euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernika gogoan, ohorezko aurreskua, liburu aurkezpen eta hitzaldiak Buenos Airesko Azokako euskal stand-ean

2010/04/28

FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak Gernikako Bonbardaketari buruz hitz egin zuen (argazkia EuskalKultura.com)
FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak Gernikako Bonbardaketari buruz hitz egin zuen (argazkia EuskalKultura.com)
'Bonbardaketaren 73. urteurrenean, bihotza oraindik ere Gernikan' leloarekin gogoratu zuen FEVAk euskal egutegian marka gorria duen data hau Juan de Garay Fundazioarekin partekatzen duen Buenos Airesko Liburu Azokako stand-ean. Gernikarekiko oroitzapena igandean gauzatu zen, urteurrenaren bezperan, dantza eta musika erakustaldi batekin. Azoka maiatzaren 10era arte luzatuko da eta epe honetan euskal gaiei buruzko liburu zerrendatxo bat aurkeztuko da, tartean Juan de Garay Fundazioak argitaratutako “Juan de Garay, el Primer Urbanista del Río de la Plata”, “Don Pedro y Don Juan: Mendoza y Garay", “Humor Vasco”eta “2009 eta 2010ko Udako Euskal Unibertsitateko idazlanak”. Euskal standean kontsulta eta eros daitezkeen liburuak daude: besteak beste, Ekin Euskal Argitaletxekoak. Formakuntza arloan, Jose Franzisko Zinkunegi irakasleak mintzaldi bat eskainiko du heldu den astean Hizkuntza-Irakaskuntzaren XIII. Zikloan.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Urtez urte euskal partaidetza zabalduz doa Argentinako hiriburuan egiten den Liburu Azokan. Pasa den igandean, hain zuzen, euskal ekitaldiek Gernikako bonbardaketa oroitu zuten FEVAren eskutik, Federazioak eta Juan de Garay Fundazioak altxatutako standean. Arratsaldeko bostetan, Buenos Airesko Eusko Ekintzaren Dantza Taldeko Mauro Urangak Aurreskua dantzatu zuen Juan Ignacio Saez eta Marianela Riminiren txistuaren laguntzaz. Ondoren, Aurreskuaren beste bertsio bat ikusi ahal izan zen, baina oraingoan Aitor Alava dantzari.

2010eko Liburu Azoka

[Buenos Airesko Eusko Ekintzaren Dantza Taldeko Mauro Uranga (argazkia EuskalKultura.com)]


Gernikan gertatutako basakerien oroigarri, FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari. “Gernika --Durango, Otxandiano eta Elgeta bezala-- herriska bukoliko bat zen, baina euskaldunentzat ikurra eta bandera ere bazen. Lege zaharren eta euskaldunen eskubideen sorleku eta eredu; eta hizkuntza, kultura eta lurra bera daukatenen herria. Hori dela eta Mola generalak esan zuen: Ezinbestekoa da ideia nazionalari aurre egiten dion herri galdu horretako hiriburua suntsitzea. Baina Haritza eta Arima osorik segitzen dute Gernikan”, adierazi zuen Basterrak

2010eko Liburu Azoka 2

[Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeko zuzendaria, Aitor Alava (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskal liburu berrien aurkezpenak

Gaur, Azokako Javier Villafañe Aretoan eta arratseko 5:30etan, Juan de Garay Fundazioko kideek lau liburu aurkeztuko dituzte: alde batetik, Jorge Bullosa arkitektoaren “Juan de Garay, el Primer Urbanista del Río de la Plata” eta “Don Pedro y Don Juan: Mendoza y Garay"; eta beste alde batetik, Carlos Garaycochearen “Humor Vasco”.

Argentinako Udako Euskal Unibertsitateak ere ikasleen idazlanak aurkeztuko ditu. Enrique Aramburu proiektuaren arduradunak “2009 eta 2010ko Udako Euskal Unibertsitateko idazlanak” liburuei buruz hitz egingo du ekitaldi horretan.

Bestalde, apirilaren 30ean, arratsaldeko 3etatik aurrera “Ellos lo hicieron”en egileak, María del Pilar Uribeondok, bere liburuaren aleak sinatuko ditu euskal standean. Standean aurkitu ahal izango da "El Planeta Azul", Lapridako Lagunen Etxea-ren laguntzarekin argitaratu zen nerabeek egindako liburua.  

Hizkuntza-Irakaskuntzaren XIII. zikloa

Azokaren testuinguruan, HABEko Euskara Munduan programaren arduraduna den Jose Franzisko Zinkunegi irakasleak hitzaldi bat emango du. “Hizkuntza ikasi eta irakatsi. Euskararekin on-line egindako esperientzia” izeneko mintzaldia maiatzaren 5ea izango da, goizeko 10:15ean, Domingo F. Sarmiento Aretoan, pabililoi zurian.

Lotura Interesgarriak

HABE, Helduen Euskalduntze Institutua
www.habe.euskadi.net

FEVA
www.fevaonline.com.ar

Juan de Garay Fundazioa
www.juandegaray.org.ar

Liburu Azokaren Webgunea
www.el-libro.org.ar

 

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia