euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hegoaldeko biratik bueltan, kontzertua emango du datorren astean Tandilgo euskal abesbatzak Begoñako Amaren Elizan

2016/12/09

Tandilgo Gure Abestiak korua San Martin de los  Andesko San Jose elizan (argazkia EE)
Tandilgo Gure Abestiak korua San Martin de los Andesko San Jose elizan (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Martin Tumbarino maisua zuzendari, urte bikaina izan du aurten musika koralaren arloan Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxearen ordezkari den Gure Abestiak abesbatzak: azken bi hilabeteetan Euskal Koruen Topaketa antolatu, Argentinako hegoaldean bira bat egin eta Euskal Etxearen urteurren jaian abestu zuen taldeak. Hala ere, eta oraindik entzun ez dutenentzat, beste emanaldi bat geratzen zaio koruari urtea bukatu aurretik. Eguberri Kontzertua abenduaren 17an emango du Tandilgo Begoñako Amaren Elizan.

Tandil, Argentina. Badaude era ugari euskal kultura zabaltzeko. Horietako bat euskaraz abestea da. Euskal etxe batzuetan modu informalean egiten da, topaketa eta jaietan. Beste batzuek, berriz, abesbatza osatu ohi dute euskal etxean, euskal kantuez gozatu eta bertakoei eta batez ere euskal etxetik kanpokoei euskal kantutegiko pieza politenak helarazteko.

Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxe barnean sortutako Gure Abestiak abesbatzak eskarmentu ederra dauka zeregin honetan, eta horren adierazgarri, azken bi hilabeteetan egindako ekintza andana. Esaterako, urriaren 29an Euskal Abesbatzen XIV. Topaketa antolatu zuen taldeak Euskal Etxearen egoitzan. Deialdiak oso erantzun ona izan zuen entzule aldetik eta Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Ikastetxeko gurasoen abesbatzak eta Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxekoak bat egin zuten euren proposamenean tandildarrekin. Antolatzaileen esanetan, “oso aukera ona izan zen musika korala zabaltzeko eta egiten dugun lana eta bakoitzak esku artean daukan materiala trukatzeko”. Euskal koruekin batera Tandilgo Vocal Ecos taldeak ere abestu zuen Topaketan.

Argentina hegoaldean

Azaroko azken asteburuan taldea Patagonia argentinarrera abiatu zen, hilaren 26an lehenengo emanaldia eskaintzeko. Errezitala Junin de los Andesen izan zen, hiriaren Bigarren Mendeurreneko Aretoan, eta Euskal Etxeko abesbatzarekin batera La Platako Sbarra Ospitaleko koruak ere abestu zuen. Kantaldia Junin de los Andeseko Kultur Idazkariak antolatu zuen, Juan Ignacio Martí, Martin Tumbarino eta Pablo David Sivori musika zuzendariak partaide.

Azaroaren 27an San Martin de los Andesen eman zuten kontzertua, bertako San Jose elizan. Kanpoko koru batzuk aritu ziren emanaldian, tartean, berriz ere La Platako Sbarra Ospitalekoa eta Neuquengo Voces del Rocio talde korala. Hiri anfitrioiaren ordezkari, Los Andes abesbatza aurkeztu zen.

Bi kontzertuetan errepertorio elebiduna taularatu zuten euskal kantariek. Beste kantu batzuen artean Kinkirri Kunkurru, Andre Madalen, Jauna Damu Zait, Maitia Nun Zira, Misa Criolla, Memory eta A que florezca mi pueblo kantatu zituzten.

2016a amaituz eta 2017a hasiz

Lan handia egin dute Tandilgo abeslariek azken bolada honetan etxetik kanpo, baina baita euskal etxean ere. Abenduaren 3an Gure Etxearen urteurrena eta Euskararen Eguna ospatzeko tandildarrek antolatu zuten ospakizunean abestu zuen koruak.

2016ko egitaraua ez dute orainik itxi, ordea. Abenduaren 17an Eguberri Kontzertua eskainiko du taldeak Tandilgo Begoñako Amaren Parroki Elizan (Saenz Peña 751) iluntzeko 8etan.

Datorren urteari begira ere badituzte planak. Hiriko Kultur Zuzendaritzan dagozkien kudeaketak egiten ari dira apirilean Misa Criolla eta Navidad Nuestra lanak Teatro del Fuerte antzokian aurkeztu ahal izateko. Zorionak!


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia