euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hego Ameriketako 32 euskara irakasle ari dira parte hartzen Tandilen 'Euskara Munduan'en barnetegian

2012/01/26

Barnetegian parte hartzen ari diren ikasleak eta irakasleak (argazkia EuskalKultura.com)
Barnetegian parte hartzen ari diren ikasleak eta irakasleak (argazkia EuskalKultura.com)
Urtarrilaren 21ean hasi ziren eta larunbat honetara arte ariko dira lanean Argentinako Tandil herrian Euskara Munduan programaren barnetegian parte hartzen ari diren irakasleak. Argentina, Txile, Uruguai eta Brasilgo hainbat euskal etxetako irakasleak ikasle bihurtu dira egunotan eta euskaran eta irakaskuntzaren metodologian ari dira sakontzen, HABEko Kinku Zinkunegik eta Sabrina Otegui, Gabriel Arce eta Gabriela Mendia argentinarrek eta Dani Oiharbide euskaldunak gidatuta.

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Hego Ameriketako euskal etxeetako euskara irakasleak Tandilen ari dira egiten egunotan 'Euskara Munduan' programaren udako barnetagia (uda da hego hemisferioan). HABEk eta FEVAk antolatu dute barnetegia, Tandileko euskal etxearen laguntzarekin, eta Argentina, Txile, Uruguai eta Brasilgo 32 irakasle ari dira bertan parte hartzen. Irakasle hauek urtean zehar internet bidezko ikasketa programa bat egin dute, Euskal Herritik kudeatuta. Barnetegia programa horretan ikasitakoan sakontzeko eta, bereziki, mintzamena lantzeko aukera ari dira baliatzen. 

Euskara Munduan programaren 8. barnetegi honetako irakasle taldea Sabrina Otegui, Gabriel Arce eta Gabriela Mendia argentinarrek eta Dani Oiarbide Maizpideko irakasleak osatzen dute. Eurekin batera ari da HABEko Kinku Zinkunegi, Euskara Munduan-eko koordinatzaile. Parte-hartzaileak hiru taldetan ari dira, mailaren arabera antolaturik. Horietako bik oraingo honekin izango dute azken barnetegia baina talde batek, 18 lagunek osatua, HABEren lehenengo maila egiaztatzea du helburu eta uztailera arte jarraituko du bere trebakuntza aroa.

"Ikustekoa da talde honetako gehienek lortu duten maila. Hunkigarria, benetan, haien ahalegina eta motibazioari esker, euskararen eremu geografikotik kanpo horrelako komunikagaitasuna lortzea. Beti erraza ez bada ere proiektu honekin aurrera egitea, zenbaitetan izan ditugun eragozpen eta zailtasunak alde batera gelditzen dira eta harrotasuna da gailentzen den sentimentua", aitortu dio Zinkunegik EuskalKultura.com-i.

Euskal etxeari eskerrak

Tandileko Euskal Etxeak egoitza utzi du klaseak emateko, eta otorduak ere bertako "Sukalde" jatetxean ari dira izaten. "Lan handia egin dute honen guztiaren antolaketan eta ezin erosoago gertatzen ari zaigu, haien guztien ahaleginari esker. Eskerrak eman nahi nizkioke bereziki Esteban Kain presidenteari eta batzordeko kideei euskal etxearen baliabide guztiak gure esku jartzeagatik", azpimarratu du Zinkunegik.

Euskal Etxeak urtarrilaren 21ean afari batekin egin zien harrera parte hartzaileei. Bertan ziren, besteak beste, Esteban Kain emaztearekin eta Isidro Legarreta, urte askotan elkarteko lehendakari izandakoa, bere emazte Mari Carmen-ekin.

FEVArekin bilera

Ostiral goizean bilera egingo dute Tandilen FEVAko arduradunek eta HABEko Kinku Zinkunegik aurrera begirako urratsak adosteko eta, batez ere, 2012rako plana ixteko. 2012an, Argentinako 35 bat euskal etxetan emango dira eskolak eta 700 bat ikasle heldu ariko dira euskara ikasten. Lourdes Auzmendik, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Ricardo Basterrak, FEVAko lehendakariak, azaroan Donostian sinatu zuten hitzarmenaren arabera, 6.278 eskola ordu finantziatuko dizkio HABEk FEVAri 2011/12 ikasturtean.

Larunbatean, urtarrilak 28an, amaituko da barnetegia, euskal etxeak antolatu duen afari batekin. Bertan izango dira, besteak beste, Ricardo Basterra, FEVAko lehendakaria, eta Elvira Cortajarena, Eusko Jaurlaritzak Argentinan duen ordezkaria.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia