euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeak Gizataldeen Pasealekua inauguratu zuen Rio Gallegosen, Patagonian

2011/01/21

Rio Gallegoseko Gizataldeen Pasealekuan jarri zuten plaka oroigarria (argazkia RioGallegosEE)
Rio Gallegoseko Gizataldeen Pasealekuan jarri zuten plaka oroigarria (argazkia RioGallegosEE)
Hegoalde Argentinarra, munduko euskal etxerik australena,osatzen duten euskaldunek indartsu bukatu zuten 2010 urtea, Rio Gallegos hirian Gizataldeei eskainitako pasealeku baten inaugurazioan parte hartuz. Hegoalde Argentinarra omenaldiaren sustatzaileetako bat izan zen eta inaugurazio jaialdian parte hartze nabaria izan zuen: dantza erakustaldiak, gastronomia dastaketa eta euskal liburutegiaren inaugurazioarekin, besteak beste.

Rio Gallegos, Argentina. Patagoniako Santa Cruz probintziako gizataldeek euren omenezko txoko berri bat dute, besteak beste Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeak sustatu duen ekimenari esker. Joan den abenduaren 18an inauguratu zuten Gizataldeen Pasealekua eta bertan lekua dute Santa Cruz probintziako kolektibitateek. Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeak, gainera, parte hartze handia izan zuen inaugurazio ekitaldiko jardueretan.

Ekitaldia ohorezko aurreskuarekin hasi zen, eta ondoren euskal dantza erakustaldia egin zuen Euskal Etxeko dantza taldeak. Dantzariak Santiago Torres Murua, Mailen Baudrix eta Maria Victoria Arizmendi izan ziren, azken hau taldeko zuzendaria ere. Dantza taldearen aurkezpena izan zen eta ikusleek txalo zaparradarekin hartu zuten euren erakustaldia.

Inauguración Paseo Colectividades 2010 (1)

[Euskal etxeko presidentea, Cesar Arizmendi, Hegoalde Argentinarreko dantzariekin: Santiago Torres Murua, Maria Victoria Arizmendi eta Mailen Baudrix (argazkia RioGallegosEE)]

Euskaldunen ondoren beste gizataldeetako taldeek ere erakustaldiak egin zituzten: Comodoro Rivadaviatik etorritako greziar taldea, galiziar gaita joleak, Sociedad Española-ko andaluziar dantzariak eta beste nazioetako hainbat ikuskizun. Jarraian Gizataldeen Pasealekuan izango den plaka desestali zuten eta herrialde bakoitzeko banderak igo zituzten. 

Inauguración Paseo Colectividades 2010 (3)

[Santa Cruzeko Euskal Etxearen presidenteak igo zuen ikurrina Gizataldeen Pasealekuan (argazkia RioGallegosEE)]

“Ekitaldi honekin burutzen dugu urtean zehar gizataldeen kultura zabaldu eta sustatzen lagunduko digun erakundea (Gizataldeen Mahaia) sortzeko ahalegina", azaldu zuen Hegoalde Argentinarreko presidenteak. “Gure elkartetik beti bultzatzen ditugu harremanak beste gizataldeekin eta kirol arloan pala txapelketak bezalako arrakastak izan ditugu, adibidez, eta kultur arloan hezkuntz erakundeen eta giza eskubideen alde eginiko lana. Guzti hau urte bukaera bikaina da eta 2011rako beste ekimen asko ditugu ere".

Inauguración Paseo Colectividades 2010 (2)

[Euskal Herriak protagonismoa izan zuen gastronomia dastaketarekin, dantza erakustaldiekin eta, Gabonak direla eta, argazkiaren ezkerrean agertzen den Patagoniako Olentzero honekin (argazkia RioGallegosEE)]

 

Inauguración Paseo Colectividades 2010 (5)

 [Gizataldeen Pasealekuan, Rio Gallegosen, ikurrinarekin batera (eskubian ageri da) Armenia, Brasil, Txile, Kolonbia, Espainia, Galizia, Grezia eta Errusiako banderak (argazkia RioGallegosEE)]


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia