euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

HABEk euskara klaseak emateko hitzarmena berritu du Bartzelonako Euskal Etxearekin

2011/11/21

Ezkerrean, Bartzelonako Euskal Etxeko lehendakariordea, Sara Galar; eta lehendakaria, Oihane Astui, hitzarmena sinatu ostean eskua ematen Lourdes Auzmendi Hizkuntz Politikarako sailburuordearekin; ondoan Iñaki Uribe, HABEko zuzendaria (argazkia HABE)
Ezkerrean, Bartzelonako Euskal Etxeko lehendakariordea, Sara Galar; eta lehendakaria, Oihane Astui, hitzarmena sinatu ostean eskua ematen Lourdes Auzmendi Hizkuntz Politikarako sailburuordearekin; ondoan Iñaki Uribe, HABEko zuzendaria (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Bartzelonan euskara ikasle dezente dira eta horietako 170 Euskal Etxearen ikastaroetan aritzen dira hizkuntza hobetzen. Iragan astean euskal elkarteko arduradunek HABErekin klase hauek emateko laguntza hitzarmenta berritu egin zuten eta 2011/2012 ikasturtean 2.100 eskola ordu emateko 22.000 eurotako laguntza eskuratuko dute. Hitzarmena sinatzen euskal etxean izan ziren Lurdes Auzmendi, Hizkuntz Politikarako sailburuordea, eta HABEko zuzendaria, Iñaki Uribe. Ondoren, bertako hainbat ikaslerekin elkartu zen Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta haien kezka, jakin-min eta asmoen berri izan zuen.

Bartzelona, Katalunia. Hitzarmen honen bidez jasoko duen laguntzari esker euskal etxeak 2011/2012 ikasturtean euskara eskola presentzialak emango ditu. Horrez gain, BOGA autoikaskuntza zerbitzua ere abian jarriko du euskal etxeak, HABEk eskainiko dizkion baliabideekin. Zerbitzu honi esker, ikasleek internet eta CD bidez ikasi ahal izango dute euskara, nahi duten lekuan eta nahi duten ordutegian. Halaber, euskal etxeetako euskara ikaskuntza sustatzen duen Euskara Munduan programaren barruan, HABEk irakasle-taldearen trebakuntza bere gain hartuko du.

Centre Cultura-Euskal Etxeko ikasleek profil oso desberdinak dituzte. Badira euskal jatorridunak edo euskararekin lotura sentimentala dutenak; beste batzuk, ordea, euskara oso berezia iruditzen zaielako hurbiltzen dira klaseetara. Azken multzo bat euskara ikasten ari diren lagun edo ezagun baten eraginez hasten dira eskoletan.

500 ikasle Bartzelonan

Aipagarria da euskal etxeko klaseetan goi mailetako ikasle kopuruak nabarmen egin duela gora azkenaldian. "Egiaztatze frogak egiten direnetik, goiko mailetako ikasleen kopurua asko igo da, izan ere, hizkuntza eskolan ez dago C maila egiteko aukerarik, eta prozesua bukatu nahi duenak 3. maila Euskal Etxean egin behar du", azaldu du HABEk. Euskara eskolan bi esparru bereizten dira: beheko mailatan ikasle gehienak katalanak dira, eta goiko mailatan euskaldunak.

Bartzelonan 500 ikasletik gora ari dira euskara ikasten, izan Euskal Etxean, unibertsitatetan zein hizkuntza eskoletan. Horietatik % 80 ez dira euskal jatorrikoak eta, katalanak nagusi badira ere, bada besterik, hala nola ekuadortarrak, poloniarrak edo ingelesak.

Euskara Munduan-ek 230.000 euro

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Bartzelonan azaldu zuenez, guztira 230.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak Euskara Munduan programaren baitan nazioartean emango diren euskara eskolak diruz laguntzeko. Auzmendik azpimarratu egin zuen gero eta gehiago direla euskara eta euskal gaiak lantzeko interesa erakutsi duten unibertsitateak eta ikastegiak: “Momentu honetan bertan munduko lau kontinentetako 23 herrialdetako 65 euskal etxetan 2.500 helduk eta 1.500 haurrek baino gehiagok ikasten duten euskara. Gainera, munduko 23 unibertsitatetan euskara ikas daiteke”.

Hitzarmena sinatu ostean, Auzmendi euskal etxeko zenbait euskara ikaslekin elkartu zen eta euren ahalegina goraipatu egin zuen: “Ikaragarri pozgarria da Euskal Herritik kanpo ere euskara ikasi nahi duen jendea dagoela ikustea", esan zien. "Nik ez etsitzera eta euskararen ikaskuntzan aurrera egitera animatu nahi zaituztet”.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia