euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamarnaka lagun batu dira Guernica eta Picassori buruzko hitzaldia entzutera Arrecifesko Euskal Etxera

2011/05/25

Elena Itceak 'Picasso: Guernica-ren egilearen bizitza eta lana' hitzaldia eskaini zuen Arrecifesen (argazkia EE)
Elena Itceak 'Picasso: Guernica-ren egilearen bizitza eta lana' hitzaldia eskaini zuen Arrecifesen (argazkia EE)
FEVAk euskal etxeei luzatzen dien kultur eskaintzaren barne dago 'Picasso: Guernica-ren egilearen bizitza eta lana' hitzaldia eta programa honen bidez heldu zen Elena Itcea Arrecifesera. Komunitate osoari zuzenduta zegoen ekintza hau oso arrakastatsua suertatu zen eta euskal etxeko kideak ez ezik, herriko zenbait margolari, institutu batzuetako ikasleak, eta hedabideak ere bertaratu ziren Euskaldunak Denak Bat-eko egoitzara euskal herritarrentzat hain garrantzitsua den obraren eta artistaren bizitzan murgiltzera. Hitzaldia bukatuta, hizlariak eta etxeko kideek afaria konpartitu zuten.

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. Interes handia piztu zuen arrecifestarren artean 'Picasso: Guernica-ren egilearen bizitza eta lana' hitzaldiak. Izan ere, Euskal Etxean, publikoz betetako tabernaren eremuan azaldu zuen bere gaia Elena Itceak joan den maiatzaren 20an.

Ekitaldia abiatzeko, Euskaldunak Denak Bat eta aldi berean FEVAko idazkaria den Marta Abarrateguik aurkeztu zuen Itcea irakaslea. Ondoren, hitzaldiari ekin zion Itceak eta Picassoren pintura batzuk aztertzen dituen eta zehatz mehats Guernica koadroan sakontzen duen mintzaldia garatu zuen Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea euskal etxeko ordezkari den Itceak.

Elena Itcea Arrecifesen 2011 01

[Marta Abarrateguik eman zion ongietorria Elena Itceari (argazkia EE)]

Bildutako lagunek, tartean etxeko kideek, margolariek, institutuetako ikasleek eta Arrecifes bertako kazetariek, ondo asko aprobetxatu zuten atsedenaldia hizlariarekin hitz egin eta zalantzak argitzeko. “Azalpenean zehar sortu ziren iruzkinak oso interesgarriak izan ziren. Azpimarratzekoa da hitzaldia oso ona eta ulergarria dela, publiko orokorrarentzat – ez artistentzat soilik – baitago zuzenduta”, adierazi diote euskal etxekoek EuskalKultura.com-i.

Hitzaldia bukatuta, Euskaldunak Denak Bat-eko arduradunek opari bat eskuratu zioten arte irakasleari. Honako lerro hauek baliatuz, Arrecifeseko euskal etxeko kideek eskerrak eman nahi dizkiote FEVA Federazioari hitzaldiak eskaintzeko aukera emateagatik.

Elena Itcea Arrecifesen 2011 02

[Euskaldunak Denak Bat-eko kideak Elena Itcearekin (argazkia EE)]

Dantzak eta euskara Arrecifesen

Mugimendu handiko euskal etxea da Euskaldunak Denak Bat eta anitz dira bertan gauzatzen diren ekintzak. Izan ere, joan den ostiralean Elena Itcearen bisita jaso zuten, baina aurreko asteburuan Maral taldearen bi kontzertu egin ziren euskal etxeko egoitzan, soilik ekitaldi batzuk aipatzearren. Maral-eko musikariek taldearen ohiko errepertorioa eskaini zuten eta bukatzeko eta publikoaren eskaerari erantzunez, euskarazko abestiak kantatu zituzten.

Beste alde batetik, astero ematen dira euskal etxean dantza klaseak. Txikientzako eskolak larunbatetan dira, arratsaldeko 4etatik 5etara. Gazteek, berriz, iluntzeko 5etatik 7etara entseatzen dute. Euskara klaseei dagokienez, 15 egunean behin egiten dira. Oinarriko mailako ikasleak larunbat arratsaldeko 5etatik 7etara elkartzen dira eta aurreratuak 3etatik 5etara, Teresa de Zavaleta irakasle.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia