euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hego eta Ertamerikako Euskal Gizataldeen Eskualde-Bilkura azaroaren 2an egingo da, Argentinan, Mar del Platako Euskal Astearen baitan

2018/07/16

Europa, Asia eta Ozeaniako Euskal Etxeen bilkura Parisen. Irudian Pariseko EEko lehendakari Sebastien Aguerre eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza (arg. EuskalKultura.com)
Europa, Asia eta Ozeaniako Euskal Etxeen bilkura Parisen. Irudian Pariseko EEko lehendakari Sebastien Aguerre eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

2015ean Gasteizen burututako Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu-Batzarrean adostu zen legez, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak eta Eusko Argentinar Bazkun Alkartasuna-FEVAk Hego eta Ertamerikako Euskal Gizataldeen Eskualde-Bilkura egingo dute azaroaren 2an, Mar del Plata kostalde-hiri argentinarrean, 2018ko Euskal Aste Nazionalaren programa barruan. Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien artean, Iñigo Urkullu lehendakaria bera argentinaratuko da, bileran izateko.

Mar del Plata, Argentina. Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Argentina, Brasil, Dominikar Errepublika, Kolonbia, Kuba, El Salvador, Paraguai, Peru, Puerto Rico, Txile, Uruguai eta Venezuela herrialdeetako euskal etxeei bidali zaie elkarretaratzean parte hartzeko gonbitea; helburua, “elkarretaratze anitza sortzea, erakundeek euren proposamenak, lorpenak eta zailtasunak aurkeztu ahal izateko, Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarrari begira”, adierazi du Jaurlaritzak.

Mahai-gaineratuko diren gaiak Mundu-Batzarrean aurkeztuko den oinarri-dokumentura bilduko dira, gainerako bi Eskualde-Bilkuretan –Europa, Asia eta Ozeaniakoan, alde batetik, eta AEB, Kanada, Mexiko eta Saint Pierre et Miquelon-ekoan bestetik– sortzen direnekin batera.

Gogora dezagun aurtengo 2018ko Euskal Argentinar Aste Nazionala urriaren 29tik azaroaren 4ra arte egingo dela, bere 75. urteurrena ere ospatzen ari den Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean.

-Ipar Ameriketako Eskualde-Bilkurako berri, hemen
-Europa. Asia eta Ozeaniako Eskualde-Bilkurako berri, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia