euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bozak NABOn: Valerie Arrechea San Frantziskoko kaliforniarra da NABOko lehendakari berria

2009/07/27

NABOko lehendakari berria, Valerie Etcharren Arrechea, ostiraleko ekitaldian hitza hartuta (argazkia EuskalKultura.com)
NABOko lehendakari berria, Valerie Etcharren Arrechea, ostiraleko ekitaldian hitza hartuta (argazkia EuskalKultura.com)
Joan den ostiralean egin zuen NABOk Renon bere urteroko Biltzar Nagusia. AEB eta Kanadako berrogei bat euskal etxe biltzen dituen erakunde honek bere lehendakaritza berritu zuen. Orain arteko lehendakariak, Salt Lake City-ko (Utah) Mary Gaztambidek --esana zuen bezala ez zuen bere burua berriz hautatua izateko aurkeztu--, lekukoa pasatu zion Kaliforniako San Frantziskoko Valerie Etcharren Arrecheari, azken hau aklamazioz hautatua izan ondoren, botorik gabe kontra. Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxeko lehendakari Kate Caminok proposatu zuen Arrechea eta idazki bat irakurri zuen haren soslaia emanez. [EuskalKultura.com solasean aritu da lehendakari berriarekin eta bihartik aurrera artikuluak eta bideoak ekarriko ditu aste osoan zehar gai honi buruz zein joan den asteburuan Renon gertatu diren beste zenbait elkarretaratze eta ekimenei buruz]

PUBLIZITATEA

Reno, Nevada, Estatu Batuak. NABOren Biltzar Nagusia Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak egoitza berria duen Mathewson-IGT Knowledge Center eraikin moderno eta teknokogiaz ongi hornituan egin zen, joan den ostiralean goizean. Euskal egoitza hori, hain zuzen, atzo arratsaldean bertan inauguratuko zen ofizialki, zenbait unibertsitate-agintari eta Estatu Batuetako zein Euskal Herritik propio etorritako zenbait  ordezkari partaide (ikus gai honi buruz bihar argitaratuko dugun artikulua).

NABO Biltzar Nagusia, ordea, goizeko zortzi t'erdietatik aurrera egin zen. Berrogei bat dira bertako kide diren euskal etxe eta elkarteak, ia guztiak Estatu Batuetakoak, Kanadako bi ezik: British Columbiako Vancouver-eko 'Zazpiak Ba't; eta Quebec-eko Montrealeko 'Quebec-eko Euskaldunak'. Gai-zerrenda luze batekin mahai gainean, federazioko atal eta sail bakoitzeko arduradunak aurreko Biltzar Nagusitik (Kaliforniako Chinon iazko abuztuan egina) honako euren kudeaketa lanaren balantzea egin eta Biltzarrak onar zezan aurkeztu zuten. Tartean Grace Mainvil-ek, NABOko diruzainak, geroago kargu horretan Biltzarrak aho batez baieztatuko zuen kaliforniarra, aspaldidanik Ontario, Oregon aldian bizi dena, herri horretako euskal etxeko kide. Beste gainerakoena bezala, Grace-n txostenak bildutakoen oniritzia jaso zuen.

NABOko lehendakari berria

Biltzarreko gai-zerrendako azken puntuetakoa zen NABOko lehendakari berriaren hautatzea. Ordura arteko lehendariak, Mary Gaztambidek esana zuen ez zuela bere burua berriz hautatuko. Hautagaitza bakarra aurkeztu zen, San Frantziskoko Valerie Etcharren Arrechearena. Aurkeztu ere Renoko 'Zazpiak Bat' Euskal Etxeko lehendakari Kate Caminok proposatu zuen, haren soslaia eta merituak azalduz. Aklamazioz hautatu zuten, kontrako batere boturik gabe. NABOko lehendakari berria Pierro Etcharren alaba behinena da, 38 urte ditu eta oso ezaguna da Estatu Batuetako euskal etxeen munduan. Izan ere, San Frantziskoko euskal giroan eta euskal etxeen munduaz blai bizi eta hazi izan da. Bere aita, Pierro Etcharren, bestalde, atzo arte izan zen NABOko lehendakariordea --aurretik lehendakaria izan baitzen--, lehendakariordetza lehendakari kargua duenak eskuratzen baitu automatikoki NABOn eta, beraz, atzokoan Mary Gaztambideren eskuetara pasatu zen.

Guillermo Echeniquek Biltzarra bisitatu zuen

Europan Gaztemundu programan parte hartzen ari zen John Ysursa NABOko sustatzaile edo kudeatzaileak arazoak izan zituen Ameriketara itzultzeko hegaldietan eta horrek eragotzi izan zioten bilerarako garaiz egotea, biharamunean iritsi baitzen. Biltzarrak lehendakari berria hautatu eta gero, Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi berriak bisita luzatu zien bildutakoei eta mezua irakurri zien ingelesez Lopez Lehendakariaren izenean, Eusko Jaurlaritzak euskal etxeak eta Diasporan egiten ari den ahalegina sostengatuko duela berretsiz. Hau izan zen, izan ere, NABOrekin, baina oro har euskal etxeekin ofizialki izan duen lehenengo kontaktua. Berarekin zihoan Benan Oregi bere departamenduko teknikaria, Diaspora eta Estatu Batuetako euskaldunak aurretik ezagutzen dituen pertsona.

Guillermo Echenique eta Benan Oregi igande arratsaldean joanak dira San Frantrziskora, bertako Euskal Etxeko ordezkariekin mintzateko. Hortik Boisera joango dira, hor ere bertako euskal etxekoekin eta agintariekin mintzatzeko. San Frantziskon, Julian Celaya Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria bilduko zaie, haue ere teknikari batekin, Andoni Martinekin kasu honetan, doala. Celaya azken momentura arte egon da Euskal Herrian, Gaztemundu programa Gasteizen bukatu den arte. Julian Celayaren kasuan ere, hau da NABOrekin eta euskal etxeekin izango duen lehenengo kontaktua.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia