euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hanburgoko koru batek gonbidaturik, Xabier I. de Arza euskal argentinar maisua Alemanian aurkeztuko bihar

2010/06/30

Xabier Iñaki de Arza Blanco
Xabier Iñaki de Arza Blanco
Xabier Iñaki de Arza Blanco musikari argentinarra familia euskaldun batean jaio zen. Gaztetan hasi zen musika ikasten Buenos Airesko Cervantes kUdal Kontserbatorioan, berehala biolontxelo-jole bihurtzeko. Musikaren beste arlo batzuetan ere murgildu zen Arza, abesbatzen zuzendaritzan esaterako. 2007an 'Asociación Cultural Denak Bat' elkartea sortu zuen Buenos Airesen eta ordutik hona musika tailerrak eta kontzertuak eskaini dizkio euskal kolektibitateari. Zuzentzen dituen abesbatzen artean, “Coral Todos los Santos” da gaur egun bere proiektu nagusia eta eurekin aurkeztuko da bihar, uztailaren 1ean, Alemaniako Hanburgo hirian, 'Hamburger Orathorienchor'ek luzatutako gonbite bati esker. Beethoven-en “Meza Do Maiorrean, op. 86” obra zuzenduko du hiriko St. Michaelis Basilikan.

Hanburgo, Alemania. 20 urte betetzen ditu aurten Xabier Iñaki de Arza Blanco maisuak “Coral todos los Santos” abesbatza zuzentzen. Horren karietara, 'Hamburger Orathorienchor' koral alemaniarrak gonbidatu zituen, korala eta zuzendaria, kontzertu batean parte hartzera Hanburgon. Hitzordua bihar da, uztailaren 1ean, hiriko St. Michaelis Basilikan, arratsaldeko 7etan. Emanaldian, abesbatza argentinarrak eta Hanburgoko Orkestra Sinfonikoak, izen handiko bakarlari batzuekin batera, Ludwig van Beethoven-en “Meza Do Maiorrean, op. 86” aurkeztuko dute Arzaren gidaritzapean.

Xabier Iñaki de Arza Blanco 1963. urtean jaio zen Buenos Airesen. Gurasoak, ostera, Euskal Herrikoak zituen. Aitak, Iñaki de Arza getxoztarrak, 1938an erbesteratu behar izan zuen bere familiarekin 1936ko gerragatik. Argentinara heltzean, ez ziren Artzatarrak bere sorterriaz ahaztu. Antxon Arzak, Xabierren aitonak, Euskal Herriaren aldeko lan handia egin zuen Argentinan; izan ere Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteko sortzaileetako bat izan zen eta bertako lehenengo euskara irakaslea. Xabierren ama zenaren historia ere aitarenaren antzekoa da. Mari Carmen Blanco Irujo --Andres de Irujoren iloba-- Iruñean munduratu zen eta bere senarra izango zena bezala, bere herria utzi behar izan zuen gerragatik. Iñaki eta Mari Carmen 1961. urtean ezkondu ziren eta 6 seme alaba izan zituzten.

Familia euskaldun baten semea

Xabier bikotearen bigarren semea da. Txikitan Buenos Airesko Eusko Ekintza Dantza taldean dantzatu eta Laurak Bat Euskal Etxeko kidea izan zen. Gaztetan biolontxeloa jotzen ikastera sartu zen Buenos Airesko Cervantes Udan Kontserbatorioan, eta ikasketak bukatu ondoren paregabeko karrera artistiko bati eman zion hasiera. Bere lorpen batzuk aipatzearren, esan dezakegu Arza Gazteen Argentinako Orkestra Sinfonikoko kide izan zela eta Lagun Onak Abesbatzako partaide, eta berak sortutako Laurak-Bat hari laukoteak euskal musika klasikoa interpretatu zuela Argentinako hainbat lekutan. Duela hiru urte, proposamen berri batekin hurbildu zitzaien Xabier bere inguruko musikazaleei: 'Asociación Cultural Denak Bat' elkartea fundatzeko proiektua. Tailerrak eta kontzertuak ematen ditu gaur egun elkarteak eta euskal musika hurbiltzen dio Buenos Airesko publikoari.

Oraingoan Alemanian aurkeztuko da bihar maisu euskal argentinarra: “Oso harro egoteko arrazoia da guretzat, euskaldun guztientzat”, adierazi dio Silvina Novo Etchegoin-ek, Asociación Cultural Denak Bat'eko kideak, EuskalKultura.com-i.

Lotura interesgarriak

'Hamburger Orathorienchor'-en webgunea
www.hamburger-oratorienchor.de

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia