speaking Basque
  • Sheep wagons, karrokanpoak eta AEB Oesteko artzainen mundua
  • Frontoia, frontoi bat muntatuko da propio ekitaldirako, pilotarako baina joko, kirol eta bertsotarako ere
  • Textiles, ohial eta jantziak
  • Innovation Center, Egungo Euskal Herri berritzaile eta ekimentsua
  • Idiazabal gaztaren oihaldenda
  • Añana salt, Añanako gesaltza
  • Sports, euskaldunen kirol zaletasuna
  • Txiki-txoko, Kid's Corner edo haurren eremua
  • Iron and Clay, burdina eta buztina
  • Stone, harria, eta euskal argin bat lanean
  • Visual arts, eszena eta ikuskizun mundua
  • Ostatua kitchen, gastronomia

Horietan topatu ahal izango dira euskal ohitura eta ofizio tradizionaletatik, baserria eta itsas-ofizioetatik, euskaldunen itsas historiara, euskal produktuetara, sukaldaritza, industria eta egungo berrikuntza munduraino, euskara ere tarteko. Kinku Zinkunegi HABEko 'Euskara Munduan' programako arduradunak oroitarazten digunez, Xabi Paia, Kirmen Uribe, Errukiñe Olaziregi eta Zinkunegi bera arituko dira, euskara, literatura eta bertso tailerrak eta gure hizkuntzaren berri eta praktika ematen, iraganetik gerora, egungo errealitatea, literatura, irakaskuntza eta euskara teknologia berrietan nola erabiltzen dugun erakusten, alor honetan Bilboko Azkue Fundazioa ezinbesteko lagun izango duela.

Hauekin batera Musika eta Dantza Etxea izeneko oihaldenda handia ere zabalik egongo da, eta hor etengabe arituko dira Euskal Herritik zein Estatu Batuetako euskal komunitateetatik etorritako musikari, dantzari, bertsolari eta artista talde eta norbanakoak.

Egitarauak eta xehetasunak plazaratzear, esan dezakegu, esaterako, arituko direla bederen Euskal Herritik, Kepa Junkera eta Sorginak; eta Gatibu, Korrontzi eta Kalakan (eta Aukeran) taldeak. Estatu Batuetatik, Boiseko Amuma Says No taldea (musika) eta Biotzetik Choir (kantua), San Frantzisko Zazpiak Bat-eko eta Bakersfield-eko dantzariak; Bakersfield-eko Klika (banda); Chino-ko Gauden Bat taldea (dantza); Elkoko Great Basin Basque Dancers (dantza) eta Salt Lake City-ko Utah-ko Triskalariak (dantza).

Gastronomia alorrean, Igor Ozamiz eta Gorka Mota chef bizkaitarrak arituko dira, Hasier Acebes eta Rakel Rey sukaldari ikasleekin batera; Eskala txikiko gesaltza bat erakutsiko da eta Alberto Plata eta Edorta Lomaren eskutik euskal gatzaren birtute eta erabilgarritasunak utziko dira agerian. Gauza beretsua, Idiazabal gaztarekin, jatorrizko izendapena bertan, erakutsiz gazta egiteko prozesua eta emaitzak, Felix Goiburu, Mari Carmen Murua eta euren seme Eneko Goibuiru erakusle. Latxa ardiren bat ere izango dute langintza horretan lankide. Bestelako mozkinen artean, Ezpeletako biperrak ere bere lekua izango du, baita Gernikako piperrak eta Tolosakoak ere. Guztien aplikazioak, pintxoak, platerak eta posibilitateak erakutsi eta dastagai eta erosgai ipiniko dira.

Euskaldunek munduko itsas historian izan duten partaidetza ere agertarazi eta aldarrikatuko da, baleen ehiza, aitzindaritza horretan, ontzigintzan, arrantzan eta lur berrien deskubritze eta esplorazioan. Pasaiako Albaolaren eskutik, hogeita sei oineko txalupa baten egitura aurkeztuko dute eta bertan eraikiko, euskaldunen gaitasun eta trebezia honen erakusgarri; Mikel Leoz, Markos Sistiaga eta Ernesto Fernandez honetan guztian lagun. Arrantza alorrean, saregileei ere merezi duten protagonismoa emango zaie, behar hori agerian azalduz, hori egiteko Bermetik joango baita Maria Elena Garate Astragala; arrantzaleen ohiko sukaldaritza ere prestatuko du Ostatua Kitchen oihaldendan. Berrikuntza ere presente egongo da, Tknika-ren bidez, beira-zuntzez eginiko traineruen erakustaldia eta xehetasunak aurkeztuko baitituzte Tknikako Miren Canelladak eta Jon Lasak.

Euskal zinemak ere izango du isla National Mall-en, baina aurreko beroketa hitzorduetan ere prestatu zaizkio emanaldi batzuk Washingtonen, Historia Amerikarraren Museo Nazionaleko Warner Brothers antzokian. maiatzaren 15ean Diasporari lotutako Javi Zubizarretaren 'Zuretzako' eta Emily Lobsenz-en 'Song of the Basques' filmak pantailaratu ondoren, maiatzaren 28an, 14:15etan bigarren saio bati ekingo zaio, Aitor eta Amaia Merinoren  'Asier ETA biok' filma emanez eta 16:00etan forum-a eginez, Mark Bieter euskal-amerikar kazetari eta abokatua koordinatzaile.

Festivalarekin batera hainbat denda, artisautza, oroigarri eta bestelako saltokiak egongo dira egunero zabalik 'Marketplace Shopping'en, Arte eta Industrien Eraikinean, Smithsonian Gazteluaren ondoan. Euskaldunei eskainitako Folklife Festivalarekin batera, Kaliforniari eta bertako musika doinuei eskainitako oihaldenda bat ere egongo da zabalik, eta ondoan musika alorreko tailer eta erakustaldiak egingo dira. Washingtongo 'Taberna del Alabardero' jatetxeak, Lezama abadeari lotua, eta beste jatetxe batzuk ere euskal sukaldaritza janari/edariak zerbitzatuko dituzte. Eta gauza gehiago ere, baina datozen artikuluetarako ere zerbait utzi behar.



Komentarioak

  • Kinku Zinkunegiri

    Artikuluak ez zuen gaia agortu nahi eta datozen egun eta asteetan idatziko dugu gehiago Washingtongo Folklife Festival honi buruz, artikulu zehatzak argitaratuz, esaterako, euskarak bertan izango duen presentziaz. Baina, ados, gehitu diogu zuk aipatutakoa artikuluari. Mila esker, eta emaitza onak ekarri Washingtondik!

    EuskalKultura.com, 2016/05/25 14:16

  • Euskera

    Hizkuntzari buruzko informazioa faltan bota dut. Euskaltegia izango da eta bertan euskara, literatura eta bertso tailerrak izango dira. Xabi Paia, Kirmen Uribe, Kinku Zinkunegi eta Errukine Olaziregiren eskutik.

    J.Fco. Zinkunegi (Donostia), 2016/05/25 12:31

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia